Gaur egun filmak beharrik gabe luzatzeko dagoen joera zentzugabetik begiratuta, 64 minutu besterik ez duen film bat labur-laburra iruditzen zaigu. Hala ere, ordubete hori aski izan zen Dumbo zinemaren klasikoa betiereko bihurtzeko. Jatorrizko filma 1941koa da; Ben Sharpsteenek zuzendu zuen, baina, haren atzean, Disney jaunaren esku luzea antzematen da.
Dumbo Walt Disney ekoiztetxearen animaziozko bosgarren film luzea izan zen. 1937an hasi zuen egun arte arrakastaz josirik egon den ibilbidea, Snow White and the Seven Dwarfs-ekin. Ondorengo urteetan, Pinnochio eta Fantasia ailegatu ziren, besteak beste. Bolada on horren barruan Canneseko zinemaldian aurkeztu zuen Dumbo-rekin, estudioak mundu mailako arrakasta itzela lortu zuen.
Helen Andersonek idatzitako istorio baten gainean egin zuten, eta elefante hegalariaren istorioa familia osoa limurtzeko moduko artefaktu perfektua zen. Samurra, maitagarria, umore zurikoa... Walt Disneyren ezaugarri guztiak biltzen zituen.
Disneyn trebatua
Nonbait, ezaugarri horiek denboraren igarotzearen kontrako borroka irabazi dute, garaikide bihurtzeraino: ia laurogei urte geroago, Dumbo animazio zinema klasikoaren ikono nagusietako bat da oraindik ere.
Hortaz, ez da batere harritzekoa nostalgia hori negozio bihurtuko duen beste bertsio bat sortu izana. Disneyk segitzen du Disney izaten, eta azken urteotan jakin izan du aspaldiko film arrakastatsuekin beste film arrakastatsu batzuk egiten: Kenneth Branaghen Cinderella eta Bill Condonen Beauty and the Beast joera horren bi adibide besterik ez dira.
Era berean, inor ez da harrituko Tim Burton Dumbo berriaren zuzendari gisa ikusita. Batetik, zuzendariak ederki ezagutzen du Disneyren unibertsoa; han ibili zen lanean, eta, horrez gain, harentzat bi film eginak ditu: Frankenweenie laburra eta, hainbat urte geroago, Alice In Wonderland. Bestetik, zirkuan girotutako istorioak aukera paregabea ematen dio bere barrokismo estetikoa berriz ere erakusteko.
Burton ez dago bere garai artistikorik gozoenean; azken filmek —Dark Shadows, Big Eyes eta Miss Peregrine's Home for Peculiar Children— ez dute garai batekoek bezain harrera beroa izan. Hortaz, ideien faltan edo diru premiak bultzatuta, sakela betetzeko modukoak diruditen bi proiektutan aritu da azkenaldian: Dumbo hau, eta Beetlejuice-ren jarraipen moduko bat, datorren urtean estreinatzekoa dena.
Bertsio berriaren ezaugarri nagusia da pertsonaiak hezur-haragizkoak direla. Hala ere, ez da dena erreala; ordenagailuz egindako simulazioak ere ageri dira filmean. Hori bai, pelikulako aktoreak bilatzeko orduan, Burton ez da oso urrun joan; aski ezagunak dituen batzuekin egin du lan berriro ere. Horien artean daude Danny DeVito, Eva Green eta Michael Keaton bera ere.
'DUMBO'
Zuzendaria. Tim Burton.
Aktoreak. Colin Farrell, Michael Keaton, Danny DeVito, Eva Green, Alan Arkin.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2019.
Iraupena. 130 minutu.
Generoa. Fantasiazkoa.
Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian; eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Datorren asteko estreinaldiak
Itzuli da sekula joan ez dena
Tim Burtonek 'Dumbo' klasikoaren beste bertsio bat egin du, pertsonaia errealak sartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu