Itzuli dira tronpeta soinuak

Erretretarekin gaur iluntzean piztuko da festa Gasteizen, eta ordu txikietara arte iraungo du danborrada ondoren. Bihar, tradizioak hala aginduta, San Prudentzio zaindariaren eguna ospatuko dute Armentiako zelaietan: meza, haurrentzako jolasak, herri kirolak eta beste izango dira.

San Prudentzioko erretreta Gasteizko udaletxeko balkoian, joan den urtean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
«Tun-tuna eta tronpeta soinua gure patroiaren erretreta...». Gaurtik astelehenera bitarte, arabarrek hainbat aldiz abestuko dituzten hitzak dira. Lurralde historikoaren zaindari San Prudentziori eskainiak. Bihar da hura omentzeko egun handia, baina, tradizioak hala aginduta, gaur iluntzean hasiko da festa, erretretarekin.

Asko eztabaidatu da erretretaren jatorriari buruz, hainbat bertsio baitaude haren jatorriaren inguruan. Batzuek uste dute Erdi Aroan duela jatorria; beste batzuek, berriz, Napoleonen inbasioaren garaian egiten zutela. Baina guztiek bat egiten dute duela mende batzuk harresiko ateak ixtera zihoazen seinale zela. Berriagoa da danborradaren tradizioa. Halere, 1975etik, Gasteizko danborradak hiriko erdigunekokaleak zeharkatu ditu urtez urte San Prudentzio egunaren bezperan.

Udalaren Folklore Akademiako kideek udaletxeko balkoitik joko dute erretreta gaur, 20:00etan. Ordubete geroago, Probintzia plazan jarraituko du jaiak; izan ere, hiriko tronpeta joleek eta atabalariek ikuskizuna eskainiko dute Aldundiaren jauregiko balkoitik. Are, erretretako joaldien artean, Algara Dantza taldearen, Azirkarteren eta Kai Nakairen kontzertuak izango dira. Azkenik, eguna borobiltzeko, hiriko gastronomia elkarteek danborrada egingo dute alde zaharrean eta erdialdeko kaleetan, 23:30ean. Gaurko ekintzetara bertaratu ezin denak ere ETB 1en zuzenean ikusteko aukera izango du; erretreta lehenik eta danborrada ondoren, biak emango dituzte.

Diputazioko Ana Del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua arduratu da zaindariaren jaiarekin lotutako jarduera guztiak aurkezteaz. Urtero bezala, zaindariaren egunak «%200 ospatzeaz gain», aurtengoak, urteroko kutsu tradizionalaz aparte,«modernizatzen» saiatu direla gaineratu du: «Batez ere tokiko kultura sektoreari laguntzen saiatu baikara, hurbil gauzkatela senti dezaten; tradizioa modernizatzeko oreka zail horretan, jaiak belaunaldiartekoak izateko eta publiko guztiekin konektatzeko, denboran irauteko mekanismorik onena baita».

Biharkoa izango da egun handia, baina ospakizunaren iragarpena aldez aurretik egiten da. Fernando Albizu Ruiz de Alegria aktoreak herenegun irakurri zuen pregoia, eta Itziar Yague blues abeslariak kontzertua eskaini zuen ondoren. Tradizioa da zaindariaren jaiak egun handia baino egun batzuk lehenago hastea, eta asteburu osoan zehar luzatzea.

Biharkoa Armentian

Gaurko gau luzearen ondoren, bihar ospatuko da egun handia Armentiako zelaietan. Ohikoa da San Prudentzio egunean euria egitea. Aurten, ordea, zerua lainoz estalita egongo den arren, badirudi ez duela euririk egingo. Nahiz eta arabarrentzat euria sekula ez den oztopo izan.

Urtero bezala, meza batekin hasiko dute eguna. Amaitu bezain laster, 12:00etan, ohorezko aurreskua dantzatuko zaie Arabako agintari politiko gorenei. Jarduera horien ondoren hasiko dira adin guztientzako antolatutako ekintzarik ludikoenak. Bermut musikatua, haurrentzako jolasak eta herri kirolen erakustaldia izango dira eguerdian. Arratsaldean, berriz, jendea hirira itzuli baino lehen, Berriztu musika taldeak kontzertua emango du.

Asteburuan izango dira beste hainbat ekintza. Larunbatean, 37. Arabako Fanfarre Eguna ospatuko dute Probintzia plazan eta hiriko kaleetan zehar: gastronomia lehiaketak, kuadrillen erakusketak, kalejirak eta kontzertuak antolatu dituzte, besteak beste. Igandean, Gasteizko dantza txapelketa egingo dute goizean, eta kontzertu sorta antolatu dute arratsaldean.

Hainbeste egunen ondoren, astelehenean agur esango diote San Prudentziori, Estibalizko Andre Mariaren egunean.Goizean goiz, erromeriak lagunduta, Estibalizko santutegira igoko dira arabarrak. Bertan, patata-tortilla lehiaketa, herri kirolak eta aurresku zein dantza txapelketak izango dira, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.