Itsusiaren ederra

Janariak ere baditu edertasun kanonak, eta horietan sartzen ez diren asko alferrik galtzen dira. Elikagaiak xahutzeari buruz kontzientzia sortzeko, hainbat egitasmo ari dira indarra hartzen. Buruxkatu egiten dituzte soroak: uzta jaso ostekoak bildu.

Azenario inperfektu bat. ESPIGOLADORS
Azenario inperfektu bat. ESPIGOLADORS
enekoitz telleria sarriegi
2024ko urriaren 5a
05:00
Entzun

Akastuna da hiru adardun azenarioa. Itsusia da tomate mailatua. Zatarra sagar mazatua. Maspildutako udareak ez du balio. Zanpatekoa hartutako piperrak ere ez. Txikiegia ez da neurrian sartzen. Handiegia irten egiten da neurritik. Utikan itsusiaren ederra, inperfektuaren perfekzioa, eta deformatuaren forma. Kanonak ederraren eta itsusiaren artean egiten du bereizketa, baina jangarria denaren eta ez denaren artean ere ezartzen du marra. Eta horixe da eragiten duena: xahutzea eta alferrik galtzea, oinarrizkoa dena.

FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzako Erakundearen arabera, munduan ekoizten diren elikagaien herenak ez dira merkaturatzen —931 milioi tona —. Uztatze eta salmenta tarte horretan galtzen dira. Jaso ere egiten ez dituztelako, edo saltoki handiek ezarritako neurri eta itxura ematen ez dutelako. FAOren datua: munduan ekoizten diren fruten eta barazkien ia erdiak (%45) arrazoi estetikoengatik baztertzen dira.

Janari itsusia deitzen diote. «Kanon estetiko batzuk betetzen ez dituzten frutak eta barazkiak: horiek dira janari itsusia. Kasu askotan, baztertu egiten direnak jasotzean bertan, edo gerora aukeraketa egitean», azaldu du Aimar Mendezek, Elika fundazioko teknikariak. Eta gaineratu du: «Itsusiagoak direlako ez dute zertan osasuntsuak ez izan. Ezaugarri nutrizional eta organoleptiko berberak dituzte. Merkataritzak estandar batzuk ezarri ditu, eta kontsumitzaileak horietara ohitu dira —edo ohituarazi gaituzte—, eta ez dira iristen guregana».

Eta kuriosoa da definizio subjektibo bat nola bihurtu den mugimendu: Ugly Food izenekoak egiten du itsusiaren defentsa. Kontua ez baita bakarrik arrazoi horrengatik xahutzen den ekoizpena, baizik eta haren atzean dagoen guztia. «Hori ekoizteko erabili diren baliabideak ere galtzen edo alferrik botatzen ari gara: izan ura, energia, erregaia… Elikagai bakoitzak dauka inpaktua geure ekosisteman». Ikerketa eta kontzientziazioa. Xahutzearen inguruan ari da lanean Elika fundazioa Zerodespilfarro proiektuaren bidez: datuak, kanpainak, gidak, gomendioak, erremintak... «Fruta eta barazki horiek merkaturatu baino lehen hartu behar dira neurriak. Landagunean dago hasiera, bai, baina lehenago dago kontsumitzaileok gure ohiturak aldatzea. Sagarrek ez dutela zertan leunak eta distiratsuak izan, ohitu beharko genukeela pitzadura eta urratuetara. Noiz edo noiz inperfektua gehiago gustatu beharko zaigu perfektua baino, edo, gutxienez, berdin».

Buruxka proiektuko boluntarioak, borrajak biltzen, Sartagudan (Nafarroa). BURUXKA
Buruxka proiektuko boluntarioak, borrajak biltzen, Sartagudan (Nafarroa). BURUXKA

Buruxka da elikagaien xahutzeari buruz kontzientzia sortu eta nekazaritzari duen balioa emateko asmoz Euskal Herrian sortu diren proiektuetako bat. Deierriko Udalak, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Intiak —Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentura atxikitako enpresapublikoak— jarri zuten abian, 2020an. Proiektu pilotu bat izan zen, ez atzera ez aurrera egon dena azken urtebetean, baina urrian bueltatuko da. Zein den funtsa? Buruxkatzearen antzinako jarduera berreskuratu dutela. Nekazariarekin hala hitzartuta, hark bere soroetan bildu ez dituen frutak eta barazkiak biltzen dituzte. Batzuetan, arrazoi estetikoengatik ez ditu biltzen; bestetzuetan, agindu dioten prezioa horren txikia denez, jasotzea ez zaiolako errentagarria egiten. Boluntario sare baten bidez biltzen dute soroetan gelditzen dena, eta behar gehien dutenen artean banatu. Urte eta erdian, Lizarrerriko ia hogei nekazarirekin batera aritu ziren, eta 8.000 kilo elikagai jaso eta banatu zituzten, ehunka familiaren artean. «Proiektu pilotuarekin hainbat ikasgai atera genituen. Garrantzitsuena: badagoela Nafarroan halako proiektu bat aurrera ateratzeko aukera. Soroetan asko gelditzen delako jaso gabe, eta badagoelako behar bat beste aldean elikagai freskoak kontsumitzeko», azaldu du Elena Cerecedak, Andia mankomunitateko teknikari eta Buruxka proiektuaren koordinatzaileak.

