Munduan badira Wei Li dezente, makina bat Maria Garcia eta John Smith ugari ere bai. Izen-abizen ohikoak dira. Milioika pertsona daude abizen horiekin, eta ehunka izena partekatzen dutenak. Euskal izen eta abizen berdina duten euskal herritarrak ez dira hainbeste, baina egoera xelebreak bizi izan dituztenak badira.
Telebistan ari dira lanean, adibidez, Aitor Gabilondo eta Aitor Gabilondo. ETBko Zuek hor!!! saioko gidaria da bata eta Allí abajo eta El Príncipe telesailetako gidoilari eta ekoizle eragilea bestea. Lehenengoaren gidoi bat eraman izan dute bigarrenaren gurasoen harategira. Euskal letren munduan, berriz, badira bi Xabier Mendiguren. Biak idazle. Baina bigarren abizenarekin sinatzen dutenetik ez dituzte hainbeste nahasten: Elizegi Elkarreko editorea da; Bereziartu, Kontseiluko idazkari nagusi ohia eta EH11 Koloreko bozeramailea. Komunikabideetan lanean ari direnek maiz jasotzen dituzte Patxi Lopezen mezuak posta elektronikoz, baina ez dira Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiarenak. Ermuko (Bizkaia) kultura teknikariak PSE-EEko kidearen izen bera du, eta hori da arrazoia. Idoia Etxeberria bi ere badira: bata harri-jasotzailea eta bestea idazle eta kazetaria.
Batek baino gehiagok Interneten bere izen eta abizena idatzi, eta beste norbait aurkituko zuen. Ezustekoa, beste ni bategatik. Baina izena errepika daitekeen arren, izaera beti da bakarra.
IRATXE ESNAOLA
Biak irakasle, biak idazten, baina alor ezberdinetan
Iratxe Esnaola Aldanondo (Donostia, 1983) eta Iratxe Esnaola Arribillaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1981). Idazlea eta AEK-ko irakaslea bata, informatikaria eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea bestea. Galerna eleberria idatzi zuen batak eta PuntuEus koordinatu besteak. Basauriko Euskarabila Elkarteak antolatutako ipuin erotikoen lehiaketa irabazi zuen Aldanondok 2007an, eta orduan hasi zen Arribillaga zorionak jasotzen egin ez zuen zerbaitengatik. «Orduan deskubritu nuen beste Iratxe Esnaola bat zegoela». Aldanondori behin izeba batek esan zion irratian entzun zuela hitz egiten. «Bai, zu zinen, deskuidatuta egongo zara», esaten zion etengabe izebak. Makina bat faktura iritsi zaizkio bakoitzari, bereak ez direnak. «Nire arlokoak ez diren proposamenak jaso izan dut. Agian, xelebreena izan zen Aldanondok errenta aitorpenerako nire T-10a jaso zuela», dio Arribillagak. «Deigarriena azken hori da, bai», aitortu du Aldanondok. Zorion mezuak ere iristen zaizkio bakoitzari, egokitzen ez denean. «Lagunek nahasmenak izan dituzte noizbehinka». Pare bat lagun komun ere badute, gainera.
Radio Euskadin Galerna liburuaren harira elkarrizketa egin zioten Aldanondori. Webgunean audioaren esteka jartzeko orduan, Arribillagaren argazkia jarri zuten. «Amak esaten zidan deitzeko, eta aldatzeko eskatzeko. Baina niri iruditu zitzaidan kaosa sortzeko egin zezaketen gauzarik onena zela», dio Aldanondok. Argia astekarian, bestalde, zutabe batean fikzioko Iratxe Esnaola bat aipatu zuen idazleak, bi ama zituena: Iratxe Esnaola birtuala. Interneteko sare sozialetan ez dute parte hartzen, ez batak ez besteak. «Ez dut errealitate horretan parte hartu nahi, baina egun errealitate bat da», dio Aldanondok. Solasean ari direla, Arribillagak proposatu du sare sozialetarako bien profil bat sortzea, Iratxe Esnaola izenarekin. Gaia aztertzekotan gelditu dira [barrez].
Gara-ren Gaur8 gehigarrian idazten ditu zutabeak Arribillagak. Sinadura bi abizenekin argitaratzea defendatzen du: «Ez beste Iratxerengandik bereizteko, baizik eta amaren abizena jartzeagatik. Kontua da orokorrean lehen abizenarekin funtzionatzen dela». Aldanondok nabarmendu du Txilen ia denek bi izen dituztela: «Euskal Herrian, berriz, arraroa da bi izen izatea. Baina, aldiz, oso jende gutxiren bi abizenak ezagutzen dituzu».
