ATZEKOZ AURRERA. Javier Amezaga. Surflaria

«Jada ezin daiteke esan surflari prototipo jakin bat dagoenik»

Surfak Euskal Herrian izandako bilakaera eta jarduera horren inguruko beste hainbat arlo jaso ditu Amezagak 'Surfing the Basque Country' liburuan, argazki zaharrak eta berriak erabiliz.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
2017ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Surf mundua bizimodu du Javier Amezagak (Bilbo, 1959). Surflaria eta, besteak beste, kirol horren inguruko aldizkari baten sortzaileetako bat da: 3Sesenta. Surfing the Basque Country liburua idatzi du. Bertan, Euskal Herriko kostaldeko jarduera nagusietako bat dena eta horren inguruko alderdi desberdinak erakutsi ditu.

Elkarrekin harremanik ez zuten pertsona batzuek ekarri zuten surfa Euskal Herrira, eta zein bilakaera izan du jarduera horrek?

Hasiera batean, elkarrekin zerikusirik ez zuten pertsonen interes pertsonalak ekarri zuen surfa Euskal Herrira; kasik kasualitatez. Gerora, hainbat gaztek interesa agertu zuten hasierako aitzindari haiek egiten zuten horretan, eta, 1970eko hamarkada aldera, tribuak deitzen ziren surflarien komunitateak eratu ziren hondartza jakin batzuetan. Ez zegoen ia materialik garai hartan, eta kanpotik ekarri behar izaten zuten. Hurrengo belaunaldia gurea litzateke. 1980ko hamarkadan, surfaren lehertzea gertatu zen: aukera berriak zabaldu ziren. Materiala batetik bestera mugitzea errazagoa zen, eta industria oso bat eraiki zen surfaren inguruan. Ordutik aurrera, mugimendu hori hazi besterik ez da egin.

Liburu historikoa da, edo hortik harago doa?

Badu alderdi historiko bat, surfa Euskal Herrian nola sartu zen eta izan duen bilakaera kontatzen duena. Nire helburua, hala ere, ez da izan ikerketa zehatz bat egitea, eta olatu jakin bat noiz eta nork hartu zuen lehendabizi eta halako kontuak argitzea. Garai jakin bakoitzeko giroa islatzea izan da niretzat interesgarriena. Alde horretatik, bada liburu historiko bat, garai bakoitzeko errealitatea islatzen baitu nahiko modu fidelean. Historiaz gain, surfaren inguruko mugimenduak eta horren ertz desberdinek ere badute beren lekua.

Zuk zeuk egin dituzu edizio lanak. Zergatik?

Alde guztietan aurkitu ditut abantailak. Ekonomikoki bere arriskuak ditu, guk jarri behar izan baitugu dirua. Baina, ondo sustatzen baduzu, irabaziak ere zuretzat dira; eta, oraingoz, ondo ari gara saltzen. Horrek batetik bestera mugitzea eskatzen du. Horrez gain, gure sektorea oso ondo ezagutzen dugu, eta lortu dugu nahi izan dugun lekuetara eramatea. Beste arrazoi bat izan da liburuaren edizioaren gaineko kontrola izan nahi nuela. Editorialek zuzendari editorial bati jartzen diote lan hori, eta, lan hori nola egin primeran dakiten arren, agian ezer gutxi dakite surfaren inguruan. Hasieratik, oso argi nuen nolako egitura izan behar zuen liburuak, eta eznuen hori besteen esku utzi nahi.

Kultur eta industria mugimendutzat hartuta, zein dira azken urteetan gertatzen ari diren aldaketa nagusiak surfean?

Hasieran, erdiko klase edo goi klasekoek soilik praktikatzen zuten surfa. Materiala kanpotik ekarri behar zen, eta oso garestia izaten zen. Kanpoko materialaren gisakoa egiten hasi ziren hemengoak orduan, eta hala sortu zen surfaren inguruko industria. Surfa garatzearekin bat, modan jarri zen, eta surf markakoak ziren arropak jantzi nahi zituen jendeak. Enpresa banatzaile asko sortu ziren horren inguruan. Emakumea surf munduan sartu izana ere oso garrantzitsua izan zen; izan ere, hasieran gizonezkoek soilik praktikatzen zuten, beste kontu askotan gertatu bezala. Surflariei dagokienez, oro har, jada ezin daiteke esan surflari prototipo jakin bakar bat dagoenik. Asko hedatu da jarduera, eta edonork egiten du.

Surfa hainbeste hedatu izanak ba al du alde negatiborik?

Argi dago arazoak eragiten dituela. Euskal Herrian gertatzen da olatuak dituzten oso hondartza gutxi ditugula. Surflarien asetasunhandia dago. Gero eta surf eskola gehiago ere badaude, eta badirudi horiei erregulazio bat etorriko zaiela. Espazioarena da arazorik handiena; bestela, alde onak baino ez dizkiot ikusten surfa edonork praktikatu ahal izateari.

Paperezko formatuaren alde egin duzu, eta hala egiten duzu 3Sesenta aldizkarian ere. Ikus-entzunezkoak ez al dio paperari aurrea hartu surf munduaren berri emateko orduan?

Sareko informazioa askoz ere azkarragoa da, eta paperezko euskarria aldatu egin da azken urteetan. Zehazki, iruditzen zait modu honetako liburu batentzat papera euskarri perfektua dela. Sarean jartzeak ez luke zentzurik izango. Paperezko euskarria egokia da lan espezializatuagoentzat, eta liburu hau horren adibide argia da. Dena den, gaur egun, on line munduan dago mugimendu gehien, surfa oso bisuala baita; eta hori errazteko aukera ematen dute, adibidez, zuzeneko emisioek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.