Pertseidak ozar-izarrak dira, Swift-tuttle kometak utzitako hauts partikulak, hain zuzen ere. Abuztuko gauetan, Pertseidek gure zerua magiaz eta edertasunez betetzen dute. Ikusgarriena abuztuaren 12an izaten omen da. Horren harira, egun horretan bertan, Iruñeko planetarioak, beste behin, Pertseidak ikusteko aukera eskainiko du, Suakai taldearen zuzeneko musikarekin.
Hurrengo astelehenean izango da, hilaren 12an, eta joateko eta itzultzeko autobus zerbitzuak egongo dira. Iruñeko planetariotik abiatuta, Xabierko gazteluraino joango dira parte hartzaileak. Gainera, Red Astronavarra Sarea elkarteko kideez gain, lehen aldiz, Suakai taldea izango da ekitaldia zuzeneko musikaz girotzen. Bidaiari bakoitzak hamabi euro ordaindu beharko du autobus zerbitzua, eta sarrerak planetarioaren webgunean daude eskuragarri jada.
Pertseidei begiratu bitartean, antzina izarrak irudimenaren bidez lotuz asmaturiko istorioak azalduko dituzte. Horrez gain, 18:30ean, planetarioko kupulan, Pertseiden gaineko azalpena emango dute. Horren helburua da meteoro zaparrada horiek nola gertatzen diren ulertaraztea. Horretarako sarrerak sei euroko prezioa du, eta horiek ere planetarioaren webgunean eskuratu daitezke.
Ikuskizuna
22:00etan izango da zerua erabat ilun. Une horretatik aurrera, bi orduz, izarrez beteriko zeruaren sekretuak ezagutzeko aukera izango du publikoak, Iñaki Ordoñez eta Fernando Jauregi astronomoek zuzenean emango dituzten azalpenei esker.
Une bakoitzean gertatzen ari dena azalduko dute, eta izarrak lotuz antzina asmatu zituzten istorio mitologikoak kontatuko dituzte. Behaketa hobetzeko, hainbat teleskopio erabiltzeko aukera ere izango da; Astronavarra elkarteak eramango dituenak, hain zuzen ere.
Oharrak
Iruñeko planetarioaren webgunean irakur daitekeenez, hainbat ohar egin dituzte antolatzaileek. Planetariotik autobusak 20:00etan irtengo dira, eta Iruñera 00:00etan itzuliko dira. Antolatzaileek gomendatzen dute arropa egokia eta afaltzeko ogitartekoa eramatea. Gogorarazi dute Xabierko gaztelua zaindu beharreko eremu bat dela. Nahi izanez gero, bakoitza bere gisa joan daiteke Xabierko gaztelura, Pertseidak ikusteko ekitaldia publikoa eta doakoa baita. Adinez nagusiak ez direnek heldu batek lagunduta joan beharko dute. Pertseiden behaketa bertan behera geratuko balitz, autobusaren dirua itzuliko zaie jada ordainduta daukatenei. Planetarioan emango duten azalpena eta Pertseiden behaketa ekinaldi independenteak dira, eta biak edozeinentzat dira.