Itsaspeak gordetzen dituenak

Ziburuko Itsas Begia elkarteak aingura bat, bost kanoi, ontzi baten kargamentua eta kutxa bat aurkitu ditu jada. Itsaspeko ondarea babestu eta publiko zabalari helaraztea du xedeetarik bat; horretarako, itsaspeko mapa arkeologikoa osatzen ari da.

David Alonso Vega eta Christian Ondikola. Eskuinean, ikuspen eskasagatik ere aurkitu dituzten bi kanoi. ITSAS BEGIA ©.
Ainize Madariaga
2019ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Uraren gardentasunak ez du beti dena ikusten uzten. Horregatik, Itsas Begia elkarteak begietan du Lapurdiko kostalde osoa bere Ziburuko talaiatik: deusek ez diezaion hutsik egin. 2017an hasi zuten itsaspeko mapak altxorrak erakutsi dizkie: lehen urtean, XVII.-XVIII. mendeko aingura bat eta 1882ko Criterium barku ingelesaren kargamentua; iaz, 1635. urtean hasitako 30 urteko gerla franko-espainolak utzi zituen zazpi kanoietatik bost, bai eta ezusteko kutxa bat ere. «Sei hilabete eman ditugu horren inguruan: harrapakariei eta itsasoak lurperatzeko arriskuei aitzi egiteko ezohiko baimena eskatu genuen, minak desaktibatzeko talde berezia pasatu zen, atera genuen, eta Marseillarat igorri, tomografia egin ziezaioten. Ororen buru, zimentu armatuz betea zegoen!», bota du, irriz, David Alonso Vega itsaspeko arkeologo eta lantaldearen arduradun zientifikoak. Hala ere, aurkikuntzari zentzua eman diote: 1864an Donibane Lohizuneko dikeak eraikitzeko zimentu «berria» erabili omen zuten, eta, haren balioaz jabetzeko, «kutxetan sartzen zuten ikusteko denborak eta urpeak nolako bilakaera ematen zion».

Apirileko kanpaina berrian kanoien gunea ikertzen segituko dute, eta urpeko mapa arkeologikoa osatu. Izan ere, itsas kultura eta ondarea begiratzeaz gain, balioa ematearen alde ere ari da kartsuki lanean elkartea.

Hala, elkarteak itsasoarekin zerikusia duen ororekin harreman sare zabala josia du, bertzeak bertze: arrantzale, itsaspekari, surflari eta marinelekin. Duela kasik 40 urteko elkarteak hiru ardatz jorratzen ditu: maketismoa, iraganeko ontzi hondoratuak birkreatzeko; bertzalde, nabigazioa, hau da, ontzi zaharren planoetatik berria eraikitzea, hala nola Brokoa 1878ko bizkaitar arrantza ontzi handia. Eta itsas ondareari balioa ematea, zeinaren barnean itsaspeko arkeologia sartzen baita. Izan ere, euskal kostak itsas aktibitate handia izan baitu historian, eta horren lekuko da ageri ez den itsas zola: «Gure historia berreginen dugu. Objekturen bat aurkitzean zergatik hor dagoen galdetzen diogu geure buruari. Historiaurretik gaude harremanetan itsasoarekin», argitu du.

Ardatz kronologiko zalua marraztu du arkeologoak: «Erromanizazioan, Oiassoren garaian, minerala ustiatu eta itsasoz garraiatzen zuten; bikingoak iragan ziren; itsasoa elikadura iturri ere bazen: bakailao eta balea arrantzari esker; horrek itsas merkataritza bultzatu eta kortsarioak erakarri zituen. Gainera, izan dira erreinuen arteko tirabirak ere. Azkenik, Bizkaiko golkoa bereziki bortitza denez, urperatze asko gertatu dira: nabigatzeko gune konplikatua baita, arroka, itsaslaster eta haizeengatik». Logikari bide eginez, pentsatzekoa da urpe hori guzia historiak hondoratutako ontzien herexez brokatua dela.

Jakin behar da Unesco hezkuntza, zientzia eta kulturarako Nazio Batuen erakundeak urpeko ondare kulturala ituna izenpetu zuela 2001ean; hala, estatu bakoitzak badu ondare hori babesteko betebeharra. Alta, ikusten ez dena babestea «zaila» dela ohartarazi du arkeologoak.

