Donostiako Zinemaldian ugariak dira atzerriko film eta telesailak. Baina Euskal Herrikoek ere badute beren tokia. Atzo aurkeztu zuten Itxaso telesail berria, Donostiako Kursaaleko EITBren set berezian. Atzo arratsaldean egin zuten aurrestreinaldia, Viktoria Eugenian, eta gaurtik aurrera egongo da ikusgai Primeran plataforman; euskal edukiak eskuragarri jarriko dituen plataforma digital berrian. Zortzi atal ditu telesailak, eta thriller kutsua du. Aurkezpenean egon ziren atzo, Jon Plazaola, Itziar Atienza eta Nerea Mazo aktore protagonistak. Baita Unai Iparragirre ETBko zuzendaria ere, besteak beste.
Itxaso surfaren munduan dago girotua, baina abiapuntua besterik ez da surfa. Telesailak 17 urteko neska baten istorioa kontatzen du. Ama hiltzean, Mexikotik Euskal Herriko kostaldeko herri txiki batera joango da gaztea, aitarekin bizitzera. Herri horretako surf eskola bateko arduraduna da aita, eta alabak ez du apenas ezagutzen. Aitaren eta alabaren arteko istorioa da telesaila. Istorioaren mamiak nork bere burua gainditzeko egin beharreko ahalegina du ardatz. Gainditze horri buruz jarduten da, emozioen arloan bereziki. Galerari nola aurre egin, eta guraso bakarreko amatasuna edo aitatasuna, seme-alaben heziketa, edo bigarren aukerak jorratzen dira telesailean, besteak beste.
Mazo (alaba), Plazaola (aita) eta Atienza (ama) dira protagonista nagusiak, baina ez dira bakarrak. Telesailean hainbat aktore agertzen dira. Esate baterako, Aritz Kortabarria, Nerea Garmendia,Jon Mendia, Amancay Gaztañaga, Sambou Diaby, Nerea Paris, Itziar Manero, Aitor Beltran, Aitor Borobia eta Aitor Frantzesena. Telesailaren ideia originala Sergio Sanchorena eta Daniel Terzaguirena da. Maria Cortesek sortu du telesaila, eta Antonio Diaz Huertak zuzendu du. Ekoizpena ETBk eta K-2000k (Mediapro) egin dute. Telesailean, gainera, Bizkaiko kostaldeko paraje ikusgarriak ikusiko dira. Sopelan, Plentzian, Gorlizen eta Muskizen egin dira grabaketa lanak.
Aurrerago, Netflixen
Primeran euskal edukien plataforma berrian estreinatuko den lehen telesaila izango da Itxaso. Ikusleek bertan izango dute 50 minutuko zortzi atalak ikusteko lehen aukera, baina ez bakarra. Aurrerago ETBn ere emango dute telesaila. Hala ere, Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere ikusteko aukera izango da, Netflix streaming plataformaren bidez. Aurreko astean bertan jakin zen plataformak aurreneko aldiz ETBko euskara hutsezko telesail bat (Bi eta bat) jarriko duela ikusgai bere zerbitzuan, eta Itxaso telesailak ere tokia egin du bertan. Euskarazko beste film batzuk ere badaude; besteak beste, Errementari, Loreak eta Amama.
'Itxaso' telesaila gaurtik aurrera egongo da ikusgai Primeran-en
Zortzi atal ditu, eta Nerea Mazo, Jon Plazaola eta Itziar Atienza dira protagonista nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu