Itxitura birtualak, eta zintzarri digitalak

Teknologia berriak geroz eta gehiago erabiltzen dituzte lehen sektorean. Abeltzainek, zenbait aplikazioren bidez, une oro jakiten dute ganadua non dagoen, eta noiznahi aldatu dezakete bazkatzen diren eremua, batere hesirik jarri gabe.

Hesi edo itxitura birtualak jartzeko aukera ematen duen Nofence aplikazioa, sakelakoan. Atzean, Donostiako Pokopandegi baserriko behiak. GORKA RUBIO / FOKU
Hesi edo itxitura birtualak jartzeko aukera ematen duen Nofence aplikazioa, sakelakoan. Atzean, Donostiako Pokopandegi baserriko behiak. GORKA RUBIO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Donostia-Idiazabal
2024ko abenduaren 7a
05:00
Entzun

Koilareak jantzita dabiltza behiak, pertxenta, Pokopandegin. Ojarbin, une oro dakite Pepa behorra eta haren taldekoak nondik nora dabiltzan. Donostian dabiltza brown swiss arrazako behiak eta bigak bazkatzen, Arantxa Goenagaren etxaldean. Idiazabalen (Gipuzkoa) dabiltza Euskal Herriko mendiko zaldi arrazako bururik ederrenetakoak, Maider Intxaustiren etxaldean. Bi adibide baino ez dira. Lehen sektorera iritsitako belaunaldi berrien bi adibide, eta teknologia berriek haien jarduna errazten nola lagundu dezaketen ohartzeko bi adibide.

Asko dira aplikazioak eta aurrerapenak. Ganaduzaleen artean, ordea, bik hartu dute indarra aspaldian: itxitura birtualak eta geolokalizazio sistemak. Ganaduak adina marka eta modelo daude merkatuan, baina bi dira euskal ganaduzaleek gehien erabiltzen dituztenak: Nofence eta Digitanimal. Aurrenekoa gehiago da itxiturarik gabeko itxitura birtualak sortzeko, eta bigarrena gehiago da ganadua GPS bidez lokalizatuta eta monitorizatuta edukitzeko. Sakelakoan deskargatutako aplikazioen bidez funtzionatzen dute biek. Nofence sistema Norvegian sortutakoa da. Hangoa da enpresa eta hangoa da patentea. Hamabost urte baino gehiago daramatza arlo horretan. «Hesi birtual bat da, ez da GPS sistema tradizional bat. Alderik handiena da kasu honetan animaliak eta gailuak elkarri eragiten diotela. Ez da hutsean informazioa ematen duen sistema bat. Elkarrekintza bat dago tartean. Gailu horrek animaliaren mugimendua mugatzen du perimetro baten barruan. Eta perimetro horren neurria norberak zehazten du gailu mugikor baten bidez», azaldu du Julian Torresek, Nofencek Euskal Herrian duen salmenta arduradunak —Gasteizen dute bulegoa, Arabako Teknologia Parkean—. Nola funtzionatzen duen? «Animalia aldez aurretik ezarritako muga horretara iristen denean, txistu edo soinu bat entzuten du. Mugara zenbat eta gehiago gerturatu, orduan eta ozenago. Mugara iritsi eta gainditzen saiatzen bada, pultsu elektriko bat jasotzen du. Lehen ohartarazpena soinu bidez egiten da, eta bigarrena pultsu elektriko baten bidez».

Hesirik ez Pokopandegin

Arantxa Goenagak eta haren sendiak sei hilabete daramatzate sistema horrekin Pokopandegin. Esnetarako behiak eta bigak (txahalak) dituzte han: ehun burutik gora. Goenaga esneki ezagunak egiten dituzte, besteak beste. Sistema «erosoa» dela dio: «Nik nahi dudan tokira eta nahi dudan eran hedatzen edo murrizten dut behiak bazkatzen diren tokia. Adibidez, gertatzen zaigu auzoak uztea bere terreno zati bat gure ganaduarentzat, baina itxiturak egin behar dira terrenoa mugatzeko, eta oso garestia da hori». Teknologia berri hori ere ez da merkea, baina inbertsio bat da. «Itxiturarik eraiki gabe, bazkatzeko tokia nahieran mugitzea: hori da sistema honek daukan abantailarik handiena. Terrenoak irabazteko aukera ematen du, bigak beste terreno batzuetan edukitzekoa, beste tarte batzuetan. Belar berria izatekoa. Eta atentzioa ere ematen du, gu hirigunetik oso gertu gaudenez, deitu izan baitigute esanez: ‘behi bat suelto dabil; ihes egin dizue’. Zeren itxura hori ematen du: hesirik ez dagoenez behiak euren kasa dabiltzala».

Arantxa Goenaga abeltzaina, Donostiako Pokopandegi baserrian, Nofence aplikazioa erakusten. GORKA RUBIO / FOKU
Arantxa Goenaga abeltzaina, Donostiako Pokopandegi baserrian, Nofence aplikazioa erakusten. GORKA RUBIO / FOKU

Izan ere, animalia guztiek daukate koilare bat jarrita, eta denbora guztian daramate. Goenagak ere azaldu du nola funtzionatzen duen aplikazioak: «Haiek ez dute itxiturarik ikusten. Badakite muga bat dutela, soinu bat entzuten baitute muga horretara gerturatzen direnean. Errespetatzen badute, ez zaie ezer gertatzen. Gainditzen saiatzen badira, deskarga elektriko txiki bat jasotzen dute. Harizko hesiak jartzen ditugunean ere, hori jasotzen dute. Azkenean, ikasketa prozesu bat da».

