Iturberen ustez, EITB «indartsuago» dago beste pauso batzuk emateko

Elkarrekin Podemosen iritziz, iritsi da garaia EITBk kate jeneralista pribatuei imitatzeari uzteko

Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak plan estrategikoaren ondorioen berri eman zuen atzo legebiltzarrean. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
«Kudeaketa zintzo bati esker, orain indartsuago gaude pauso berriak emateko». Hala esan zuen Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak atzo, Eusko Legebiltzarrean, kontrol batzordean. Iturbek berak eskatutako agerraldian, 2013-2016 epeko plan estrategikoaren emaitzen berri eman zuen. EAJk zoriondu egin zuen, baina gainontzeko talde politikoen kritikak jaso zituen.

Iturbek gogorarazi zuen krisialdi ekonomikoak nabarmen eragin ziola planaren finantzaketari: «2009-2012 epearekin alderatuz, 153 milioi euro gutxiago izan zituen EITBk 2013-2016 epean. Inoiz ez da halako murrizketarik egon EITBko aurrekontuetan». Baina, hala ere, emaitzak «oso duinak» izan zirela iruditzen zaio Iturberi: «Ez dago ez defizitik ez zorrik».

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Eukene Aranaren arabera, ordea, herritarrak ehunka mila euroko kostua ordaintzen ari dira kalte-ordainetan, minutetan eta isunetan. «Zuek oker berak egiten jarraitzen duzue, eta lege iruzurrezko kontratazioak eginez». Gogor mintzatu zen Elkarrekin Podemoseko ordezkaria: «Zuzendaritza ez da gai izan eta orain ere ez da gai langileekin akordio bat egiteko beren ordezkari sindikalen bitartez».

EH Bilduko Jasone Agirreren arabera, krisiaren aurretik hasi zen EITB kontratu irregularrekin. Iturberi galdetu zion ea noiz hasiko diren egiturazko lantaldea eztabaidatzen, eta zuzendari nagusiak erantzun zuen ez direla hori negoziatzen ari. Koalizio bereko Josu Estarronak kezka azaldu zuen, Eusko Jaurlaritzako sailburuen eguneroko agenda «oso modu iraunkorrean» agertzen delako ETBko albistegietan.

Iturbek esan zuen 2013-2016 eperako helburuak bete egin dituela EITBk, «oso ongiko notarekin». Aranak, ordea, «zorroztasun eza nabaria» leporatu zion EITBri, ebaluazioaren metodologiari dagokionez. «Harrokeria eta autokonplazentzia dira esatea helburuak bete direla, nahiz eta2016an eta 2017an ETBk historiako ikusle daturik txarrenak izan dituen».

PPko legebiltzarkide Nerea Llanosek ere «autokonplazentzia» leporatu zion Iturberi: «Helburuak bete badira, agian izango da ez zirelako oso anbiziotsuak». Bai Llanosek bai PSE-EEko Rafaela Romerok esan zuten ikusle datuek ez dutela erakusten Iturberen ikuspegi baikorra.

EITBko zuzendaritzari proiektu eza leporatu zion Elkarrekin Podemoseko ordezkariak: «EITBk, eta bereziki ETBk, premia larriz norabide aldaketa bat behar duela adierazten duten datuak eta seinaleak interpretatzeko gai ez den zuzendaritza bat da zuen zuzendaritza. Izan ere, iritsi da kate jeneralista pribatuei imitatzen uzteko garaia».

EITBko zuzendari nagusiak EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP kritikatu zituen, «ageriko konfiantza ezagatik». EAJko Ana Oregik Iturbe babestu zuen, eta EITB erreformatzeko lantaldeari erreferentzia eginez honela esan zuen: «Konfiantzarik eta aitortzarik gabe, ezinezkoa da modu eraikitzailean lan egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.