Radiohead taldearen Everything In Its Right Place abestiaren melodiak irudiak bustitzen dituen bitartean, adineko gizonezko bat agertuko da ispiluari begira; lanera doa, etxe orratz bateko garbitzailea da. Minutuek aurrera egin ahala, egiten dituen ekintzengatik eta mugitzeko duen moduagatik, jarrera susmagarria duela ohartuko da ikuslea. Bost minutu inguru irauten duen sekuentzia hori tiroketa batekin amaituko da. Gizon zahar hori mozorrotuta dago; The Jackal deitzen dioten hiltzaile gupidagabea da, eta eraikin horretan hainbat pertsona hil ditu.
Telesailaren lehen une horiek nahikoak izango dira kontakizun osoaren tonua eta asmoak identifikatzeko; lehenengo atala gustuko duenak gozatuko du, berdintsu jarraituko baitute gainerakoek ere.
Frederick Forsyth idazle britainiarrak The Day of the Jackal eleberria argitaratu zuen 1971n. Bi urte geroago, Fred Zinnemannek zinemarako moldaketa egin eta izen bereko pelikula estreinatu zuen; 1997an Bruce Willis eta Richard Gere protagonista zituen The Jackal filma ere iritsi zen. Forsythen istorioa oinarri hartuta, pantaila txikira egin dute jauzi oraingoan, eta Sky Studiosek The Day of the Jackal telesaila sortu du, hamar atalez osatua.
Eddie Redmayne aktore ezagunak jokatuko du The Jackal (Txakala) pertsonaiaren rola: hiltzaile iheskor eta bakartia da, areriorik gabea. Azken hilketaren ondoren, ordea, gauzak okertu egingo zaizkio: Britainia Handiko Inteligentzia Zerbitzu Sekretuko agente bat, Bianca (Lashana Lynch), atzetik dabilkio. Hortik aurrera, Europan zeharreko jazarpen zirraragarri batean murgilduko dira. Katuaren eta saguaren arteko jolasaren eskema klasikoaz baliatuz, gaur egungo paisaia soziopolitikoarekin zuzenean lotzen da polizia thriller hau.
«Hiltzaile lanak» egiteari uzten dionean, narrazioak haren eremu pertsonalera ere eramango du ikus-entzulea; tira, gezurrekin eraiki duen gune pribatura, hobeto esanda. Cadizen (Espainia) bizi da, emaztearekin eta 2 urteko semearekin batera. Emaztearen rola Ursula Corbero aktore espainiar ezagunak jokatuko du. Gainerako aktore zerrendan aurpegi ezagunak topa daitezke: esaterako, Game Of Thrones-en Tywin Lannister eta Beric Dondarrion gorpuzten dituzten aktoreak, Charles Dance eta Richard Dormer.
Argazki zuzendaritzak, eta arlo estetikoak, oro har, protagonistaren izaerarekin bat datorren hoztasun etengabea jariatzen du. Ekintza ugari ezlekuetan gertatzen dira (hotelak, aparkalekuak, geltokiak...) eta The Jackal-en bi errealitate paraleloen arteko zubi gisa funtzionatzen dute. Distantziak salbu, David Fincherren The Killer filmaren oihartzunak sumatzen dira.
Bide batez, Radiohead aipatuta, soinu bandaren parte diren abestiek musikazale asko gozaraziko dituzte: Kaleo, Hozier, The Black Keys, Florence + the Machine, Alt-J eta The Who taldeen kantak entzun ahal izango dira, besteak beste.
Hamar atal ditu guztira, eta, egiari zor, batzuetan gehiegi luzatu duten sentsazioa jariatzen du. Hala ere, oso maila oneko ekoizpena da, eta bikainki zukutzen ditu era honetako istorioek eskaintzen dituzten erreminta guztiak.
Sarietan zeresana
Sarien denboraldia den honetan, telesail hau zenbait laudorio eta izendapen lortzen ari da. Critics Choice Awards eta Urrezko Globo entzutetsuetan, esaterako, drama saileko telesailik onenaren eta gizonezko aktorerik onenaren (Eddie Redmayne) izendapenak lortu ditu.
FITXA
- Sortzaileak. Paul Wilmshurst, Anu Menon, Brian Kirk eta Anthony Philipson.
- Aktoreak. Eddie Redmayne, Lashana Lynch, Ursula Corbero eta Charles Dance.
- Herrialdea. Erresuma Batua.
- Urtea. 2024.
- Non ikusi. Sky Showtime.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
- Generoa. Polizia thrillerra.