Itxurazko mugen gainetik

Argantzungo ikastolako gurasoek, ikasleek eta langileek egun osoko jaialdia egingo dute bihar, ikastola diruz laguntzeko. Hemendik gutxira, disko bat ere kaleratuko dute.

Argantzun
2014ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herriko herri bat izanagatik ere, administratiboki Gaztela eta Leoni (Espainia) lotuta dagoen herria da Argantzun (Araba). Horrek herriko ikastolari arazo handiak sortzen dizkio, erakundeen diru laguntzak jasotzeko garaian oztopoak izaten baititu. Hala ere, 2003an ikastola ireki zutenetik, gero eta guraso gehiagok eramaten dituzte seme-alabak hara. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, ikastolako komunitate osoak, gurasoek, irakasleek eta langileek ekitaldi ugari egiten dituzte urtean, finantzaketa lortzeko. Bihar ekitaldi horietako bat dute: ikasturte amaierako jaialdia. Egun osoko festa izango da.

Urtean antolatzen dituzten ekitaldi guztien artean esanguratsuenetarikoa da ikasturte amaierako jaialdia. Bihar hirugarren jaialdia izango da, eta Ekaitz Lotina ikastolako langileak dio horren bitartez ikastola «bizi-bizi» dagoela adierazi nahi dutela: «Jaia eta aldarrikapena ikastolak dituen finantzaketa beharrekin uztartuko ditugu».

Egitaraua hasteko, ikastolaren aldeko mendi martxa egingo dute goizean goiz. 21 kilometroko ibilbidea du mendi martxak, eta iaz izan ziren 150 parte hartzaileetara iristea espero dute. Eguerdi aldera, Pirritx, Porrotx, Mari Motots eta Bonberenea Txarangak herriko kaleak alaituko dituzte kalejira batekin. Jarraian, pailazoek ikuskizuna egingo dute. Aldi berean, inguruetako hainbat ekoizle eta eskulangile bilduko dituen azoka irekiko dute. Bazkaltzeko, hirurehun pertsona elkartuko dira, eta eguna Dantza Plaza erromeriarekin amaituko dute, arratsaldean.

Herria biziberritu

Ikastolaren bitartez, Argantzun eta inguruko herrietan euskara biziberritzea lortu dute: «Hasi ginenean, ez zegoen ezer euskararen inguruan herri hauetan», dio Lotinak. Baina, horrez gain, inguruetako bizitza kulturala dinamizatzea eta biztanleria mantentzea ere ahalbidetu dute, haren esanetan: «Jaietan txosna jartzen dugun bakarrak gara, eta herrian dauden talde asko eta asko gure inguruan sortu dira».

Horren adibide gisa jarri du ikastolako gurasoek aisialdian euskara erabiltzeko sortu duten taldea. Gainera, eskualde osoko haurren topagune moduan ere funtzionatzen du ikastolak, hara Tuiu, Burgueta, Pangua, Miranda eta Araiako haurrak ere joaten baitira. Argantzunen Haur Hezkuntza bakarrik eskaintzen dute, eta, Lotinak dioenez, gustatuko litzaieke etorkizun batean Lehen Hezkuntzarako aukera edukitzea ere, baina egoera ekonomikoagatik «ezinezkoa» zaie. Horregatik, uste du erakundeek «benetan» inplikatu behar dutela: «Bada garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko».

Izan ere, gaur egun, Euskal Herriko Ikastolen Elkartasun Kutxari esker ateratzen dute aurrera ikastolaren egunerokoa. Bihar ere, jai egun handia dutela aprobetxatuz, ikastolaren alde Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek hainbat musikarirekin ateratako diskoa aurkeztuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.