«Ze gozamena!», esan dio emakume gazte batek lagunari, itsasoan sartu berritan. Bainurako egun egokia izaten ari da larunbatekoa. Aurten, ordea, ezingo da egun guztietan Kontxako hondartzako uraz gozatu. Donostiako alkate Eneko Goiak asteon baieztatu duenez, bi egunez itxita egongo da hondartza Woody Allen zinemagilearen filmaren grabaketen eraginez. «Donostiarentzat garrantzitsua izango da film hori hirian egitea», adierazi du Goiak. Itxiera zein bi egunetan egingo duten ez dute iragarri.
Erabakiak askotariko iritziak sorrarazi ditu donostiarren eta kanpotarren artean. Zenbaitentzat, ez da bidezkoa espazio publikoa modu horretan ixtea, eta,beste batzuen ustez, Allenen pelikulak onurak ekarriko dizkio hiriari.
Fernando Aiape egunkaria irakurtzen ari da, patxadan. Ez hark ez haren emazte Dolores Arrietak ez dute erabakiaren berri izan orain arte, eta, jakin dutenean, ez dira batere kontent jarri. «Pixka bat fuertea iruditzen zait hondartza ixtea», esan du Aiapek. Arrietaren ustez, ez du zentzurik halakorik egiteak. «Alkateak ez digu iritzirik eskatu, eta beste kontu garrantzitsu batzuetan ere ez; metroaren kasuan, esaterako», gaineratu du Aiapek.
Andorrakoa da Mireia Martos, oporretan da Euskal Herrian, eta oso gogor mintzatu da: «Espazio publikoak ez dira itxi behar. Gauza bat da erraztasunak ematea, eta beste bat hondartza jendeari ixtea. Inor ez da beste inor baino hobea, Woody Allen bera baldin bada ere».
Olga Gonzalezen iritziz, espazio publikoa «denena» da: «Gainera, gaur egun, teknologia berriek ahalbidetzen dute pelikuletan nahi duzuna agertzea, baita eremu bateko jendea kentzea ere». Patxi Oiagak ere ildo beretik jo du: «Laster ikusiko ditugu pelikulak, zeinetan Humphrey Bogart eta Kim Basinger solasean azalduko diren. Teknologiak gauza asko ahalbidetzen ditu. Zentzugabekeria iruditzen zait hondartza ixtea».
Allenen pelikula grabatzeko hondartza ixtea begi onez ikusten dute, berriz, Maite Santosek eta Mari Koro Garciak. Kontxara ia egunero joaten dira, eta gaiaz solasean ari dira beste bost lagunekin. «Zoragarria iruditzen zait. Donostia mundu osoan ezagutaraziko da. Bi egun horietan, hiriko beste bi hondartzetara joan gintezke: Zurriolara eta Ondarretara», azaldu du Garciak. Santos ere iritzi berekoa da: «Onartzen dugu bi eguneko itxiera. Donostiarentzat ona izango da». Haien lagun batek aipatu du kritikatzen dabiltzanak asteburuan joango direla hondartzara, baina ziur aski hondartza aste barruan itxiko dutela.
Maria Angeles Mende familiarekin ari da hondartzaz gozatzen. Allenen pelikula bertan grabatzea pozgarritzat jo du: «Etekinak emango ditu. Publizitatea izango da hiriarentzat eta Kontxarentzat. Turistak baldin badatoz ere, kabituko gara nonbait».
Donostiarrak eta gipuzkoarrak ez ezik, beste toki batzuetako hondartzazaleak ere badaudeKontxan egunaz disfrutatzen. Australiako gizon gazte batek keinua okertu du Allenen izena entzun bezain laster. Zaragozako (Espainia) Miguel Perezek, berriz, esan du «putakeria» dela hondartza ixtea: «Herritarrek zergak ordaintzen dituzte hondartzaz gozatzeko, eta ez hiruzpalaupertsonak hortik onurak ateratzeko». Harokoa (Errioxa, Espainia) da Zipri Alonso, eta, hareniritziz, pelikulahirian grabatzea mesedegarria izan daiteke: «Donostiari glamourra emango dio. Allen da, ez ezezagun bat, eta horrek ospea emango du. Batek bestea konpentsatzen du».
Glamourra irailaren amaieran iritsi ohi da hirira, Zinemaldiaren egunetan. Aurten, ordea, uda osoan egongo da hiriko kaleetan: Louis Garrel, Gina Gershon, Christoph Waltz, Sergi Lopez eta Elena Anaya aktoreak arituko dira, besteak beste, Allenen zuzendaritzapean lanean.
Antonio Zugasti donostiarrak bi aldeak ikusten ditu: «Ondo dago, pelikularekin elkarlanean arituko direlako. Baina argi dago hirian nahasmenduak eragingo dituela».
«Mozkorraren ostean, ajea»
Uztailaren 10etik abuztuaren 23ra, sei astez arituko dira komedia erromantikoa grabatzen. Pilar Mendibilen iritziz, auzia ez da soilik Kontxako bi egunena: «Kontua da Donostia kolapsatu behar badute, egingo dutela. Eneko Goia alkateak dagoeneko esan du men egingo dietela pelikularen behar guztiei». Filmak gerora ekarriko duenarekin kezkaz mintzatu da: «Pelikula horren ondoren, ez gara hirian kabituko». Patxi Oiagak gustukoa du Allenen zinema, eta iruditzen zaio haren zinta batean Donostia agertzea ondo egon daitekeela. Baina ohartarazi du: «Hau mozkor handi bat bezalakoa izan daiteke: gero, ajea dator. Izan ere, ikusten ari gara nola ari diren hiria turismoari saltzen. Ez badugu euskararik entzuten, non dago Donostiaren izaera?».
ATZEKOZ AURRERA
Itxi egingo dute Allenentzat
Uztailaren 10etik abuztuaren 23ra, Woody Allenek bere 51. filma grabatuko du, Donostian. Bi egunez Kontxako hondartza guztiz itxiko dute, eta askotariko iritziak eragin ditu horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu