Joseba Garmendia. Ekonomialaria

«Itxurak egiten jarraitzen dugu, nora ezean, krisian gehiago sakontzen»

Joseba Garmendia EHUko irakasleak salatzen du krisiaren benetako irudiak ezkutatzeko erabiltzen dituztela makroekonomiaren zenbakiak, eta egoeraren benetako neurria langabeziak eman behar duela dio.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Joseba Garmendia (Zumarraga, Gipuzkoa, 1968) ekonomialaria eta antropologoa da. Ekonomia irakasten du, EHUn, eta Krisia barrutik eta kanpotik hitzaldia emango du gaur, 18:00etan, Gasteizko Amaia zentroan (Aranbizkarra).

Krisiak ba al du barruko eta kanpoko alderik?

Krisia nola hasi zen azalduko dut hitzaldian, eta horrek nola izan duen eragina etxe merkatuan, bankuetan, munduko finantza sisteman eta, azkenean, nola eragiten dion ekonomia errealari.Sekuentzia hori da kanpoko aldea, agerian dagoena eta edozein ekonomialarik erraz onartzen duena. Barruko aldea, berriz, egoera honetara eraman gaituzten benetako egiturazko arrazoiak eta dinamikak dira. Azken 30 urteotan neoliberalismoaren paradigmaren barruan gertatu diren fenomenoak azaldu behar dira.

Fenomeno edo dinamika horien adibide bat eman dezakezu?

Zergak. 30 urte daramagu errenta altuenei zergak murrizten. Orain dugun zor publikoaren krisia oso lotuta dago horrekin. Ez da kasualitatea esku hartuta edo sasi-esku hartuta dauden herrialdeak izatea zerga presioa gehien murriztu dutenak: Grezia, Irlanda, Portugal, Espainia.

Horren harira hartu diren neurriak benetako ahaleginak dira?

Itxurak egiten jarraitzen dugu, nora ezean, krisian gehiago sakontzen. Datozen bi urteetan atzera egingo dugu berriz, irtenbiderik gabe.

Daniel Innerarity filosofoak joan zen astean esan zuen administrazioak orain gastuak murrizten ibili beharrean gehiago gastatzen aritu beharko luketela. Ados?

Bai. Ez hori bakarrik. Krisiak gizarteari eragiten dioten kaltearen arabera neurtu beharko genituzke, ez eta makroekonomiaren aldagaien bilakaeraren arabera. Gizartearen ongizatea hobetzea izan beharko luke ekonomiaren zeregina. Hori ezkutatzeko, makroekonomiaren zifra hotzei begira jartzen gaituzte: burtsak edo barne produktu gordinak gora edo behera egiten duen. Gaur krisiaren itzulpen erreala ez da hori, baizik eta zenbat pertsona dagoen soldatarik gabe, zenbat familia diru sarrerarik gabe, zenbat etxerik gabe, zenbat elikagai bankuei esker jaten eta zenbat lapurtzen. Horiek dira krisiaren irudi errealak.

Bagenekien 2012. urtea txarra izango zela, baina orain esaten digute hurrengoak ere beltz datozela.

Aurretik esan dudana ilustratzeko balio du horrek. Makroekonomiaren zenbakiei begiratuta, aurten atzeraldia egongo da, baina datorren urtetik aurrera teknikoki atzeralditik aterako gara. Hori hala da, baina litekeena da hurrengo bost edo sei urtean lanik sortu gabe jarraitzea. Horregatik diot krisiaren benetako neurria langabeziak eman beharko lukeela. Zazpi urte pasatuko ditugu krisi aurretik genuen langabezia tasara itzuli arte.

Itxaropenerako errezetarik ba al duzu oraintxe bertan ezartzeko?

Lehen neurria: zerga sistemaren progresibitatea handitzea, eta, hor sartuta, iruzurraren kontra modu eraginkorrean borrokatzea. Bigarrena: alor publikoak ekonomia sustatzeko ahalegin sendoagoa egitea. Hirugarrena: lan merkatuaren erregulazio propioa Euskal Herriarentzat, lanaldia murriztu behar baitugu, langabeziari aurre egiteko. Eta gizarte babeserako sistema indartzea. Hori egiteko, ados jarri beharko lirateke gizartea, politikariak eta sindikatuak, eta neurriak hartu, inongo konplexurik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.