Argazkilaritza

Itxaropena, argazki batean

Hondurastik AEBetara zihoan migratzaileen karabanarekin Mexikon bat egin, eta han bizi izandakoak bildu ditu Asier Vera fotokazetariak Gasteizko Salburua auzoan.

Migratzaileen karabanan parte hartu zuten gazte batzuk, erakusketako argazki batean. ASIER VERA.
jone arruabarrena
Gasteiz
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Milaka pertsonaz osatutako giza itsaso bat, kolore askotakoa eta itxaropenez gainezka egiten zuena. Marea horren erdian egon zen Asier Vera kazetaria Mexikoko Huixtla hirira heldu zenean. Orain Gasteizera ekarri ditu han ikusitakoak, La caravana de los sueños, (Ametsen karabana) erakusketan.

2015. urtean lurreratu zen Guatemalan gasteiztarra. «Protesta batzuk egon ziren urte horretan, eta horien ondoren hauteskundeak ere baziren Guatemalan. Ikusi nuen bertatik bertara ezagutu beharreko zerbait zela, eta egun batetik bestera hegaldi bat hartu nuen, hiru hilabetean han geratzeko asmoarekin». Hiru hilabete horiek bost urtera luzatu ziren, ordea.

2018ko urrian milaka pertsona irten ziren oinez Hondurasko San Pedro Sula hiritik, amets amerikarrari jarraika. Gaizkile taldeen bortizkeria eta gosea uzten zituzten atzean, eta 4.000 kilometro zeuzkaten aurretik. Bidean batu zitzaizkien beste 2.000 hondurastar, eta baita 3.000 pertsonaz osatutako El Salvadorko beste karabana bat ere. Bide orria argi zeukaten: Hondurastik Guatemalara, eta handik Mexikora. «Mexiko eta AEB banatzen dituen mugara iristean, estatubatuarrek ateak parez pare zabalduko zizkietelako ustea zeukaten», azaldu du kazetariak.

Verak karabanaren berri izan zuenean, El Peteneko oihanean zegoen, erreportaje bat egiten. «Egun batzuk geroago, Guatemalako hiriburura heltzea lortu nuenean, karabana jada Mexikon zegoen». Bi aldiz pentsatu gabe hartu zuen erabakia: Mexikora abiatu zen, karabana zegoen lekura. «Heldu nintzenean, zazpi mila pertsona aurkitu nituen. Horietako asko familiak, emakume ugari, beraien seme-alabekin. Orduan konturatu nintzen gertatzen ari zena ahalik eta modurik enpatikoenean kontatzeko modu bakar bat neukala: bidea beraiekin egitea».

Veraren kamera kontakizun horien guztien testigu izan da, eta orain Gasteizko Salburu auzoko gizarte etxera ekarri ditu bizipen horiek. «Argazki tristeak badaude, istorioa ere latza delako. Baina jendeak irudi alaiak ikus ditzan ere nahi dut, azken finean karabana abentura bat ere izan zelako: ametsez eta itxaropenez betetako bidaia bat izan zen, koloretsua».

AEBetarako bidea egitea ez da erraza, eta karabanan parte hartzen dutenek ondo dakite hori. Hala ere, halabeharrez begiratzen dute AEBetara: «Biolentzia, desberdintasun egoerak eta aukera faltei, beste arazo koiuntural batzuk gehitzen zaizkie; Hondurasen, adibidez, joan den urtean Iota eta urakanek baliabide gabe utzi zituzten familia asko». Haien jatorrizko herrialdeetan, nerabeek aurrera ateratzeko izaten duten aukera bakarra, askotan, gaizkile taldeetan sartzea izaten da: «Horrek esan nahi du beraien patua kartzela edo heriotza izango dela». Guraso askok beraien seme-alabak bortizkeria horretatik aldentzeko asmoz bidaiatzen dute.

Patua, zoriaren esku

Rosa Pineda,55 urteko emakumea, 17 eta 12 urteko Celeste eta Isaac seme-alabekin batera batu zen karabanara. Han ezagutu zituen Verak, eta, haren esanetan, bere «familia hondurastarra» bihurtu zen laster. Haiekin hainbat astez oinez ibili ondoren, 2018ko abenduan, AEBekiko mugan dagoen Tijuana hirian banatu behar izan zuten. Hondurastarrek hesiaren beste aldera heltzea lortu zuten, baina han AEBetako Poliziak atxilotu zituen. Bi egunez migranteen atxiloketa zentroan egon ondoren, aske utzi zituzten. Pinedak asilo eskaera egin zuen, Hondurasen arriskuan zeudela adieraziz.

Duela bi urte bisitatu zituen berriro Verak. Minnesotan elkartu zen haiekin: «Minnesotara heldu zirenean, bertako emakume batek etxean hartu zituen. Aterpea, janaria, ikasketak, jantziak... dena ordaintzeko prest agertu zen». Orain, epaiketaren zain dago familia osoa. Han erabakiko da ea AEBek asiloa ematen dien edo berriro ere Hondurasera eramango dituzten.

Beste askok, ordea, ez dute zorte berbera izan. 2018an, AEBetako Poliziak gasa bota zien beste aldetik migranteei. 2020. urtean antolatu zen karabanaren kasuan, Mexikoko Polizia izan zen gasa bota zuena, eta urte honetako urtarrilean abiatu den karabanari, bidean bi egun baino ez zeramatzatenean, Guatemalako Poliziak eta armadak eraso zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.