Garagardo, sukalki eta antzeko lurrinez gain, badago Lekeitioko (Bizkaia) sanantolinetan gailentzen den beste usain bat: kresalarena. Itsasoaren protagonismoa ukaezina da jaietan, Antzara Egunean, batez ere. Aurten, ostegunean izango da, eta, urtero bezala, dozenaka kuadrillek itsasora egingo dute salto, bakoitza bere txalupan, antzararen lepotik eskegita nork gehiago iraungo.
Herriko auzokideez gain, Euskal Herriko beste hainbat txokotako jendea ere bilduko da han egunaz gozatzera. Eta ez da jende gutxi izango. Bizkaibusek festazale uholdea espero du, eta zerbitzu bereziak jarri ditu egun horretarako.
Baina ez dago zertan ostegunera itxaron Lekeitiora biltzeko, jaiak gaur hasi baitira. Eta datorren igandera arte egongo da zertaz gozatu. Herri kirolak, txarangak, kalejirak... baita kontzertuak ere. Txapelpunk, Emon, Solte, Garibaldi Mariatxi, Las tuerkas, The potes, Gibelurdinek, Zero eta Shock asalto taldeak aritu dira oholtzan, Laket, Trikizio eta Izargi erromeriekin batera.
«Egunero dago zerbait»
Udalak prestatutako ekintzei txosna batzordeak antolatutakoak gehitu behar zaizkio. Batzordeko kideek bi gune prestatu dituzte euren egitaraua aurrera eramateko. Portuan, kontzertuak eta antzeko ekintzak egingo dituzte. Hondartzaren gainean dagoen parkea, berriz, umeentzako zein helduentzako ekintzak egiteko baliatuko dute. «Egunero egongo da zerbait», Xabi Goitia jai batzordeko kideak adierazi duenez.
«Jende asko» biltzea espero dute, baina Goitiak onartu du «jaitsiera nabarmena» egotea espero dutela, «inguruko herrietan ere jaitsiera handia egon delako aurtengo jaietan». Hala eta guztiz ere, joan den urtean bezala, aurten ere bi larunbat baliatu ahal izango dituzte lekeitiarrek festarako.
Bigarren larunbatean izango da Gazte Eguna, gazte asanbladak antolatuta. Ohiko arrantzale jantziek pontxoei pasatuko diete lekukoa, mexikarrez jantzita joateko eskatu baitute. Gazte bazkaria izango da egunaren ardatzetako bat, eta jaia gau arte luzatuko da DJ Graham Meillorren musikarekin.
Hilaren hasieran okupatutako gaztetxea, baina, ez dutela festetan irekitzeko asmorik azaldu dute, oraindik garbiketa lanetan ari baitira.
Jaiak. Lekeitio
Itsasoko kresalarekin festan
Gaur hasi dira Lekeitioko sanantolinak; Antzara Eguna datorren ostegunean izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu