Maritxu Diez kazetariak (Santurtzi, Bizkaia, 1960) agur esan zien urtarrilean Radio Vitoriako entzuleei. 90eko hamarkadatik aritu da irratian, baina ETB2ko Teleberri albistegien lehen aurkezleetako bat ere izan zen telebista publikoaren hastapenean. Lerroburuak ahots goran irakurtzeari utzi, eta haren hitzak lerroburu dira orain elkarrizketan. Behinola beste gai askorekin egiten zuen bezala, sakon errepasatu du bere biografia.
Zein da irratiarekin lotutako zure lehen oroitzapena?
Bekadun hasi nintzen Radio Bilbaon, ikasketak amaitu gabe. Nire lehen oroitzapena Bilboko Rodriguez Arias kalearen erdigunean zegoen pisu batekoa da. Lauzpabost ginen, asko agintzen zuen nagusi baten agindupean geundenak denak. Imajinatu ni han: bekaduna, esperientziarik gabea, gaztea. Banderen gerren garaia zen. Polizia nonahi, istiluak... Lokatzetan egiten zen kazetaritza, eta zikintzera bidaltzen ninduten. Gogorra zen, bai, baina ez nuke ezergatik aldatuko.
Hori guztia baino lehen, zerk inspiratu zintuen kazetari izateko?
Berez etorri zen dena. Beka bat lortu nuen, eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzaren aldizkarian idazteko aukera eman zidan. Ondoren, Radio Euskadin kolaborazioak egiten hasi nintzen, unibertsitatearen eskaintzei buruz hitz eginez, eta ikasten ari ziren gazteei orientazioa emanez. Radio Euskadi ireki zuten garai hartan, eta jendea behar zuten. Horregatik proposatu zidaten udako ordezkapenetan lan egiten hastea. Beste kontratu batzuk lortu nituen gero. Prozesu naturala izan zen.
Oso ezberdina izango zen irratia orduan.
Esperimentatu egiten genuen: dena zegoen egiteko, eta ardura handia geneukan. Irratian bizi ginen, eta lankideak bihurtu ziren lagunik onenak. Zerbait hartzera edo afaltzera joaten ginen lana amaitu ondoren. Talde sendo bat ginen sentsazioa geneukan, eta hori zen garrantzitsuena.
Eta telebistan hasi zinen gero. Zer esanahi izan du ETB2 kateko Teleberri albistegiko lehen aurkezle izateak?
ETBren gaztelaniazko katea martxan jarri nahi zutenean, Felix Linaresekin kultur saio bat egiten ari nintzen Radio Euskadin. Beraz, saioa ETB2n egitea proposatu ziguten, larunbatetan emateko.Teleberri hasi zenean, aurkeztea proposatu zidaten, eta animatu egin nintzen.
Orduan, zure ahotsa bakarrik ez, aurpegia ere egin zen ezagun. Zaila egin zitzaizun aldaketa?
Bueno, zaila zen, bai. Garai hartan garrantzitsuagoa zen irudia kontatzen ari nintzen informazioa baino. Ia ez geneukan bitartekorik: teleprompterra ez zen existitzen, ez genuen oraingoak bezalako platorik... Paperak aurrean nituen, eta buruz ikasten saiatzen nintzen, etengabe paperera ez begiratzeko. Oso gutxirekin hasi ginen gauetako Teleberri albistegia ekoizten. Lau urtez aritu nintzen, baina Gasteizera joatea erabaki nuen gero.
«Esperimentatu egiten genuen: dena zegoen egiteko, eta ardura handia geneukan. Irratian bizi ginen»
Zure bizitzako etapa profesional luzeena iritsi zen orduan. Akuilu izan duzu Radio Vitoria?
90eko hamarkadatik aritu naiz han, pentsa. Garai hartan Gasteizen bizi nintzen, senarrarekin, eta hemen bizi nahi nuen, Gasteizen. Nire etxea izan da Radio Vitoria.
