Gizakiak mingaina aterata daude, eta beren arnasa entzuten da. Entzun, entzun... oso adi egonez gero. Izan ere, dorre altuetatik zalaparta izugarria ateratzen da: lurra zulatzen ari dira, gogor. Hara, meditatzen ere ari da inor: yoga klaseetako melodiak ere igar daitezke zarataren artean. Belarri fina duenak, gainera, terrazetako eta eskoletako patioetako hotsak ere entzungo ditu. Eta falta zena: esku garden batek tiraka, orgatxo bat dabil bueltaka, musika elektronikoa denek entzuteko moduan jartzen. «Ixo!», gailendu da denen artetik. Norbait haserretu egin da.
Nora Goialde artistaren ustez, etorkizuna oraina baino zalapartatsuagoa izango da, eta isiltasuna ia eskubide gisa aldarrikatu beharko da. Hain zuzen ere, Isiltasun eskubidea du izena Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategirako egin duen soinu instalazioak. Euskaradun gizartearen etorkizuneko iruditeria elikatze aldera, Etorkisuneku sormen beka eman zieten Goialderi, Iraitz Mateori, Naia de la Puenteri eta Jose Miguel Baenari. Emaitza Etorkisuneku 01 erakusketa da, eta Badalabek Errenterian (Gipuzkoa) duen egoitzan dago ikusgai.
Etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatzeko prototipo artistikoak biltzen ditu erakusketak, eta artelanetako bat Goialderena da. Soinuari erreparatu dio bereziki, hizkuntzak ere bai baitu soinutik. «Gaur egun ja soinuz inguratuta gaude, eta esaten dute isiltasuna ezingo dela inoiz lortu. Ez gaudela inoiz isiltasun osoan. Iruditzen zait beharbada etorkizunean areagotu egingo dela arazo hori. Ia-ia eskubide bat izango da; borrokatu eta bilatu egin beharko dugu», azaldu du Goialdek.
«Ikuslea gonbidatu nahi dut paisaia honetan parte hartzera, eta soinua aretotik mugitzera»
NORA GOIALDEArtista
Soinu instalazioa hiru eskulturak osatzen dute, eta hirurek dituzte bozgorailuak barruan. Bati Gizakiaren dorrea deitu dio. Gizaki heldu baten tamaina du —zehazki, artistaren neurrira eginda dago—, eta zutik dago. Kartoizko zilindro batek osatzen du gorputza, eta marrazki bera duten paperek estaltzen dute. Haietan pertsona baten aurpegia agertzen da, mingaina aterata. Eskulturara asko gerturatu behar da soinurik entzuteko: «Gizakiak badu gauza bat aldatuko ez zaiona: mingaina. Arnasketa entzuten da. Izan ere, ez da inoiz existituko isiltasun osoa, arnasketa entzungo baita. Are, arnasketa da norberaren existentziaren soinu froga nagusia».
Artistaren beraren arnasa entzuten da. «Beste soinurik gabe grabatu ahal izateko, gauetan grabatu dut neure burua arnasten. Isiltasuna bilatu behar izan dut prozesu artistikoan zehar, beraz. Eta kostatu egin zait!», esan du artistak, barrez.
Lurra zulatzen
Beste eskultura batek Etxea du izena: kutxa batzuetatik ateratzen diren kartoizko zilindroek etxebizitza dorreak iradokitzen dituzte. Bi soinu mota igortzen dituzte. Batetik, lurra zulatzen ari direla dirudi: «Nire etxetik Azpi tailerrera bidean beti pasatzen nintzen Donostiako Erdialdeko metroaren obren albotik. Aldapeta kalearen amaieran zulo handi bat egiten ari ziren, eta askotan gelditzen nintzen grabatzera lurra zulatzen ari ziren momentuan sortzen zen soinu hori».
Bestetik, soinu finago bat ere igar daiteke: meditatzeko baliatzen diren melodiak: «Etxean soinu diafano horiek dituzu, baina agian ondoko kalean obra daukazu, eta bi horien arteko elkarbizitza adierazi nahi izan dut».
«Hau da piezarik dibertigarriena!», esan du artistak, eta orgatxo txiki batera gerturatu da. Artistaren eskuaren erretxinezko erreplika garden bat kate batekin du lotua. «Mugi nazazu», dago idatzita, purpurinaz: bisitariek parte hartzea bultzatzea du xede. «Ikuslea gonbidatu nahi dut paisaia honetan parte hartzera, eta soinua aretotik mugitzera. Norbaitek izkina batean ezkutatu nahi badu, ezkutatzeko, beste soinuetatik aldentzeko edo gerturatzeko, eta zalaparta hori areagotzeko».

Kaleko soinu batzuk igortzen ditu, baina baita musika elektronikoa ere. Festa askotan ibiltzen dira kalez kale orga batean musika jarrita, eta hori ere bada soinu paisaiaren parte. Dena dela, zera ohartarazi du artistak: «Ideia horiek prozesuan sortu dira. Ez zait inporta ikusleak ez badu nik pentsatutakoa sentitzen: bakoitzak bere erara jasotzen du, eta bere iruditeriarekin eta bizitzarekin erlazionatzen du».
«Ixo!». Orgatxoak eten dio hizketa. «Agian pentsatu dezakezu aretoko beste pertsona batek egin duela, baina ez. Audiotik dator», azaldu du Goialdek. «Triki-traka-triki-traka-triki-traka-triki-traka-triki-traka». Hori ez dator audiotik: trena pasatu da erakusketa aretoaren ondotik. Ezin isilik egon.