Mattin Irigoien (Ainhize-Monjolose, 1964) hainbat antzerkiren idazle eta zuzendaria izateaz gain, Amikuzeko euskalgintzako militantea da. Gazte batzuekin hurrengo inauterietan emanen duten libertimendua prestatzen ari da egun hauetan.
Hitzordua Donapaleuko gaztetxean eman duzu, zure adinean...
Bi aldiz gazte izanki! Gaztetxean biltzen gara libertimenduari buruz, neguan sartzen ari baikara. Egunak laburtuko baitira fite; zirtzilen eremuan sartzen gara orain, gauaren eremuan, ilunak argiari hartzen dio gaina. Libertimendua prestatzen ari gara zirtzilen aldetik. Dantzariak ere noizbait hasiko dira, berantago, sentitzen delarik eguna luzatzen ari delarik. Bi mundu horiek libertimenduan trukatuko dute.
Inauteri eta antzerkiaz ari baitzara, Kitzikazan/k taldea abiapuntu bat izan ote zen hemengo gazteentzat?
Ez dut nik erraten ahal gazteentzat zer den abiapuntu berri bat. Ene ikusmoldetik erraten ahal dut pasatu dugula 90eko hamarkada kultur elkarte finko eta segidako ekintzarik gabe. Amikuzen (Nafarroa Beherea) ikastola berri bat lortzeko borroka 2001ean lortu genuen, horretan buru-belarri aritu ondoan. Agerian zen hizkuntzaren erabilera eta euskaldunaren iruditeria bazkatzeko gauzarik ez genuela egiten. Orduan emeki-emeki planteatu zen antzerki talde bat sortzea, euskaraz funtzionatuko zuena. Fenomeno bat hasia zen, Euskal Kultur Erakundea sortuz geroz indartu dena, euskal kultura egiten ahal zela frantsesez. Ondarearen kontzeptu bat sortu zen, kultura helburu bat balitz bezala, kulturaren kontsumitzeak askatzen bagintu bezala. Bazen ezinegon bat sortzen zena gure baitan, eta plantatu den desoreka horri fronte bat ireki behar zen.
Aipatu duzu ezinegonak taularatzea. Libertimendu eta toberak horretan sartzen dira bete-betean.
Bai, izpiritu horretan da. Begirada bat da, begirada dekalatua eta kritikoa, bai besteekiko eta bai gurekiko ere. Alderdikerietan sartuak baikara, edo baikinen. Nekezena da beti ustezko alderdikoen kritika egitea, baina sanoa da, behar da; guretzat, kritiko direnentzat, eta haientzat, kritiko ez direnentzat.
Aipatu duzu haustura profesionalismoarekin. Kritika hori ezin da egin antzerki profesionalean?
Enetako nekez. Uste dut beste funtzio batzuk izaten ahal dituela, baina lehenik badela komertzio istorio bat, nahi ala ez bizi behar dela. Euskal Herrian batzuk ari dira pentsatzen, baina hemen ez dut ikusten, non ez den frantsesezko pentsamendutik egitea antzerki profesionala. Libertimendu baten helburua, preseski, bakoitza bere bizitzaren profesional egitea da. Maskaradaren ideiatik ulertzen da: profesionalek eskuetan hartzen badute, formazio horrek berak hilen du biziarazi nahi dugun arima hori. Bada hor antinomia bat.
Bestalde, Zabalik euskara elkartean kolonizatuaren konplexua aipatzen duzue.
Euskaldungoan, pentsamendu aldetik, bi gai ez ditugu landu estrategia bati lotzeko gisan. Biktima gisa bizi dugu: ahalgea barneratu dugu, ez gara fida euskaraz mintzatzea frantsesak gaina hartu duelako. Bigarren gauza errua da. Oldartzen garelarik ere biktima gisa oldartzen gara, eta badakigu biktimak zenbait aldiz borreroa indartzen duela bere oldarrean. Halako gauza batzuk ikusten ditut gure historian. Azken urteetan ikusten dut uzkailtze bat, kontzientzia hartze bat, erabilera dela egiazko funtsa.
Amikuzeren dinamikak bazuen ahul izatearen ospea. Baina hor dira antzerkiak, euskara elkartea, berriki Nafar Naturalek antolatu deskonkista eguna...
Dinamika horren segida da, baina koiuntura bat da ere, Asisko Urmeneta bat bizi da, Hoztan (Nafarroa Beherea) eta berak ekarri du ideia. Ideia errotu da ere, lanean ari baikara elkarte batzuk azken hiru urteetan (ikastola, gau eskola, gaztetxea, antzerkia, Zabalik bera ere...). Koordinazio lan horrek ekartzen baitu sortu dela elkarrekiko ezagutza bat, belaunaldi nahasketa bat, hizkuntzaren inguruko gogoeta minimo bat, bederen... Horrek ekarri du besta erraldoi hori posible izatea.
Zure ustez, Amikuzeko dinamika horrek zerbait eskas du oraindik?
Ez dugu erraten ahal deusetik abiatu garela, jendea hor zen, elkarteak hor ziren... Elkar ezagutzeko gune batzuk txertatu ditugu, gauzak egin eta pentsamendua elikatu. Dinamika indartsua da ez delako formala, pertsonen atxikimenduak egiten baitu taldea eta taldearen indarra... Baina borondate onetik estrategia iraunkor batera bada jauzia, denbora falta falta da, konplexurik gabeko aktoreak izateko. Gaurtik izan gaitezen bihar izan nahi duguna, iraultza bat igurikatu gabe.
Mattin Irigoien
«Izan gaitezen bihar izan nahi duguna iraultza igurikatu gabe»
Nafarroa Behereko Amikuze eskualdean kultur panoramaren parte da Irigoien. Antzerkia eta euskara ardatz, hainbat xederen parte izan da antzerki idazle eta zuzendaria. Kitzikazan/k taldearen sortzaileetariko bat izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu