Izoztutako garaiak gogora

1950 eta 1970eko hamarkaden artean, ehunka bidaia egin zituzten euskal arrantzaleek Ternuara, bakailao bila. Baldintza pentsaezinetan lan egin zuten urte luzez. Jose Vila, Juan Mari Benito eta Manu Perez arrantzale ohiak jarduera gogor horren lekuko zuzenak izan ziren.

Garai oparoetan bakailao tonak arrantzatzen zituzten arrantzaleek; aldiko 300 bat tona, erraz. BERRIA.
Nagore Etxeberria.
Pasaia
2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun

Basakeria bat izan zen. Denbora aurrera doan heinean, gero eta gehiago harritzen nau nola izan ginen gauza abentura hura aurrera eramateko», aitortu du Juan Mari Benito arrantzale ohiak (Donostia, 1933). Izan ere, ez zen makala izan euskal arrantzaleek Ternuan egindakoa.

1950eko, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, makina bat aldiz zeharkatu zuten Ozeano Atlantikoa, Ternuara iritsi eta bakailao tonak arrantzatzeko. «Urtean hiru bidaia ere egin izan nituen, eta, denera, 2.400 tona bakailao ekarri», kontatu du Benitok.

Hamazazpi urtez jardun zuen Benitok itsasoan lanean, 1954tik 1971ra. 20 urte bete berriak zituela egin zuen lehen bidaia. «Oso gogorra izan zen, 135 egun genituen itsasoan, portura joan gabe», gogoratu du. Bigarren bidaia itsasontziko kapitain modura egin zuen, 23 urte baino ez zituela. Hasiera baino ez zen izan. 1956tik aurrera beste mordoxka bat aldiz zeharkatu baitzuen itsasoa; «50 bat aldiz, gutxienez».

Jose Vila (Pasai San Pedro, Gipuzkoa, 1931) bi urte lehenago murgildu zen abentura horretan. Eta Benito ez bezala, itsasoan eman zituen bere azken lan orduak, erretiroa hartu zuen arte, 1992an. 40 urte luze horietan, ehundik gora bider bisitatu zuen Kanadako kostaldea. «Zenbat bidaia? Kontua galdua dut. Lehen bidaia soldadutza amaitu berritan egin nuen, 22 urte betetzear nituela. Hasieran, txalupak oso txikiak zirenez, hiruzpalau bidaia egiten genituen urtean. 40 urtean, ehundik gora bidaia egingo nituen, esajeratu gabe».

Benitok gogoratu du gero gauzak aldatu egin zirela: «Gerora, ontzi jabeei beste ideia bat bururatu zitzaien: merkantzia itsasontzi bat bidaltzen zuten kargaren bila, gu arrantzan gera gintezen. 200 tona inguru arrantzatzean, beraz, Saint Pierreko portura joaten ginen, eta Al Capone gangsterraren biltegian uzten genuen arrantzatutakoa, botilaz jositako biltegi batean. Aduanarik gabeko portua zen hura, eta han biltzen zuen Al Caponek Europatik eramandako kontrabando guztia».

Bizimodu gogorra

Denbora asko igarotzen zuten arrantzaleek itsasoan. Vilak aitortu du gogorra zela lanbidea, baina emaztea, hiru seme eta alaba zituen lehorrean zain, eta haiei jatekorik eta dirurik ez faltatzea zen bere ardura; beraz, aitortu du «oso gustura» aritu zela itsasoan.

Benitok ere berretsi du Vilak esandakoa, eta gaineratu du: «Beharbada jendea ez da jabetzen lanbide horren zailtasunaz. Izan ere, gogortasun ugari daude: nagusiki, familiaren falta, baina ez da bakarra; gehiago daude: eguraldi txarra, leku itxi batean eta itsasoaren erdian 24 orduz egon beharra, gaizki janda, garbitu gabe, lan gogorrak egiten...».

