Iker Markinezek izokina oinarri hartuta prestatu du aste honetako errezeta.
Izokina, lau puska Dozena bat orburu fresko Baratxuri freskoa, sorta bat Cherry tomateak Gatza Oliba olioa Limoi bat Ziapea Piperbeltz hautsa Irina (orburuak prestatzeko)
Lehenik, orburuak prestatuko ditugu; horretarako, bota ura lapiko handi batera erdia bete arte, gehitu bi koilarakada irin, eta ondo nahastu. Bota gatz pitin bat, eta sutan jarri irakin arte. Bitartean, zuritu orburuak txortena moztu gabe. Moztu orburuaren punta, pare bat zentimetro zabal. Ondoren, sartu lapikoan ura irakiten ari dela, eta utzi bertan hogei bat minutuz. Lapikoan bertan gorde. Nahi izanez gero, orburuak bezperan ere egin daitezke. Behin orburuak hozten direnean, uretatik atera, ura ongi kendu, erditik moztu eta gorde plater batean.
Kendu iletxoak baratxuri freskoei, eta zuritu, porruak garbitzen diren modu berean. Moztu erditik. Jarri lapiko txiki batean, eta estali oliba olioz. Su oso motelean konfitatuko ditugu ordu erdiz. Sua ahalik eta apalen jarri.
Jarri hiru koilarakada olio konfitatu erretilu txiki batean, bota limoi erdi baten zukua, gehitu ziape koilarakada txiki bat, eta ondo nahastu dena. Ozpin-olio hori gerorako gorde.
Plantxa edo zartagin zabal bat sutan jarri, eta ondo berotu, su bizian. Ondo berotuta dagoenean, jarri izokina. Baina adi, ez gehitu batere oliorik, izokinak berak badu nahikoa koipe. Gainean gatz pitin bat bota, eta baita piperbeltz hautsa ere. Gutxi gorabehera lau minutu igaro ondoren, buelta eman. Gehitu gatza eta piperbeltz hautsa berriz. Jarraian, jarri erditik moztuta dauzkagun orburuak plantxan, izokinaren bueltan, berotu daitezen. Cherry tomateak ere bota, osorik. Beste lauzpabost minuturen buruan, atera platerera.
Platerean, jarri orburuak izokinaren inguruan, eta baita txomatetxoak ere. Azkenik, jarri baratxuri fresko konfitatuak izokinaren gainean. Bizigarri gisa, busti pixka bat prestatu dugun ozpin-olioarekin.