Hainbeste urtean, denetik kontatu diezu arabarrei...
Oso gauza ezberdinak egin ditut Radio Vitorian ere. Kultur informazioko saioekin lan egiteko beste modu bat ikasi dut, azkenean asko zentratu baikinen gai horietan. Joan den denboralditik Diálogos en Radio Vitoria programa aurkezten nuen, eztabaidarako eta analisirako programa bat. Urte askoan Radio Vitoriako albistegietako ahotsa izan nintzen. Goizeko eta eguerdiko albistegiak aurkeztu nituen.
Entzuna eta sonatua, bai, baina tokiko irratia da Radio Vitoria. Gertu sentitzen zenituen gasteiztarrak?
Oso harreman zuzena dago erakundeekin, elkarteekin, entzuleekin. Nik uste dut askoz ere modu hurbilago eta pertsonalago batean egiten dela lan tokiko irrati batean. Kalean topo egiten duzu entzuleekin, eta albiste dira askotan. Lana eta bizitza batera doaz.
Euskal Herriko eta Gasteizko garai zailenak kontatu dituzu irratian. Erronka izan da?
Batzuetan kosta egiten da perspektiba hartzea. Izan ere, irratia gaur gertatzen da, orain; ez bihar eta ez etzi. Egun batetik bestera, 08:00etarako aurreikusita zegoena ere alda zitekeen. Berehalakotasunean bizi nintzen. Irratian, iragana azkarregi erretzen da: atzokoa jada ez da albiste gaur.
Nola kudeatu presioa? Esperientziak eman dizu gaitasuna?
Bai, hori ere ikasten da. Ez dago beste aukerarik. Ez da gauza bera magazin moduko saio bat egitea, gai asko jorratzen baitira hor, edo albistegiak egitea. Horrek aukera ematen dizu, halaber, beste batzuetan inprobisa dezakezun baino gehiago inprobisatzeko.
«Ez da gauza bera magazin moduko saio bat egitea, gai asko jorratzen baitira hor, edo albistegiak egitea»
Uste duzu berezko trebezia bereziren bat behar dela irratian lan egiteko?
Ez dakit berezkoa den ala ez, baina mikrofonoa ikaragarri gustatzea da garrantzitsuena. Mikrofonoa gustatzen ez bazaizu, larritzen bazaitu edo urduri jartzen bazaitu, gaizki. Gainera, jendearekin konektatzeko gaitasuna izan behar da. Entzulearekin sortzen den harremana bakarra da irratian, eta ez da beste euskarri bakar batean ere gertatzen. Irratiak badauka zerbait jendearekin konektatzen zaituena.
Zaila da batzuetan objektibotasuna alde batera uztea?
Bai, zailena hori da, beharbada. Guk, noski, ezin dugu iritzirik eman, baina objektibotasun absolutua ez da existitzen; kazetariaren zintzotasuna bai, ordea, gai bati heltzeko orduan asmo txarrik ez izatea.
Nolakoa izan da albistegiak aurkezteari utzi eta Diálogos en Radio Vitoria bezalako eztabaida eta analisi saio bat zuzentzen hasi arteko trantsizioa?
Nik banuen erretiroa hartzeko asmoa. Leher eginda nengoen: goiz esnatzeaz, egun osoa aktualitateari begira egoteaz eta inoiz ez deskonektatzeaz. Oso bizimodu polita da, baina estresagarria. Aurretik egiteko aukerarik izan ez nuen zerbait egin nahi nuen nire azken urteetan. Interesgarriak iruditzen zitzaizkidan gauzei buruz hitz egin nahi nuen, eguneroko kaosetik aldenduago eta beste erritmo batekin. Horregatik hasi nintzen eguneroko elkarrizketekin. Ingurumenean, gizarte gaietan, hirigintzan, arkitekturan... adituak zirenak eramaten nituen saiora. Berehalakotasuna sakontasunarekin ordezkatu nuen.
