PROPOSAMENAK

Izar iheskorren esperoan

Iruñeko Planetarioak pertseidak ikusteko ateraldia antolatu du gaurko. Garesko futbol zelaira joango dira izar iheskorrak behatzera, Iruñeko argi kutsaduratik aldentzeko

Izar iheskor bat Sieversdorfen (Alemania). PATRICK PLEUL / EFE.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Udako egun hauetan, Lurrak 109P/Swift-Tuttle kometaren ibilbidearekin egiten du topo. Kometa horrek 133 urte behar ditu Eguzkiaren inguruan bira egiteko, eta utzitako hauts arrastoek Lurraren atmosfera zeharkatzen dute udan. Egun hauetan zerua apaintzen duten hauts distiratsuak pertseidak dira, eta, urtero bezala, Iruñeko Planetarioak, Astronavarra sarearekin batera, izar iheskor horiek ikusteko ateraldia antolatu du gaurko: 20:00etan izango da. Planetarioak Garesko Udalarekin (Nafarroa) lan egin du aurten, izar iheskorrak han ikusteko.

Pertseidak ikusteko ez da tresna optikorik behar, Javier Armentia Iruñeko Planetarioko zuzendariaren arabera; ez da prismatikorik edo teleskopiorik behar, eta ez da astronomiari buruzko ezagutza berezirik behar. Argi kutsaduratik aldentzea da baldintza bakarra. Horregatik, Jon Ziritza Garesko Udaleko Kultura eta Gazteria zinegotziak Garesko futbol zelaia proposatu du aurtengo: «Behaketa gune ilun batean egiteak —Garesko futbol zelaian—ziurtatzen digu izar iheskor gehiago ikusiko ditugula».

Garesera joateko autobusak egongo dira. Iruñeko Planetariotik 20:00etan atera, eta gauerdian itzuliko dira. Modu jasangarriagoan bidaiatzea da xedea, bakoitzak bere autoa ez erabiltzea. Sarrerak Iruñeko Planetarioaren webgunean daude salgai (www.pamplonetario.org), eta, hamabi euroren truke, izar iheskorrak ikusteko aukera ematen dute.

Planetarioak antolatutako txangoan parte hartu ezin dutenentzat, gomendio batzuk ditu Armentiak: argi kutsaduratik aldendu, zuhaitzetatik eta hormetatik urrundu, eta zeruari begiratzeko gune zabal bat aurkitu. «Aurreko egunetan, izar iheskorrak ikus zitezkeen, eta bihar ere ikusiko dira, baina larunbata da pertseidak ikusteko egunik aproposena».

Pertseidak ikusteaz gain, planeta batzuk ikusteko aukera ere badagoela esan du zuzendariak; Saturnok, Jupiterrek eta Martek apainduko dute gaurko zeru izartsua. «Behaketa astronomiko on baterako osagai guztiak izango ditugu», nabarmendu du Armentiak.

Zerua behatuz

Pertseidak behatu baino lehen, Iruñeko Planetarioak saio berezi bat antolatu du izar iheskorrak aztertzeko. Gaur 18: 30ean, Fernando Jauregi eta Iñaki Ordoñez astrofisikariek hitzaldia emango dute pertseidak zer diren azaltzeko: haien sorrera, meteoroen korrontea eta 109P/Swift-Tuttle kometaren ibilbidea dira landuko dituzten gaiak, besteak beste. «Zerua behatzen ikastea da asmoa. Udako zerua oso polita da, eta greziar mitologiarekin zerikusia duten istorio asko ditu», esan du zuzendariak. Astrofisikarien hitzaldia ikusteko, Iruñeko Planetarioaren webgunean eros daitezke sarrerak, lau euroan.

Pertseiden behaketak Jazz Zubipean jaialdiarekin bat egingo du: jazz kontzertuak izango dira Garesko zubi ospetsuan, eta zerua behatu baino lehen horiek ikusteko aukera dagoela esan du Ziritzak: «Pertseidak behatzera joan aurretik jazz kontzertuetara joatea nahiko genuke, giro atsegina egongo delako, eta musika ona».

Izar iheskorren behaketa



Gaur, Garesko (Nafarroa) futbolzelaian, 20:00etan hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.