«Izugarriko zoriona ukan dut nire bizi dohakabean»

Euskal Kultur Erakundeko ikurrak erretreta hartuko du datorren abendu honetan. Bere bizipenez, nahiez, penez eta beldurrez hitz egiteko unea etorri zaio.

Xan Aire.
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Ez da gehiago zurrumurrua, egia baizik: Daniel Landartek (1946, Donoztiri, Baxenabarre) Euskal Kultur Erakundeko (EKE) zuzendariorde kargua abenduan utziko du, «ximiko batekin», bertan hogei urte iraganik. Azken urte honetan denbora erdiz aritu da lanean, geroa nolazpait hobeki prestatzeko. Biziari behako bat ematearekin batera, liburu proiektuak abiatzeko, bakartasunari aurre egiteko ere bai. Sukarra eta pultsua egunero neurtzen segituz.

EKEko lan hori zer da, edo zer zen, pertsonalki, zuretzat?

Lehenik izan da elkarteekin egotea, horiek laguntzea. EKE sortu zenean, Ipar Euskal Herriko 136 herrik onartu zuten diruz laguntzea. Eta hogei urtez egin diren urratsak iraunkorrak bilakatu dira. Gure herrian kemena behar da. Euskal kultura barnetik gozatzen dut, eta hori da niretzat atseginik handiena. Nahiz eta diruak ez dituen harremanak beti errazten. Hori behar da, ordea, garapena segurtatzeko. Artistek eskubide osoa dute ogibidea beren obratik ateratzeko. Bertsolari batzuen kasua da.

Zuk zer harreman daukazu diruarekin?

Biziki txarra ! Biziki sinpleki bizi naiz, bizitzekoa badut. Ez dut maitalerik entretenitzen... Oporretara guti joaten naiz, beti eritzen naizelako. Bakarrik bizi naiz... Ez naiz inorekin kexatzen... Neure buruarekin salbu, batzuetan !

Etxeko goxotasun hori idazteko baliatzen duzu? Aspaldi ez duzu obrarik plazaratu...

Aihen Ahula liburuaren segidaren prestatzen ari naiz. Hori aspaldi amesten nuen... Heldu den urtean publikatu nahi nuke. Iparraldeko euskal antzerkiaren historiaz ere lan bat hasia dut. Antzezlanak izutzen nau. Zahartua naizela sentitzen dut. Zerbait berri idaztea zaila zait. Zaharkeria bat aterako dudan beldur naiz. Hobe dut deus ez idaztea gauza desegokia egitea baino.

Larzabalen gisa, antzerki idazle klasikoa bilakatu zarela erran daiteke?

Bai, nonbait, hori da. Nire plazera litzateke taula zuzendari profesional batek nire lan bat hartzea. Orain arte amateur taldeetan kokatu naiz. Nihaur ere hogei urtez hala ibili naiz. Antzerkia ez dut ikasi, sentitzen nuen bezala eraman dut.

Antzerkiaren modernotasuna eta profesionalizazioa hain garrantzitsua da?

Ez da dudarik. Erakundean ere nahikeria hau da: kultura goiti altxatzea. Gure kultura lehenagoko gauza eder baten gisa atxikitzea da arriskua. Gure betebeharra da euskal kultura bizi dela erakustea. Sorkuntzak gaitu salbatuko. Mundu amateurrak iraunarazi dio euskal kulturari, baina profesionalek beste indar bat ematen digute. Aniztasun horrek eginen du publiko zabalagoa hunkituko dugula, gainera.

Irautea aipatuz, 64 urtetan hartuko duzu erretreta. Frantziako Gobernuari arrazoi ematen diozu...

Bizi guzia eri izana naiz. Inprimerian egon banintz, bistan da erretreta aspaldi hartua izanen nuela. Kulturan, burua akitzen duzu, gorputza ez, ordea. 64 urtetan, oraindik gaztea zara, eta nik burua alharazi behar dut ! Bestalde, ez dut haurren haurrik altxatu behar...

Pena duzu haurrik ez ukanik?

Bai... Aitortu behar dut sorkuntzarik ederrena, sinpleena baina miresgarriena haurrak ukaitea dela. Urteetan ez dut gauza horri pentsatu. Baina 50 urtetara helduz geroztik anitzetan gogoan dut hori.

'Aihen Ahula' liburuan hainbeste aipatzen duzun aitari zer erranen zenioke?

Behar ukan dudala nire adin honetara heldu bera nolakoa zen konprenitzeko. Liburuaren segidan, lehen parte hura, Laborari Seme, berriz idatzi dut, istorio berak atxikiz. Lehen bertsioan, aitak gizon bortitzaren itxura zuen. Baina ez zen beste bat baino bortitzagoa, lehengo jendea zen hala. Jakingabean, ordea, aitari anitz zor diot. Alde bat kantuz ari zen, eta dantza biziki gustatzen zitzaion. Ez dakigu hizkuntza baten, kultura baten amodioa noiz sortzen zaigun gure baitan. Aitari eta amatxiri zor diet nik. Gaur, aitari zer erranen nioke? Hark ez nauela konprenitu... Ni laborari izatea nahi zuen, nik gusturik ez nuen. Azkenean, osagarri txarrak nonbait salbatu nau.

Baina zu, zure biziaz harro zara ?

Ikusiz 14 urteetan aprendiz txar bat nintzela, ikaragarriko suertea izan dudala erranen nuke. Ni baino jende eskolatuagoa gurutzatzeko zoriona ukan dut. Horiekin ikasteko... Deusetatik abiatuz jakintsuekin adiskide izatea... Izugarriko zoriona ukan dut nire bizi dohakabean. Baina pena dut hain irregularra izan bainaiz. Hogei urtez jo eta ke aritu naiz, ondotik alimaleko zuloa ukanez. Alde horretatik ez naiz diziplinatua. Eritasunaren beldurra ere badut, beti bezala ! Egunero sukarra hartzen dut, pultsua bospasei aldiz neurtzen. Jendeak irri egiten du hori jakitean... Lehenago otoitz egiten zen supituki ez hiltzeko. Jainkoaren aitzinean ez zen bekatuak garbitu gabe agertu nahi. Nik supituki joan nahi nuke. Lana uztean, bakartasunaren beldurra ere badut. Bakartia naiz, baina jende batzuk ikusi behar ditut. Neurri batean, hala ere. Joan den astean bezala, Amuriza eta Peñagarikanorekin afaltzea, Artze poetarekin egotea... Berotzen nauen jendearekin egon behar dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.