Bilboko Aste Nagusia

Izerdi konpartsetan

BSR Bidaideak Bilboko gurpil aulkiko saskibaloi taldeak jokatu du konpartsen arteko saskibaloi lehiaketako lehen partida.Lehia sanoa izan dela azaldu dute partaideek, eta giro ona nabarmendu

Konpartsek atzo antolatutako saskibaloi txapelketako irudi bat. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Nerea Ibarzabal
Bilbo
2014ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Saskibaloi kantxa bilakatu zen Erripako nasa atzo. Bilboko konpartsek bigarrenez antolatu dute aurten 3x3ko saskibaloi txapelketa, eta hainbat konpartsakide bildu ziren, euren nikien koloreak inoiz baino sutsuago defendatuz. Bat-batean saskibaloi talde ezagunen izenak ziruditen Aixeberrik, Askapeñak, Pinpilinpauxak... Baziren, hala ere, benetako jokalari profesionalak ere horien guztien artean: BSR Bidaideak, Bilboko gurpil aulkiko saskibaloi taldea gonbidatu baitzuten atzoko jokora.

Erakustaldi labur baten ostean, BSRko jokalariei egokitu zitzaien lehenengo partida jokatzea, Bilboko jai batzorde mistoaren aurka. Bilboko Konpartsetako kideak eta zenbait zinegotzik, gurpil aulkian jarrita, ahal zuten moduan saskiratu behar izan zuten baloia. «Modu honetako ekintza ezberdinak bermatzeak on egiten digu. Askok Aste Nagusia alkoholarekin lotzen dute soilik, eta kirola bultzatzea garrantzitsua da», adierazi zuen Iker Martinek, Bilboko Konpartsetako kideak.

Lehia sanoa

Itxaron egin behar izan zuten gainerako konpartsakideek. Libre zeuden saskietan ibili ziren zenbait lagun, batzuk bi hanken gainean, eta gurpil aulkien gainean ere saiatu ziren asko. Adar jotzerik eta ziririk ez zen falta izan. Sara Perez Aixeberri konpartsako «kapitaina» saskibaloi jantzi eta guzti agertu zen. «Iaz tutua jantzita etorri nahi izan genuen, baina jendeak hau nahiko serio hartzen duela ohartu ginen gero... eta orduan gu ere berdin, badaezpada», azaldu zuen umoretsu.

Aurtengo pregoilaria euren kapitaina izateak ilusioa egin zion Alex Mendiluzeri, BSRko jokalariari, baina atzoko txapelketa ere berezia iruditu zitzaion: «Modu honetan jendeak ezagutu egiten gaitu, eta, agian, gero kirol aretora etorri nahiko dute gu ikustera. Poza ematen du aretoa beteta ikusteak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.