Ekainaren 26an iragarri zuten Bilboko Konpartsak elkarteak eta Bilboko Udalak Itziar Ituño izango zela Aste Nagusiko pregoilaria eta Nagore Ugarte txupinera. Gaur, udaletxean, aurkezpen ofiziala egin dute, jantziak soinean. Marijaiarekin batera, abuztuaren 17an emango diote hasiera Aste Nagusiari Ituñok eta Ugartek, Arriaga antzokiko balkoitik. Udaleko Jai Batzorde Mistoak aukeratu du antzezle basauriarra hasierako pregoia irakurtzeko. Ugarte konpartsako kidea, berriz, Bilboko Konpartsak elkarteak izendatu du.
Ituñorekin eta Ugarterekin batera, Bilboko Konpartsak elkarteko ordezkariak izan dira udaletxean, bai eta Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia eta Jai Batzorde Mistoko presidentea ere. Urtasunek aurreratu du bederatzi egun «oso biziak» izango dituztela pregoilariak eta txupinerak: «Leku guztietan egongo dira, hemen kontua ez da pregoia irakurtzea eta kito. Bukaera arte geratu behar da. Uste dut asko disfrutatuko dutela».
«Ez dakit zelan adierazi momentu honetan sentitzen dudana», hasi du aurkezpena Ituñok, hunkituta. Nahiz eta Bilboko Solokoetxen jaio, basauriarra da bera. Munduan zehar ezaguna da Ituño, batez ere La casa de papel Netflixeko telesailean egin duen rolagatik. Aurten, Aste Nagusiko pregoilaria izatea egokitu zaio. «Hau dena bizitzan behin jasotzen den opari bat da, ohore handia da. Oso eskertuta nago, bihotzez. Sentitzen dut Bilbo osoak besarkatzen nauela», eskertu du Ituñok izendapena.
«Nire lekua Bilbo da», ziurtatu du antzezleak, eta gehitu du ezen, mundu osotik ibili arren, inon ez duela sentitu bere hirian sentitzen duena. Pregoilaria izateko deitu ziotenean negar egin zuela esan du Ituñok, eta segituan onartu zuela proposamena. Bere agenda moldatu behar izan du, baina azkenean lortu du Bilboko jaietako bederatzi egunak libre izatea, «paperean ondo sartzeko». Aukera hau «zure lurrean profeta izatea» da, Ituñoren hitzetan.
«Esan behar dut ohorea dela, ohorea da Aste Nagusiko txupinera izatea, nire Txinbotarrak konpartsa ordezkatzea eta Bilboko konpartsak orokorrean ordezkatzea», adierazi du Ugartek. Zorrotza auzokoa da, irakaslea, eta Txinbotarrak konpartsan aritu da sorreratik. Horrez gain, 44. Aste Nagusiko txupinera izango da.
Aurkezpenean, Ugartek nabarmendu du zer-nolako ohorea den berarentzat txupinera izatea: «Urduri nago, baina, aldi berean, oso hunkituta, bilbotar batentzat eta, are gehiago, konpartsako kide batentzat, txupinera izatea oso inportantea delako». Konpartsek egiten duten lana ere azpimarratu du: «Izugarrizko lana egiten dute konpartsetan, ez bakarrik Aste Nagusian, baizik eta urte osoan. Jai herrikoiak egiten dira, eta badago aukera etortzen den edonor disfrutatzeko eta ondo pasatzeko».
Bilbon jaso duen harrerak harritu duela onartu du Ugartek: «Gaur arte, ez naiz txupinera jantzi, baina, hala ere, nire izena publikoa egin zenetik, kalean noala jendea etortzen da niregana, besarkada ematen, argazkiak eskatzen, musuak ematen; orduan, ba, saiatuko naiz ematen didaten harrera hori itzultzen». Zorrotzakoak esan duen moduan, «itzela da» txupinera izatea.
Programazioari dagokionez, Ugartek uste du «oso zabala» dela aurtengoa: «Badago lekua guztiontzat: jai herrikoiak dira, herritik sortuak, herriarentzat sortuak, eta, beraz, guztiok modu aske batean disfrutatzeko aukera izan behar dugu». Horrez gainera, adierazi du erasoen kontrako taldea eta protokoloa dituela Bilboko Konpartsak elkarteak: «Ez dugu inolako erasorik onartuko. Ez da inor gure babesik gabe geratuko».
Langileen borroka
«Badakit non dauzkadan sustraiak. Gero, munduan zehar ibiltzea tokatu zait, baina nik oso argi daukat nongoa naizen eta zer herritakoa. Eta, gainera, oso harro nago horretaz», adierazi du Ituñok prentsaurrekoan. Izan ere, Vianako (Nafarroa) Mondelez lantegiko langileengandik oso gertu azaldu da. Berak grabatutako bideo batean, Ituñok mezu bat bidali die 53 egunez greban izan diren langileei: «Esan nahi nizuen adibide bat zaretela, aurrekoan Tubacexeko langileak izan ziren moduan. Orain, Vianan, ikusten da langileen batasuna dela kentzen ari zaizkigun eskubideak berreskuratzeko bide bakarra». Atzo, lan hitzarmen berri bat adostea lortu zuten Mondelezeko langileek.