Kazetari beterano orok gogoratzen du kontatu duen eta zirrara eragin dion gertaera bat. Zein da zurea?
Informazioa ematea ere hunkigarria zen. Madrilgo Martxoaren 11ko atentatuez oroitzen naiz askotan. Orduak pasatu ahala, hildako kopurua gora zihoan. Kazetariok ez genuen ezer ulertzen, eta informazioa berehala iristen zen. Ondorengo egunetakoa ere gogorra izan zen: hildakoak, familiak, iristen ziren gezurrak, politikarien interesak...
Alde guztietako albisteak daude, baina tokiko informazioa da garrantzitsuena tokiko hedabideetan. Gutxietsita daude albiste horiek?
Gaiak eta protagonistak sakon ezagutzeko aukera ematen du tokikoak. Jendeak kalean iritzia eman diezazuke, edo une jakin batean deitu; zerbait esateko aukera dauka. Auzotik eta kaletik gertuago zaude. Askotan, bere auzoan zer gertatzen ari den jakitea interesatzen zaio jendeari. Politikaz eta gauzarik handienez arituko dira irrati nazionalak, baina uste dut badagoela publiko bat tokiko irratiari oso leial zaiona; Gasteiz hiribidea itxi badute, tranbiak ez duela funtzionatzen edo udala oinezkoentzako planak egiten ari dela jakitea interesatzen zaienak. Horiek errespetatzen baninduten, nahikoa zen niretzat.
«Gaiak eta protagonistak sakon ezagutzeko aukera ematen du tokikoak. Jendeak kalean iritzia eman diezazuke»
Zer izan zen horiei agur esatea?
Azken eguna egun arrunt bat izatea nahi nuen, baina ez zen posible izan. Estudioan sartu ziren lankideak, eta aspaldi ikusi gabeko kolaboratzaile ohiak etorri ziren. Oso hunkigarria izan zen, eta, egia esan, horrek asko balio du. Azkenean, jendeak baloratu egiten zaituela eta merezi izan duen zerbait egiten aritu zarela iruditzen zaizu, bai entzuleengatik eta bai lankideengatik.
Zaila da mikrofonoa uztea?
Norbera, mikrofonoa, eta, agian, gonbidatua. Adikzio bat sortzen du horrek.
Kazetaritza ogibide erakargarria da gazteentzat?
Ogibide zaila da; ederra bai, baina benetan zaila. Kazetaritzan zaila da aurrera egitea: soldatak baxuak dira, presio handia duzu, ez dago lan askorik... Hala ere, jakina, oso lan polita da.
Zure lanbidean hainbeste urte eman ondoren, zein ondare uztea espero duzu kazetari gisa?
Jendeak profesional on eta zintzo gisa gogoratzea nahi dut, besterik ez. Jendeak nire lana baloratu duen irudipena dut, behintzat. Hortik harago, irratian azkar doa guztia. Lehenengo egunean oroituko ninduten, baita bigarrenean ere; hirugarrenean, baina, primeran egiten duen beste ahots bat izan zuten. Horrela funtzionatzen du irratiak.
Beraz, kazetaria bigarren mailan gelditzen da beti?
Nire ustez, ahalik eta ondoena egiten saiatu behar du kazetariak. Erretiratzean, joan eta kito. Izar gehiegi daude kazetaritzan, baina kazetari profesionalak behar ditugu.
«Oso lasai nago, eta irratiaz gozatzen jarraitzen dut, baina entzunez, nire etxeko lasaitasunean»
Profesionalen esku utzi duzu Radio Vitoria?
Noski. Aspaldi hasi ziren lanean asko, kazetari gisa hazten ikusi ditut, eta primeran egiten ari dira.
Haien entzule bihurtu zara?
Oso lasai nago, eta irratiaz gozatzen jarraitzen dut, baina entzunez, nire etxeko lasaitasunean. Irratiaren zarata ez dut inoiz utziko.