Gasteizen dagoen Alaba Eskibel jauregia euskal kultur ondare izendatuta dago. Hala ere, jabea Tangerko Udala da (Maroko). Gaur egun, hondatuta dago, eta amiltzeko arriskuan, udalak jabe gisa dituen betebeharrak ez betetzeagatik. Hegoa Ibazeta Villa (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1997) arte historialari eta kultura zuzenbidean adituak eraikina desjabetzen hastea proposatu du, Alaba-Eskibel jauregiaren desjabetzeari hasiera ematea Espainiako Zuzenbidetik eta Nazioarteko Zuzenbidetik txostenean.
Nola amaitu zuen Gasteizko erdialdeko eraikin historiko batek Maroko iparraldeko hiri baten jabetzakoa izaten?
1488an eraiki zuten, On Pedro Martinez de Alaba eta Maria Diaz de Eskibel senar-emazteen aginduz. Ondoren, hainbat eskutatik igaro zen, eta 1953tik Tangerko Udalaren jabetzakoa da.
Tangerrek eraikina zaintzeari muzin egin dio aspaldidanik. Gaur egun, Gasteizko jauregia hondatuta eta luizi arriskuan dago, Tangerrek jabe gisa zituen betebeharrak ez betetzeagatik. Desjabetzea da konpondu ahal izateko modu bakarra?
Tangerko Udala eraikina mantentzera behartuta dago, eta ondo kontserbatuta eduki behar du. Azken urteetako utzikeriaren ondorioz, Gasteizko Udalak bederatzi isun hertsatzaile ezarri zizkion Tangerko Udalari, 421.000 euroko zorra metatzeraino. Egoera konplexua da, eta, horregatik, eraikina kontserbatzeko modurik onena da Gasteizko Udalaren jabetzakoa izatea. Beraz, Tangerko udal gobernuarekin transferentzia akordioaren bidea arakatzea komeni da. Hori ezinezkoa balitz, Gasteizko Udalak eraikina desjabetu beharko luke.
Gasteizko Udalak harremana berreskuratu du hiri hartako agintariekin.
Horren informazio publikoa daukat nik; beraz, ez dakit esaten zer hitz egingo zuten. Nire ustez, desjabetze espedientearekin hastea da premiazkoena.
Nola justifikatu desjabetzea?
Euskal ondare kulturala dela azalduta, erortzeko zorian dagoena, gainera. Eraikinarentzat onena da jabetza bertakoena izatea.
Zure tesian argi dago arazo bat dagoela. Txostenean azaldu duzu udalak zer prozesu eraman beharko lukeen aurrera.
Desjabetze espedientearen hasierarekin hasten da prozesua; espedientea abiatzearen eskumena Gasteizko Udalarena da. Bi bide posible hartu ditzake: alde bakarreko desjabetze administratiboa edo bi aldeen arteko akordioa. Desjabetze administratiboari dagokionez, desjabetzea betearazten duten legeen araberakoak izango dira Gasteizko Udalak hori gauzatzeko dituen eskumenak. Lege batzuen arabera, desjabetzearen eskumen esklusiboa izango luke udalak; beste batzuen arabera, berriz, ministro agindu bat beharko luke. Dena den, Tangerko Udalak ez luke desjabetzeari uko egiteko immunitaterik izango Espainiako auzitegietan.
Baina ba al dago akordio bat egiteko aukerarik?
Bai. Alde batetik, udal hauek estatu ezberdinetakoak direnez, eta jabetzarekin eta herri ogasunarekin zerikusia duen akordio bat denez, nazioarteko itun bat behar da. Beraz, kasuaren arabera, Gasteizko Udalak [Espainiako] Gorte Orokorren edo Gobernuaren onespena beharko luke.
Prozesua hala gauzatuko balitz, Tangerko Udalak kalte ordainik jasoko luke?
Bai, jauregia kentzeagatik. Kalte ordain hori konpentsazio egokia eta partziala izango litzateke, jauregiaren balio osoari ez dagokiona. Hain zuzen ere, kalte ordainaren prezioa jaitsiko litzateke, jauregia euskal ondarea izateagatik.
Alaba Eskibel jauregiarena ez da kanpo administrazio edo pribatu batek eraikinaren jabetza duen eta egoera txarrean mantentzen duen kasu bakarra, ezta?
Ez. Gasteizko Alfaro Fournier etxea ere egoera kaskarrean dago, adibidez. Atzerriko jabetza edo jabetza pribatua badu, eta jabeak ez badu eraikina ondo zaintzen, kentzea da onena.
LOTSaBAKO
Hurrengo ikerketa?
Gernika herria, Picassoren margolana, eta omenaldiak euskal ondare kultural izendatzea.Kultur ondarea mantentzeko behar da...
Interesa eta borondatea.