Manu Perezek ere (Pasaia, Gipuzkoa, 1963) ez dio kontrakorik: «Gogorra zen, baina aurreko garaietako arrantzaleak nola ibili ziren alderatuz... Gainera, hori zen nahi nuena. Nabigatzeko beste aukera batzuk zeuden, baina bakailao arrantzak ematen zuen diru gehien, eta horretan hastea erabaki nuen».

1987an egin zuen lehen itsasaldia Perezek, 24 urterekin. Perez Ternuara iritsi zenerako, baina, bakailao arrantzaren garai oparoak iraganeko kontuak ziren. 1950etik 1970eko garaia izan zen bakailao arrantzaren urrezko aroa. 1970eko hamarkadaren amaieran, bakailao arrantzaren inguruko neurriak hartzea erabaki zuen Kanadak, bakailao espeziea galtzeko arriskuaz ohartuta.

Benitori ere bi garai bereiztea gustatzen zaio: «1960ko hamarkadaren hasiera arte, ontziak ez zeuden prestatuak. Irlanda inguruan arrantzarako ibilitako ontziak ziren. Bakailaoaren arrantzak dirua ematen zuela jakitean, Ternuara bidaiak antolatzen hasi ziren, ontzi berberekin. Eta Ternuako baldintzak askoz ere gogorragoak ziren. Hasierako garai horiek ikaragarriak izan ziren. Azken urteetan, gauzak asko aldatu ziren, ordea: ontziak handiagoak ziren, eta prestatuagoak zeuden, nabigatzeko aparatuak hobeak ziren...».

Itsasontzietan eta lan baldintzetan hobekuntzak egon ziren, baina giroko eta itsasoaren ezaugarriak berberak ziren. «Ternua inguruko itsasoa munduko arriskutsuena dela esaten da», gogoratu du Benitok. Eta Perezek gaineratu du: «Urteko garai guztietan dago zerbait: irailetik aurrera, eguraldi txarra eta denboraleak; gero, izotz garaiak; gero, behe-laino garaiak, eta, azkenik, zikloiak». Behe lainoa «beldurgarria» izaten zela gogoratu dute hirurek. «Ez zen ezer ikusten, eta, hasieran, radarrik gabe lan egiten genuen. 1963an jarri zuten lehena, eta ontzi bakar batean. Beti bi ontzi joaten ginen lanera», gogoratu du Benitok.

Tenperaturak ere ez ziren makalak. «Neguan, zero azpitik 25 gradu ere egiten zuen. Maiz, 03:00etan jaiki behar izaten genuen, izotza kentzera; gainerakoan, itsasontziak pisua hartzen zuen, eta iraultzeko arriskua zegoen», zehaztu du Vilak.

Emazterik gabe, akabo

Perezek aitortu du «egoera oso konplikatuak» bizi izan dituztela, eta noizbait «beldurra» pasatu izan zuela, baina gustura dago egindakoaz: «Ontzian gindoazen guztiek bagenekien zer egin behar zen, eta gauzak ongi egin genituela uste dut». Eta Benitok gehitu du: «Han ibili ginenok balentria handia, erabakitzeko ahalmena eta sakrifikatzeko prestasuna erakutsi genituen».

Baldintza fisikoak eta girokoak salbu, familiarengandik urrun egotera ohitu beharra da hirurei gehien kosta zaiena. Perezek onartu du «zortea» izan zuela, etxera maizago deitzeko aukera zuelako: «Lehen, bi hilabete egoten ziren senideen berririk gabe».

Istorio honetan, maiz ahanzturan geratzen diren emazteak gogora ekarri nahi izan dituzte hirurek. Perezek onartu du: «Arrantzaleen emazteek sufritu dute gehien egoera hori. Emazteei lehorrean uzten diegun egoera izugarria da: dena haien esku geratzen da. Arrantzaleek duten gauzarik handiena: etxean geratzen den emaztea». Vila eta Benito ere erabat ados daude esandakoarekin. Benito: «Emazterik gabe, ez ginen deus. Haiek ziren gure zutarria. Txalotzekoa da haiek erakutsi duten adorea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.