Izotz artetik, bizitzara

Mamuta Siberiara itzularazteko proiektua aurkeztu du Colossal konpainiak. Elefante asiarraren eta mamut iletsuaren arteko nahasketa litzateke, eta ikertzaileek esan dute haien bidez sor dezaketela duela 10.000 urteko tundraren antzeko ekosistema.

Yuka, aurreko hamarkadan Siberian (Errusia) hormaturik aurkitu zuten mamuta. KIYOSHI OTA / EFE.
Iker Tubia.
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Mundutik desagertu eta 4.000 urtera, mamut iletsuek Siberiako tundran ager daitezkeela jakinarazi du Colossal konpainiak. Jurassic Park filmean dinosauroak nola, genetika ezagutzak erabilita mamut iletsuak sortzeko gai direla azaldu dute George Church eta Ben Lamm zientzialariek. Horretarako, mamut iletsuaren 60 gene berezi erabiliko dituzte. Proiektuaren bultzatzaileek esan dute teknika hori baliagarria izan daitekeela galzorian diren espezieak salbatzeko, baita klima aldaketari aurre egiteko ere.

Enpresak esana du sei urtean gai izanen liratekeela lehen kumeak izateko. Dena den, proiektuak aurrera eginen balu, ez da garai bateko mamut iletsua izanen Siberian biziko litzatekeena. Ez erabat, behinik behin. «Argi dugu mamutaren eta elefante asiarraren arteko hibrido bat izanen dela, mamut iletsuaren fenotipoak agertuko dituena», azaldu du Lammek. Churchekin batera, Colossaleko sortzailea da bera.

Mamutaren 60 gene berezi txertatuko dituzte asiar elefantearen genoman, hotzera hobeki egokitu dadin. Gene horiek txertatuta, aldaketa fenotipikoak eraginen lizkiokete elefanteari: gizendu, ilea luzatu eta sebo guruinak garatu; gisa horretan izanen luke ere ganga formako burezurra, belarri eta buztan motzagoak, eta hotzari egokitutako hemoglobina, O2a eraginkorrago transferitzeko. «Horrela, Artikoko tundran ibiltzeko gai izanen da; bere arbasoen inguruan, alegia».

Hori CRISPR Errepikapen Palindromiko Labur Elkartuak eta Erregularki Tartekatuak eta genomaren ingeniaritza teknologiaren beste teknika batzukerabiliz eginen dute. Ainara Castellanos EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia departamentuko irakasleak azaldu du zertan datzan CRISPR teknologia: «Zuk aukeratzen duzu genomaren zati bat, artazi molekular batzuekin mozten duzu, eta aldatu dezakezu beste batekin. Kasu honetan, nahi dute elefantearen genoman gene batzuk kendu, eta beste batzuk sartu».

Bizitza sortzeko bidea

Lammek kontatu du Asiako elefantearen genomaren ediziotik animalia horren zelula bat aterako dutela, mamut iletsuak hotzari aurre egiteko dituen gaitasunak adierazten dituena. Zelula horiekenbrioi bihurtuko dira SCNT Zelula Somatikoen Transferentzia Nuklearra teknika erabiliz. Asiako elefante baten obuluarinukleoa erauzi ondoren mamutaren antzeko zelularen nukleoa txertatuko liokete. Ernalketa simulatzen duten pultsu elektrikoak aplikatuz, obulua zatitzen eta hazten hasiko litzateke, eta enbrioi bilakatu.

Ez da sinplea mamut hibrido horiek sortzea. Horretaz ohartuak dira Colossaleko zientzialariak. Subrogatze bideak aztertzen ari direla esan du Lammek. Izan ere, Asiako edo Afrikako elefante baten bidez egitea «aukera bideragarria» da mamut iletsuaren enbrioiarentzat, baina horrek arazoak dakartzala ere onartu du: «Ordezko elefanteen bidez mamut iletsu saldo bat hazteak presio handia eraginen luke gaur egungo elefante populazioengan. Kontuan izan behar dugu elefanteak galtzeko arriskuan daudela gaur egun». Horregatik, umetoki artifizialak sortzeko lanean ari direla kontatu du, ama zelulekin sortutako ehuna erabiliz. Lammek dio modu horretan gai izanen liratekeela enbrioia in vitro erabat hazteko. Kontuan izan behar da elefanteen ernaldiak 18 eta 22 hilabete artean irauten duela, eta fetuak 90 kilo pisatzen duela.

