Ezarian

Itzalen lilura

Itzal txinatarren antzerkia kultur ondare izendatu berri du Unescok. Tolosako Topic txotxongilo museoak XVIII. eta XIX. mendeetako itzal txinatarrak gordetzen ditu.

Itzal txinatarren antzerkiak oso estetika berezia dauka. WORDPRESS.
2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Kondairaren arabera, duela milaka urte Txinan Wu-Ti enperadoreari gertatutako atsekabe batek sortu zituen itzal txinatarrak. Wang emaztea galdu ondoren, triste-triste zegoen enperadorea. Gortean zituen kantari eta bufoiek ez zioten bizipoza itzultzen, baina Sha-Song itzal erabiltzailea azaldu zen, emazte maitatua berpizteko gai zena. Bi zutoinen artean zabaldutako oihal zuri baten aurrean kokatu zuen enperadorea; zapian haren emaztearen itzala ageri zen, oihalaren atzealdean, Sha-Songek emakume baten irudia mugitzen zuelako argi baten parean. Enperadoreak, emaztea zela sinetsirik, itzalarekin hitz egin zuen, eta bizitzeko gogoa berreskuratu.

Hori da kondaira, baina itzalen antzerkiaren hasiera historiaurreko gizakiaren jokamoldean dagoela diote adituek, tartean, Miguel Arretxe Tolosako Topic txotxongilo museoko kudeatzaileak. Leizeetan, suaren parean, gorputza eta eskuak mugituz itzalak sortzen zituzten garaira itzuli behar da itzalen antzerkia ulertzeko. «Lehen itzalak horiek izanen lirateke. Itzal horien irudikapenek naturaz gaindiko garrantzia hartzen zuten, eta beste mundu bateko izaki bilakatzen ziren. Izan ere, txotxongiloaren jatorria ez da ulertu behar gaur egun ezagutzen dugun aisialdirako ikuskizun gisa, beste mundu magikoekin komunikatzeko eta jolasteko lehen modu gisa baizik».

Baina itzal txinatarrek, mendez mende, txotxongiloak manipulatzeaz gain, kantuak, ahozko literatura eta eskulangintza uztartu dituzte. Gaur egun ere, argiak jotzen duen oihal txuri baten atzean txotxongiloak mugitzean datza ikuskizuna. Txotxongiloak mugitzen dituenak irudira itsatsita dauden bi makilekin egiten du antzezlana. Berriki Unescok gizateriaren ondare immaterial eta kultural izendatu ditu herrialdeko itzalak, Txinako kultura, gizarte sinesmenak zein tokian tokikoak uztartzen jakin duelako. Izendapenak Txinan galtzen ari zen ikuskizun bat indarberrituko duela uste du Arretxek. «Iraultza kulturalaren garaian, itzalak erre edo lurpean sartu ziren. Ahaztuta zeuden, baina, orain, berreskuratzen ari dira, eta saria beste bultzada bat da bide horretan». Txina inperialean asko zabaldu ziren itzalak. «Dinastiek herrialdean barna egiten zituzten bidaietan txotxongilolariak eramaten zituzten, herritarrei itzalen bidez beste munduarekin zuten harremana kontatzen laguntzen zietelako», dio Topiceko kudeatzaileak. Egun Txina osoan daude itzalak, baina toki batetik bestera haien estetika aldatu egiten da. Herrialdearen hegoaldean itzalak apaindura gutxikoak dira, soilagoak, eta, ipar-ekialdean, berriz, askoz ere koloretsuagoak dira. Baina Iraultza Kulturalean kasik erabat itzali zutena berriro argitzen saiatzen ari dira Txinan, eta aurkiherrialde osoko itzalak biltzeko museoa eraikiko dute Chengdu hirian, Sichuan eskualdeko hiriburuan. Eraikinak 70.000 metro kuadroko azalera izanen du, eta, oraingoz, 250.000 itzal baino gehiago berreskuratu dituzte museorako.

Tolosan ikusgai

Baina itzal txinatarrak zer diren jakiteko ez dago Txinaraino joan beharrik. Tolosako Topic txotxongilo museoan Asiako txotxongilo bilduma aberatsa dute, eta, horien artean, Txinako 450 bat itzal dituzte ikusgai.

Museoak Frantziako antigoalekoen saltzaile bati erosi zizkion 2007. urtean. Ez ziren itsu-itsuan erosi, eta hainbat aditurekin aztertu zituzten. Itzalak XVIII. eta XIX. mendeetakoak dira. Handienak XIX. mendekoak dira, eta txikiagoak mende bat lehenagokoak. «Txinako itzal tradizional guztiak bezala abere larruarekin egindakoak dira: ahuntz edo asto larruarekin. Larrua karearekin tratatzen zuten, eta gero margotu egiten zuten», azaldu du Maria San Sebastian Topiceko museo arduradunak. Gaurko itzalen oso ezberdinak dira museoan dituztenak. Egun, batzuk larruarekin egiten badira ere, beste asko plastikoarekin edo kartoiarekin egiten baitira.

Txinako betiko itzalek badute beste ezaugarri bat: zatitu egiten direla. Txotxongilolariak, alde batetik, gorputzak gordetzen ditu, eta, bestetik, buruak. Agertokia eta kontatuko duen istorioa aberasteko eta apaintzeko beste pieza batzuk ere eramaten ditu: txanoak, dekorazioa, animaliak. « Gorputz kopuru batzuk izaten ditu, baina buru kopuruak beti gehiago izaten dira. Gorputz berak hainbat pertsonaia ordezkatzen ditu», zehaztu du San Sebastianek. Burua eta gorputza elkartuta 40-50 zentimetroko altuera eta 10-15 zentimetroko zabalera hartzen dute Topicen dauden itzal handienek. Txikiagoak, berriz, 15 zentimetro inguru dira garaieran, eta 6-7 zentimetro zabaleran. «Zaharrenak txikiak dira, eta askoz ere finagoak eta hauskorragoak». Guztiak ere margotuak daude; kolore beltzak, berdeak, horiak eta gorriak dituzte.

Larruarekin eginak izatean beste txotxongilo pieza batzuek baino hezetasun zertxobait gehiago behar dute, baina gehiegi ere ez, bestela azkar lizuna hartzen dutelako. Beste txotxongiloak baino hauskorragoak dira, tenperatura aldaketak gehiago nabaritzen dituztelako, eta etzanda gorde behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.