ATZEKOZ AURRERA. Jon Sistiaga. Kazetaria

«Ixten ez den zauria zornatu egiten da»

Euskal gatazka du hizpide Sistiagak bere lehen nobelan: 'Purgatorio'. Damututako etakide bat, hark hil zuen gizonaren alaba eta haren torturatzailea ditu ardatz. Indarkeriaren ideologoez ere badihardu.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun

Euskal gatazkaz dihardu Jon Sistiaga kazetariaren (Irun, Gipuzkoa, 1967) lehen eleberriak: Purgatorio (Plaza y Janes, 2022). Baina beste askorekin dago lotuta. Izan ere, ondorio bera atera du ezagutu dituen gatazketatik: beti dagoela ideologo talde bat jendea indarkeriarako xaxatzen duena, baina zuzenean ekin gabe, eta, hortaz, ekintzen ondorioetatik libratzen dena. Oinarri horretatik ondu du obra: Imanol Azkarate enpresariaren bahiketa eta erailketa gertatu eta 35 urtera, hiltzaileak, Josu Etxebestek, egia jakinaraziko dio alabari, Alasne Azkarateri. Halaber, torturatu zuen poliziarengana joko du (Ignacio Sanchez), hark ere krimenak aitor ditzan.

Normalean, gatazka izaten da epikoa, eta horren ostekoari garrantzi txikiagoa ematen zaio. Zergatik da garrantzitsua ikuspuntu hori?

Zer idatz zitekeen Euskadin gertatutakoaz? Ia edozertaz idatzi da jada, ikuspuntu askotatik. Beste bat topatu nahi nuen, izan zedila astindu txiki bat; ekarpen txiki bat Euskadik bizi duen amnesia kolektiboari. Amnesia hori normala da, are desiragarria; jendeak ahalik eta lasterren ahaztu nahi du gertatutakoa. Baina beste gatazka batzuetan lan egin duen berriemaile bezala, badakit zauriak ixten ez direnean zornatu egiten direla.

Liburuan sarri aipatzen dira «oraingo Euskadi» eta «lehengoa», bien artean erabateko haustura egon izan balitz bezala. Kontakizun interesatua da?

Pertsona bakoitzak ezberdin konta dezake gertakari jakin bat, bakoitzak bere egia du, inperfektua batzuetan. Baina joera dugu ez entzuteko besteen kontakizuna, gure usteak berresten ez dituzten bertsioak baztertzekoa. Saiatu naiz liburuan sartzen hainbat pertsonaia mota, eta erakusten bakoitzak kontakizun propioa duela historiaren eta egin zuenaren inguruan. Soilik modu horretan, bakoitzak egindakoa errepasatuz eraiki ahalko dugu kontakizun bat guztiok bat egingo ez duguna baina onargarria izango dena guztiontzat.

Gertakariek Josu Etxebesteren ezinegona dute jatorri. Erruak abiatzen du erreparazioa, justiziak edo etikak baino gehiago?

Purgatorio-ren motorra errua da, edo berreraikitzea iragan bat ez zena izan pertsonaiek uste bezain epikoa. Interesatzen zaidana da pertsonaia denek hausnartzen dutela egin zutenaren ondorioez, eta zer lekutan jartzen dituen izaki etiko bezala. Fikzioa da, ez baita gertatzen ari erantzunak dituzten askorengan, baina ikusi izan dut beste toki batzuetan. Gustatuko litzaidake hemen ere eman zezaten IRAko kide askoren pausoa. Azalpenen beharretik sortu zen eleberria egiteko ideia. Modu bat izan da urteetan erruaz eta indarkeriaren erabileraz egin ditudan gogoetak islatzeko.

Narratzaileak dio, Alasneren ikuspegitik, bere aitaren hiltzaileek gorpuztasuna ostu diotela, eta beste izaera bat ezarri diotela, Azkarateren alabarena, biktimarena. Biktimaren kontzeptua uztarri bilakatu zaio, ordea. Kategorizaziotik ere ihes egin nahi du?

Biktima gehien-gehienek nahi dute biktima izateari utzi. Biktima batek inoiz ez du nahi biktima izan, eta, batez ere, biktima izateari utzi nahi dio denboraren joanarekin; behin iragana eta oraina lapurtu ondoren, ez diezaiotela etorkizuna ebatsi. Biktima asko prest leudeke justiziaren ideiari uko egiteko egiaren truke. Irristakorra da, erail duenak ordaindu egin behar duelako. Baina hainbeste denbora pasatuta, zer nahi dute senideek? Heltzen da momentu bat, non dagoeneko ez zaituen asetzen 75 urteko tipo bati ezarritako zigorrak.

Hori jazo zaio Alasneri: lehenesten du egia jakitea, aitaren bahiketaren eta hilketaren xehetasunak. Obsesionatu egiten da azkenean?

Biktima izan beharra dago, edo biktima askorekin hitz egin izana, haien azalean jartzeko. Ama batzuek soilik nahi dute jakin bere semeak sufritu zuen edo ez; emazte batzuek ea bere senarra konturatu zen. Asko luzatzen den dolu bat itxi ahal izateko modu oso pertsonala da, batez ere kasua ez denean argitzen. Sakondu nahi nuen biktima izateari uztea erregutzen duen biktimaren ideian.

Ideologoak dira eleberriaren beste ardatzetako bat.

Askok galdetu diogu geure buruari nolatan sartu ziren batzuk ETAn eta nolatan beste batzuk izan ziren haren biktimak; zergatik batzuek men egin zioten indarkeriaren lilurari eta besteok ez. Purgatorio-k hizpide ditu ez hainbeste hiltzen zutenak eta zirenak, baizik eta haiek konbentzitu zituztenak, garatu zutenak narratiba bat zioena giza sakrifizioak egin behar zirela independentziaren aldarean; independentzia, zilegi den helburu politiko bat, hildakoen bidez lortu beharra zegoela. Jatorrira jo behar dugu. Ikusi beharra dago nortzuk ziren ideia hori sortu eta garatu zuten idazle, filosofo, artista, kazetari, irakasle eta abar horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.