NUPeko irakasle Iñigo Arozarena izan zen proiektu pilotu hartan unibertsitatearen ordezkaria —elikagaien xahutzeari buruzko blog bat ere badauka: Alimentos sin desperdicio—. Balorazioa egitean, nekazariengan jarri du hark arreta: «Boluntarioak lortzea ez da erraza, baina nekazariak horretara erakartzea da alderik zailena. Haientzat, izan ere, hau guztia ez da arazo bat, badituzte horiek baino arazo handiagoak. Eta alor horretan asko nabarmentzea ere ez zaie gustatzen, iruditzen zaielako irudi txarra emango dutela». Eta garbi utzi du Arozarenak ez dela hala: «Haiek biktimak dira. Lehen sektorean gertatzen diren hainbat gauzaren biktimak: eskaintzen dieten dirua huskeria delako eta askotan uzta biltzea bera ez zaielako errentagarria suertatzen. Edo banatzaileek ezartzen dizkieten kalitate araudien biktimak direlako… Horren guztiaren ondorioz, biltzen ez den uzta zati handi bat gelditzen da soroan». Cereceda ere ildo beretik mintzatu da: «Kosta egiten zaie, eta ulertzen dut. Haiek esaten dutena da: ‘Gurea ez da hondakina, gurea galera da’. Badago nolabaiteko lotura hondakinaren eta itsusiaren artean. Eta haien beldurra da haiek horrekin nolabait identifikatzea».

Piperrak bildu zituzten Lodosan; tipulak, tomateak eta borrajak Sartagudan; mahatsak Lorkan, Carcarren eta Lakarren; gereziak eta sagarrak Lerinen; olibak Allotzen. «Sortu genuen sarea. Kontzientziak astintzeko ere badira halako proiektuak. Hausnarketa bat egiteko xahutzen diren elikagaien inguruan. Konturatu ginen bazegoela aukera, eta bazegoela interesa. Orain, nekazari batzuk gugana etorri dira esanez, ‘aizue, proiekturen bat baduzue, kontatu gurekin’», azaldu du Cerecedak.

Kooperatiba bat sortzea izan da hasieratik Buruxka proiektuaren helburua, eta ez dira geldirik egon. Deierriko Udalak balio anitzeko zentro bihurtu du upategi kooperatiboa —ostatu bat, denda...—, eta han ari dira Buruxkako lantegia ere muntatzen. Urrian aurkeztu nahi dute. «Geldialdi bat izan da, jauzi handiago bat egiteko», dio Cerecedak. «Gure erritmoa motelagoa da, baina segitzen dugu lanean. Ideia da Buruxka proiektua eta lantegia mankomunitateko jendeari irekitzea, eta segitzea soroak buruxkatzen».

Sagar kaskar eta inperfektuak. ESPIGOLADORS
Sagar kaskar eta inperfektuak. ESPIGOLADORS

Erritmoak eta erreferentziak aipatzean, izan ere, nola Cerecedak hala Arozarenak Espigoladors proiektua aipatu eta nabarmendu dute: hamar urteko eskarmentua dutelako haiek Katalunian, eta haiek irekitako bidean egin dutelako aurrera besteek. Badute webgunean Jean Françoise Milleten 1857ko koadro bat: Des glaneuses (Buruxka biltzaileak). «Espigolar esaten zaio katalanez. Ez dugu guk asmatu. Milaka urteko ohitura bat da. Nekazaritza munduan gertatzen zen: errekurtsorik ez zuten emakumezkoak eta haurrak joaten ziren sorora, uzta nagusia jaso ostean gelditzen ziren buruxken bila. Familian jarduten zuten, familiak elikatzeko», azaldu du Anna Grasek, Espigoladors fundazioko komunikazio arduradunak. 

Proiektu pilotu gisa hasi ziren haiek ere, elkartea osatu zuten gero, eta fundazioa dira orain. Berrehun ekoizlerekin batera egiten dute lan, hirurehun erakunderekin, eta 3.000 boluntariorekin. «Proiektu transbertsala da, hiru helburu dituena: elikagaien xahutzea ekidin, biztanleria guztiari janari osasungarriak kontsumitzeko eskubidea bermatu, eta gizarte bazterkeria pairatzen duen jendeari lanerako aukera eman». Izan ere, buruxkatzen duten hori jende artean banatzeaz gain, Es im-perfect izeneko marka sortu dute. Marmeladak, barazki pateak, konpotak... egiten dituzte, eta jendeari lana eman.

Grasek «aliantza hirukoitza» nabarmendu du: nekazariak, erakundeak eta boluntarioak. «Guk denbora asko daramagu lanean lehen sektorearen konfiantza hori lortzeko. Azkenean, euren soroetako ateak irekitzen dizkigute, modu erabat altruistan. Atzean lanketa bat dago: sektorea ezagutzeko, haiek gu ezagutzeko, eta jarduera horren onurez jabetzeko». Eta joan da harago ere: «Jendea soroetara buruxkatzera eramatea ez da bakarrik elikagai horiek berreskuratzea. Jende hori sentsibilizatzen ari zara, eta arazo horren berri ematen». Inguru urbanoetatik datorren jendea baita, eta ez dute lehen sektorea ezagutzen. «Horrek ere bere balioa dauka: gertuko produktuak eta gertuko ekoizleak ezagutzea. Kontzientziatu dadila, eta apustu egin dezala ekoizpen horren alde».

Zifrak

931

Zenbat xahutzen den, milioi tonatan. FAO Nazio Batuen Elikadurarako Erakundearen arabera, munduan ekoizten diren elikagaien herenak ez dira merkaturatzen: 931 milioi tona.

%45

Arrazoi estetikoengatik baztertuak. FAOren arabera, munduan ekoizten diren fruten eta barazkien ia erdiak arrazoi estetikoengatik baztertzen dira: %45.

8.000

Buruxka proiektuak bildutakoa, kilotan. Buruxka proiektuak 8.000 kilo elikagai bildu zituen urte eta erdian Lizarrerriko soroak buruxkatuz. Lantegia muntatzen ari dira orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.