Mamut horien bizilekuan ere pentsatu du Colossal konpainiak. Pleistozenoko parkeko Sergey eta Nikita Zimov zientzialariekin lanean ari dira horretarako. Siberiako iparraldean dagoen gune itxia da parke hori, eta han utzi nahi dituzte mamutak. «Uste dugu gure lanari esker aberastuko dugula hondatutako ekosistema, eta duela 10.000 urteko tundraren antzekoa lortu», azaldu du Lammek. Hark azaldu duenez, mamut iletsua «funtsezko espeziea» zen tundra hartan, eta animalia hura desagertu izanak «hutsune ekologiko bat» utzi zuen, gaur-gaurkoz ez dena bete. «Gaur egun, Artikokoa emankortasun gutxiko eta bioaniztasun eskaseko paisaia da».

Baina, zertarako berpiztu duela hainbeste urte galdutako animalia espezie bat? Lammek bere konpainiaren erantzuna eman du: «Mamuta berreskuratuz aurrerapenak eginen ditugu kontserbazio genetikoan, populazio genetiken dinamiketan, DNA edizioaren zehaztasunean, ugalketarako zelula ingeniaritzan, eta aukera berriak eskainiko dizkiegu gizakien esku hartze suntsitzailearengatik patu zehatz bat duten espezieei». Izan ere, haien teknikak erabiliz, galtzeko arriskuan diren espeziak babesteko eta irauteko aukera izanen dela uste du Lammek.

Bestelako aurrerapenak

Zientzialari askok mesfidantzaz begiratu diote proiektuari, eta hala agertu dute sarean. Castellanosek ere zalantzak ditu. Hori egiteko metodologia badagoela dio, baina ez du argi hori eginen ote duten azkenean. «Iruditzen zait genetikari baten azken ametsa dela, animalia desagertu bat bizitzara ekartzea, Frankenstein bezala». Klima aldaketa leuntzeko metodo gisa ere ez du batere argi: «Aldagai asko daude tartean hori esateko. Ez dakite zehazki zer aterako den».

Hala ere, garatutako teknologiak eta jakintzak erabilgarriak izan daitezkeela onartu du Castellanosek; metodologia berriak edo horien aplikazio berriak lortuko dituzte, seguruenik, ikerketen bidez. «Agian, galdutako animaliekin ez, baina galtzear diren animaliak salbatzeko erabil daiteke; adibidez, animalia batzuk infekzio batekiko sentiberak balira eta gene hori aldatu balekieke, lortu liteke animalia hori ez galtzea». Hala ere, Colossalek planteatzen duena Jurassic Park dela esan du: «Ez dut uste lortuko dutenik, baina diru asko inbertitu dute proiektu horretan, eta gogotsu ikusten zaie».

Genetikaren munduan ere berrikuntzak izaten dira etengabe. Horrelako ikerketek ekartzen ahal dute teknikak hobetzeko aukerarik, edo gauza bera merkeago eta agudoago egiteko modua. CRISPR teknika gehiago garatzea ekar dezake, adibidez. Beste afera batzuetan ere egin ditzake ekarpenak: utero artifizialak, adibidez. «Lagungarria izan daiteke kasu batzuetan: pentsa amak gaixotasun bat duela eta umeak azken momentuan utero sintetiko bat behar duela; inkubagailu antzekoa litzateke, baina zelula amekin eginda denez, bizia da», pentsatu du Castellanosek.

Arazo etikoak tarteko

Baina, zalantzarik gabe, etika da Colossalen proiektua gehien baldintzatu dezakeen afera. Hor agertu dituzte zalantzarik handienak zientzialari askok. Tori Herridge eboluzio biologian doktoreak Twitterren azaldu du Colossalek aholkulari gisa nahi izan zuela. Zalantzak agertu ditu sarean: «Gehienentzat etika aferek zehazten dute zer eta nola ikertzen dugun». Garrantzitsutzat jo du zenbait galderari erantzutea: «Nori eraginen dio? Nori eginen dio onura? Nori kalte? Zein izanen dira kalteak?».

Antzeko bidetik jo du Castellanosek: «Ebaluatu beharko litzateke animalia bat bizitzara ekartzea etikoa den, ez baitakigu benetan nolakoa izango den, eta, gainera, desagertu bazen, izango zen ez zuelako bizitzerik». Ez hori bakarrik: «Utero sintetikoa erabiltzen bada, animalia hauek ez dute amarik; eta kumeek lotura hori behar dute». Argi dago oraindik zalantzak direla nagusi. Erronka bota du Colossalek. Ikusi beharko da Pleistozenoko parkea Jurassic Park filmaren benetako bertsio bihurtzerik izanen duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.