Itziar Ituño izango da Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria, eta Nagore Ugarte txupinera

Txinbotarrak konpartsako kidea da Ugarte, eta harentzat ohorea izango da «txinbotxupinera» izatea.

Itziar Ituño izango da aurtengo pregoilaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Itziar Ituño izango da aurtengo pregoilaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko ekainaren 26a
19:20
Entzun

Abuztuaren 17an hasiko dute Bilboko Aste Nagusia. Eta Bilboko Jai Batzorde Mistoak gaur jakinarazi du nortzuk aterako diren larunbat horretan Arriaga antzokiko balkoira: Itziar Ituño Martinez aktore eta abeslaria izango da aurtengo pregoilaria, eta Nagore Ugarte Ruiz Txinbotarrak konpartsako kidea, berriz, txupinera. Abuztuaren 25era arte Bilbon ibiliko dira, ekintzaz ekintza, Marijaiarekin batera.

«Basauriar erdi nafarra» da Ituño. Are: «Taula gainean bere saltsan dagoen lotsatia; hortaz, kontraesankorra muin-muinean». Musikaz gozatzea, dantzatzea eta abestea ditu gogoko, eta katuak «maite» ditu. Nabarmendu duenez, ez da aktorea soilik: «Guraso langileek hazi eta hezia, aktore gisara ezagutuko nauzue beharbada, baina beste gauza asko ere banaiz». Izan ere, soziologia ikasi zuen.

Basauriko Antzerki Eskolan ibili zen, «lotsa kentzeko». Ordutik, hainbat film eta telesailetan aritu da; besteak beste, Goenkale, Intimidad eta Toure detektibeatelesailetan, eta Loreak, Errementari eta Irati filmetan. Azken urteotan, gainera, La Casa de Papel Espainiako telesailean parte hartu, eta Euskal Herritik kanpo ere ospe handia hartu du. Jazarpen eta boikot mezuak ere jasan behar izan ditu Ituñok. Besteak beste, haren kontrako kanpaina bat abiatu zuten urtarrilean, Bilbon Sarek antolatutako manifestazioan parte hartu ondoren. Euskal Herriko BMWren saltokiek eta Iberia enpresak eten egin zuten Ituñorekin zeukaten harremana.

Txinbotarrak konpartsako Nagore Ugarte izango da aurtengo txupinera. BILBOKO KONPARTSAK
Txinbotarrak konpartsako Nagore Ugarte izango da aurtengo txupinera. BILBOKO KONPARTSAK

Pregoilaria Jai Batzorde Mistoak aukeratu du. Txupinera aukeratzeko, berriz, azkenaldian txupinerarik izan ez duten konpartsen artean zozketa egin dute. Zorrotza auzoko konpartsari egokitu zaio konpartsakideen artean txupinera aukeratzea, eta hala aukeratu dute Ugarte. Zorrotzako auzokidea da, eta konpartsaren sorreratik ibili da «txandak egiten, txosna muntatzen, panela margotzen, bazkariak prestatzen...». Hau da: «Danean egoten saiatzen da».

Ugartek aitortu duenez, Aste Nagusian gehien gustatzen zaiona «bazkalostean mahai inguruan luzatzen diren tertuliak» dira. «Familia bat osatu dugu, elkarrekin barre egin dugu, negar, mozkortu, haserretu, berriro besarkatu... Kristoren ohorea izango da txinbotxupinera izatea», borobildu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.