Torresek eman ditu argibide gehiago: esplikatu du ganaduek zintzilik daramaten gailuak GPS bidez funtzionatzen duela eta ez duela estaldurarik behar. Gailua beti dagoela piztuta, estaldura izan edo ez. Eta hiru abisu ematean, atzera egiten dutela animalien %99k. «Atzera egiten ez badute, harrapari bat edo gizakiren bat tartean dagoelako izaten da. Abereren batek muga gaindituko balu, sakelakora alarma bat iritsiko litzateke horren berri emateko. Kasu horretan bai, estaldura behar da».

Teknologia hori behientzat, ahuntzentzat eta ardientzat erabiltzen da. «Zaldietan ez da erabiltzen, ez baitago homologatua», azaldu du Torresek. «Aholkularitza lana egiten dugu. Jakin behar dugu zertarako erabili behar duten, zertan lagunduko dien: terreno gehiago izateko, pentsuan dirua aurrezteko… Eta aztertzen dugu estalduraren gaia ere, zeren hesi birtualak ez du estaldurarik behar, baina gutxieneko estaldura behar da animaliari buruzko informazio eguneratua jasotzeko». Gailuek berriz kargatzeko bateriekin funtzionatzen dute. Behientzakoek zortzi hilabete irauten dute. Ahuntzenak eta ardienak, sei hilabete. «Sortzen duzun hesiaren tamainak ere baldintzatzen du bateriaren iraupena. Eta estaldurak ere bai, zenbat eta estaldura okerragoa izan, orduan eta bateria gehiago gastatzen baita».

Pokopandegi etxaldeko behi bat, hesi birtualaren koilarea jarrita. GORKA RUBIO / FOKU
Pokopandegi etxaldeko behi bat, hesi birtualaren koilarea jarrita. GORKA RUBIO / FOKU

Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak ematen ditu teknologia horiek erabiltzera bultzatzeko. Iazko eta aurtengo abuztuan egin zituzten deialdiak. Nofenceko Torres gustura dago izan duten harrerarekin: «Ongi ari gara lanean. Euskal Herrian 3.000 koilare baino gehiago dauzkagu martxan. Ganadutegi txikiak eta ertainak izaten dira. Lekua edo terrenoa irabazteko aukerari balio handia ematen diotenak. Eta onurak ez dira ganaduzalearentzat bakarrik, baita administrazioarentzat ere, aukera ematen baitu herri mendietako belazeak-eta zainduta edukitzeko».

Pepa behorra, Ojarbin

Zainduta dauzkate inondik ere Ojarbi baserri ederraren inguruak Maider Intxaustik eta haren bikotekide Aitzol Mendizabalek. Gain eder batean, bazter batean Txindoki eta bestean Aizkorri, ehun burutik gorako azienda dute, Euskal Herriko mendiko zaldi arrazakoa. Haragitarako behorrak, zaldiak eta moxalak. Hazitarako almazari edo garañoak ere bai, ikusgarri askoak.

Intxaustik beti piztu izan diote interesa teknologia berriek. Etxalde guztia dauka kameraz zainduta: hiru bideo grabagailu ditu jarrita, eta hamasei kamera ditu bakoitzak. Zaldiak, berriz, Digitanimal sistemaren bidez kontrolatzen eta monitorizatzen ditu. «Hesi birtualarena ez da erabilgarria behorrentzat, egokiago ikusten dut behientzat, ardientzat edo ahuntzentzat. Guk Digitanimal sistema erabiltzen dugu. Gailu posizionalak dira: ordu erdian behin seinale bat emititzen dute. Satelitearen bidez, kokapena iristen zaizu sakelakora. Eta ikusten duzu zure behorra non dabilen. Bateriek ere gehiago irauten dute: urtebeteko bermea dute».

Maider Intxausti abeltzaina, Idiazabalgo Ojarbi baserrian, Pepa behorrarekin, Digitanimal aplikazioa erakusten. GORKA RUBIO / FOKU
Maider Intxausti abeltzaina, Idiazabalgo Ojarbi baserrian, Pepa behorrarekin, Digitanimal aplikazioa erakusten. GORKA RUBIO / FOKU

Pepa behor otzan bikainari jarri dio zintzarri digitala argazkirako. Aplikazioa ireki du sakelakoan. «Begira: horiek dira etxe inguruan dauzkagun behorrak. Alertak ere iristen zaizkizu estaldurarik gabe gelditzen direnean, edo beste arrazoien batengatik. Ikusten duzu? Nola ikusten diren? Eta jakin dezakezu behor bakoitzak zer ibilaldi egin duen ere». Ez dira merkeak, baina haien kasuan bada abantaila bat: ez dutela zertan buru bakoitzari gailu bat jarri. «Agintzen duen behorrari jartzen dizkiogu guk. Taldea berari segika joaten denez, bati bakarrik jarrita badakigu besteak ere non dauden. Guk hamabost buru eramaten baditugu Urbiara, hiruri jartzen diegu gailua. Gertatu liteke baten bat sakabanatzea, baina ez dira bakarka ibiltzen. Taldea osatzen dute euren artean».

Eta kortatik atera dute animalia txundigarri bat: Pepe almazaria. Gailuen beharrik gabe iragarri du Intxaustik: «Aurtengo Santa Luzia eguneko azokako txapelduna aurkezten dizuet».

Pepe almazaria, Maider Intxaustirekin. GORKA RUBIO / FOKU
Pepe almazaria, Maider Intxaustirekin. GORKA RUBIO / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.