Nahiz eta biek idazten duten, Arribillaga alor oso ezberdinetan aritzen da. «Ni ez nago literatura idazteko moduan», aitortu du. Informatikaz ere ez duela idatziko esaten du Aldanondok. Baina biek idatzi. Eta biek eskolak eman. Bata bestearen eskolak ematera ausartuko lirateke? Ez, ez dira gai sentitzen bata bestearen alorrean sartzeko. «Ez genuke gaitasunik izango bestearen alorreko eskolak emateko. Gauzak, egitekotan, ondo egin behar dira. Bakoitzak ondo egiten dakien hori egin dezala». Ados daude horretan.
Irunen (Gipuzkoa) jaiotako beste Iratxe Esnaola bat behintzat badago, hirugarrena. Ez dute ezagutzen. Aldanondo eta Arribillaga pozik daude elkar ezagutzeaz, baina ez daude «perturbatuta» Iratxe Esnaola gehiago ezagutzeko kontuarekin.Gaztezulo-k egindako elkarrizketa bati esker ezagutu zuten elkar aurrenekoz fisikoki, eta «oso ondo» pasatu zuten. BERRIAren elkarrizketan ere konplizitatearekin izan dira bata bestearekin. Izen nafarra izatearekin harro daude biak. «Iratxe modu ezberdinetan deitzen gaituzte». Eta Arribillagari baten batek: «Iratxeus».
JON MAIA
Nor bere diziplinan sortzaile
Lehenengo aldiz elkar ikusi zuten plaza berean egin dute hitzordua Jon Maia Soria bertsolariak (Zumaia, Gipuzkoa, 1972) eta Jon Maia Sein dantzariak (Errenteria, Gipuzkoa, 1977), Errenteriako Alamedan, kioskoaren bueltan. Hortxe ezagutu zuten elkar. 1990. urtea zen. Euskal kulturaren topaketa egin zen herrian, eta parte hartzaileei diplomak banatu zizkieten: Gipuzkoako aurreskulari txapelduna zen Sein eta Gipuzkoako bertso eskolarteko sariko irabazlea Soria (Zumaia, Gipuzkoa, 1972). Izenaren gorabeherak zirela medio, dantzari onenaren garaikurra eman zioten Soriari, eta bertsolari abilarena Seini. Harrituta geratu ziren biak, eta umorez hartu zuten. «Horrela uztea erabaki genuen. Oraindik badaukat aurreskulari onenaren diploma —esan du Soriak—. Bestela, ez nuke inoiz lortuko!». Eta barre egin dute biek.
Ongi baino hobeki gogoratzen dira une horrekin, izan ere, nahastu zituzten lehenengo aldia izan zen; ez bakarra, ordea: geroztik, makina bat aldiz izan dira gaizki ulertuak. «Etengabe nahasten gaituzte askotan komunikabideek. Uda batean, Karidadeko Bentarekin dezente aritu zen Jon, eta ni Kukairekin. Agendan asko kointziditzen genuen, emanaldietan eta, eta hor asko azaltzen zen baten emanaldia bestearen argazkiarekin...», oroitu du Seinek.
Ez dira, haatik, hedabideak hanka sartu duten bakarrak. Halaxe ziurtatu du Soriak: «Kulturako jendeak ere nahastu gaitu! Seini deika ari direlakoan nire deitu didate. Eta, noski, hasieran 'Kaixo, Jon!' esaten dute, eta uste duzu zuri ari direla».
Kuriosoena, behin diru kontuekin gertatutakoa. Soriari berea ez zen ordainketa sartu zioten kontu korrontean. Segituan antzeman zuen akatsa. «Ohartu nintzen, ez nuelako espero!», aipatu du. «Aberatsak bagina, ez ginateke konturatuko», gehitu du Seinek, txantxa tonuan. Jasotakoa dantzariari bueltatu zion bertsolariak.
Izenez gain, zerbait komuna badutela iruditzen zaio Seini. «Hainbat gauza sentitzeko moduak ere batzen gaitu. Ez dugu dantzatzen edo kantatzen momentuko zaletasun batengatik, baizik eta etorkizun epe luze bati begira funtzionatzen ari gara. Horrek pertsona gisa ibilbide bat, izateko modu bat, markatzen du». Soriak segitu du azalpena: «Biok gara sortzaileak; batez ere, hori gara. Biok gara jakin-nahi handikoak, ekintzaileak euskal kulturan».
Izanak ere lotzen ditu. «Ez gara pertsona esplosiboak», esan du Seinek, eta arrazoia eman Soriak. «Diesel samarrak» direla ziurtatu du errenteriarrak, eta bat egin du zumaiarrak. «Fondo luzekoak» omen.