Ari eta ageri

Horregatik, hain zuzen ere, 2017az geroztik elkarteak duen proiektu lehena Donibane Lohizune eta Ziburuko itsaspeko mapa arkeologikoa osatzea da, «jakiteko non zer dagoen». Haatik, ez da aski uretara murgildu eta pe horiek harrotzen hastea, lekutan hortik. Lau urratsek markatzen dute proiektuaren trama. Inkesta etnografikoek ematen diete abiapuntua ikerleei, harreman sareak arrantzatzen duen informazio oro baliagarria zaie. Adibide gisa, Emak bakia baita Oskar Alegriaren filmak nehork irudikatuko ez lukeen ondare ez-materiala ezarri zuen agerian: ur peko arroken izenak bertako adinetako jendeek emanik. «Izen zaharren atxikitzea ongi da. Informazio hori guzia bildu eta begiratzen dugu. Zenbaitetan, erakusketa eta liburu argitalpenetan sartzen ditugu», xehatu du Christian Ondikola elkarteko animatzaile, maketagile eta itsas zurginak. Arrantzaleak edo surflariak hurbiltzen zaizkie usu, nonbait zerbaitez ohartu baitira: «Urpekari batek brontzezko eskultura ttipia ekarri zigun behin, erromatar garaikoa! Bikaina da, garaia eta eskualdeari buruzko informazio pila ematen baitizu!», oroitu da Alonso. Ez da ahantzi behar metal detektagailuekin objektu historikoak biltzea legeak zigortzen duela horretarako baimenik ukan ezean. Preseski, harrapakeria da arkeologoen etsai handiena: «Denona den ondarea bildumagileen esku da. Ez dugu nehori segika ibili nahi, baina arazoa da ez erratea. Urpeko ondareaz sentsibilizatu nahi dugu jendea; objektuek kontatzen baitigute denona den historia», mintzo da arkeologoa.

Bigarren urratsa inbentarioa egitean datza, hots, inkesta etnografikoak ekarri datuak artxiboekin kontrastatzen dituzte, eta testuinguru historikoan kokatzen: «Euskal Herrian, Frantzian eta Espainian baditugu laguntzaileak, artxiboetan bilatu ahal izateko. XVI. mendetik 1919ra arteko euskal kostako urperatze guziak katalogatu ditugu jadanik. Horrela, marinel batek ontzi hondakinen berri ematen badigu, begiratzen dugu katalogoko datuekin bat egiten ote duen». Kausitu badute testuinguru historikoan kokatzen, hirugarren urratsera jauzi egin dezakete: prospekziora.

Horretarako, Frantziako Kultura Ministeriotik baimenak eskatu behar dituzte, lan administratibo «dorpea» dela medio. Behin baiezkoa jasota, indusketa taldea osatzen dute, kolaboratzaile profesionalei esker: artxibozainak, historialariak, itsas zurgina, kapitaina, urpekariak, kartografoa, geomatematikaria. Denak barkura igaiten dira, eta leku jakinean urpekariak murgiltzen dira. Inkestek eta artxiboen erranak lekuaren gainean atzematen badituzte, azken urratsaren aldi da: haren balioaren erakustea erakusketa, argitalpen, hitzaldi eta atelerien bidez. «Asko maite dut haurrekin partekatzea eta erratekoa entzuleari egokitzea, ez baita berdin unibertsitateko ikasleekin edo publiko zabalarekin aritzea», aipatu du Alonsok. Hari beretik, elkarteak badu turismoari begirako proiektu bat: «Gure jatorriaz harro egonez eta kulturatik ekonomia nola bultzatu hausnartzen ari gara».

Horiek hola, lau urratsen emaitza urpeko mapan agertzen dute, informazioa gehituz: «Ikertu bai, baina ez ditugu objektuak uretik ilkitzen; non diren jakinez, mapan kokatzen ditugu, eta gisa hortaz babesten»

Bertzeak bertze, Eskualdeak, Departamenduak, herriko etxeek eta EKEk babesten dituzte elkartearen jarduerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.