Jaia, alderik alde. Txosna gunea eta tabernak

Izan ala ez izan, hor dago koxka

Tabernak eta txosnak. Biak dira Aste Nagusiko parrandazaleen habia. Baina zikoinen eta belatzen habiak ezberdinak diren moduan, ezberdina da bi barra mota horiek eskaintzen dutena ere.

Tabernetaraino sartzen da batzuetan txosna giroa, eta tabernek ere bultzatzen dituzte txosnak. Bultza eta tiran, argazki muntatzean. BERRIA.
Bilbo
2013ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
I izan ala ez izan». Aldaera berezia du Aste Nagusian Shakespeareren esaldi ospetsuak: txosnak ala tabernak. Hortxe dago gakoa. Bi aukera, bakoitza bere abantailekin. Harri Zubeldia Abante konpartsako kideak argi du aukera, halere. Txosnetan konpartsek antolatutako kontzertuak eta antzeko ekintzak topa daitezkeela dio. Tabernetan, berriz, «taberna giroa, musika eta kito». Eta, horregatik, eguneko 24 orduak txosnan pasatzen ditu.

Txosnetan «denetarik» dagoela azpimarratu du konpartsako kideak, baina ez ditu tabernak guztiz baztertzen. Haien bertuteak ere aitortzen ditu. «Gin-tonic bat, adibidez, ahalik eta ondoen egiten saia zaitezke txosnan, baina plastikozko edalontzia erabili beharko da, eta ez gara profesionalak. Nabarituko da». Hala ere, Zubeldiak gaineratu du txosnak etengabeko hobekuntza prozesu batean sartu direla, edalontzi berrerabilgarriak jarriz, adibidez. «Beste itxura bat erakusten saiatzen gara».

Hala ere, txosnek bere funtzioa aski ondo betetzen dute: «Eskuragarriagoa» den zerbitzu bat eskaintzea. Hori uste du Marino Monterok. Bilboko hainbat tabernatan egiten du lan, harreman publikoetako arduradun gisa, eta aski ondo ezagutzen du Aste Nagusian dagoen giroa. Tabernek zerbitzu «zainduagoa» eskaintzen dutela dio, «profesionalagoa». Hala ere, Monterok argi dauka tabernak eta konpartsen txosnak ez direla etsaiak. Dioenez, «guztiz osagarriak» diren bi aukera dira. «Aste Nagusia ez du ostalaritzak soilik sortzen; ezingo litzateke txosnarik gabeko Aste Nagusirik egon».

Monterok dioenez, garrantzitsuak dira jaiek irauten duten bederatzi egunak ostalarientzat ere. Eta egutegian gorriz dituzte markatuta horregatik. «Aste horretan ez du inork oporrik hartzen, jende guztiaren beharra dagoelako». Jaiaren aurreko asteak baliatzen dituzte tabernariek oporrak hartzeko, eta, hala, lokalen %80k itxi egiten dituzte ateak. Hori beste modu batera kudeatu beharko litzatekeela uste du Monterok. Tabernek «zerbitzu publiko bat» osatzen dutelako. Abuztuaren hasieran dagoen taberna eskasiari aurre egiteko, zera proposatu du: irekitzeko konpromisoa hartuko duten «guardiako tabernak» antolatzea.

Giroa, dena den, jaisten ari dela dirudi. Hori uste du Zubeldiak. Iaz, Abanten behintzat, «justu» amaitu zutela aitortu du konpartsako kideak. Krisia izango ote da erruduna? Baietz dirudi. «Eragina badu», baieztatu du Monterok ere. «Iazko irabaziak 2011n lortutakoen antzerakoak izan ziren, gutxi gorabehera». Baina gaineratu duenez, auzoaren araberakoa ere bada hori.

Kaleko edanaren eragina

Baina badago beste faktore bat barran egiten den kontsumoan eragiten duena: kaleko edana. Jendeak edatekoa dendetan erosteak eragin ekonomiko handia dauka, Montero zein Zubeldiaren arabera. Bat datoz diagnosian. «Jendea txosnetako kontzertuetara etortzen da, baina euren litroekin datozenez, askotan ez dute txosnetan askorik kontsumitzen». Eta tabernetan ere antzera gertatzen da.

Bi gune izan arren, txosnak eta tabernak, festa bakarraren parte dira. Ez etsai; osagarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.