Nor berean, dantzaren eta bertsolaritzaren arteko hartu-emanak harilkatu dituzte. «Substratu antzeko batetik abiatzen dira. Gure bi diziplina hauek garaian garaira eguneratzeko gaitasuna eduki dute, eta dinamismo handia hartuz joan dira azkenengo urte hauetan: formatu berriak, espresatzeko modu berriak... Bai bertsolariak, bai dantzariak interdiziplinarioak gara». Horixe Soriaren hausnarketa. Horregatik, elkar ukitzen duten bi unibertsoetakoak izateagatik, izen bera ez balute ere elkar ezagutu luketelakoan dago Sein. «Mikel eta Iñaki deituko bagina ere, kointzidituko genuke euskal kulturaren inguruko kontuetan».
OSKAR ESTANGA
Izenak ez ezik, izanak ere batuta
Elkar asko ikusten ez duten arren, aspaldiko ezagunak dira Oskar Estanga Ezkurdia bertsolaria eta Oskar Estanga Arzallus trikitilaria. Izan ere, izen bera edukitzeaz gain, nahiko gertu jaitakoak dira, bata Betelun, eta bestea Gaintzan, Nafarroan. Hain zuzen ere ,Gaintzan ikusi zuten elkar lehen aldiz, 14 urte-edo zituztela. «Ni trikitia jotzen aritu nintzen, eta Ezkurdia, bertsotan. Festak-edo izango ziren», azaldu du trikitilariak. Dena den, lehen solasaldia urte batzuk geroago izan zutela aitortu du bertsolariak. «Donostiako Aste Nagusi batean izan zen. Agian, Arzallus ez da gogoratuko. Goizeko zortziak-edo izango ziren, eta parrandaren ostean gosaltzen ari ginen biak. Nola izena zuen galdetu, eta Oskar Estanga zela esan zidanean, ez nion sinistu... Ordu horietan, eta parrandaren ostean, ezin beste modu batean izan».
Ez batak eta besteak ez zuten espero hain gertu izen bereko pertsona bat topatzea. «Azken batean, Estanga abizena ez da oso ohikoa, ez eta Oskar izena ere gure inguruan». K-z idazten dute biek; horretan ere bat egiten dute. Nortasun agirian, biek dute aldatua izena, gurasoek C-z jarri baitzieten. Batari eta besteari luze joan zitzaien aldaketa egiteko prozesua. Orain, «gustura» daude haien izenarekin. «Ezohikoa izanda, nortasun berezia ematen digu». Dena den, bertsolariak onartu du «adiskidetasun prozesu bat» landu behar izan duela bere izenarekin.
Izenak ez ezik, izanak ere batzen ditu. «Biak farandulero edo komediante samarrak gara», esan du bertsolariak. Ados dagoela erantzun du trikitilariak. «Izan zitekeen beste modu batera, baina horrek laguntzen die, halaber, elkarrengandik gertuago egoten. Gainera, biek Nafarroako herri txiki batean ditugu sustraiak, eta Euskal Herri moderno honetan gure haziak jartzen ari gara». Estetika kontuak ere aipatu ditu. «Gogoan dut garai batean zuk izan zenuela ilea arrosaz tindatua, eta nik, kolorez gabetua. Alde horretatik, beti izan dugu gustuko gure terrenoa markatzea».
Elkar miresten dutela nabarmendu dute biek. «Hitzak egiteko Ezkurdiak duen gaitasuna eduki nahiko nuke nik», esan du trikitilariak. Bertsolariak, berriz, trikitilariaren «herabetasuna» du gustuko. Ez dute baztertzen egunen batean elkarrekin zerbait egitea. Irribarre artean hasi dira izenean ere pentsatzen. «Oskar2 dei diezaiokegu», proposatu du trikitilariak. Hala, jendea gutxiago nahasiko litzatekeela azaldu dute, umoretsu. Izan ere, behin baino gehiagotan deitu izan diete erratuta, trikitilariari bertso saio batean parte hartu nahi duen galdetuz, eta alderantziz. Ez dute gaizki hartzen. «Oso polita da, hain gertu halako alter ego bat izatea. Inbidia puntu ere badigu jendeak horregatik... [kar, kar, kar]»; hala uste du bertsolariak.
Izen bera, bi izaera
Euskal Herrian, ez dira gutxi izena eta lehen abizen bera duten herritarrak. Horrek askotariko nahasmenak sorrarazten ditu. Gehienek umorez hartzen dute egoera, izenaren aurretik baitoa izaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu