Itsasoko hegaztien populazioa 1950. urtetik hona %70 gutxitu dela argitaratu du Columbia Britainiarreko Unibertsitate Kanadarrak. Ramon Elosegi SEO Birdliferen Euskadiko ordezkariaren arabera, Euskal Herriko kostaldean ere «beherakada handia» izan dute espezie batzuek. «Columbia Britainiarreko Unibertsitatekoek ikertutako hegaztien artean badira gure kostaldean ezagun ditugun hegaztiak; batez ere, pelagikoak». Hau da, emigrazioagatik euskal itsasertzetik igarotzen direnak. «Higer lurmuturretik jarraipena egiten diegu hilero, eta populazioa jaitsi egin dela ikusi dugu».
Itsas hegaztiak «bioadierazle onak» direla dio Elosegik. Haien populazioak halako beherakada jasan izanak ekosistemetan zerbait oker dela erakusten du: «Hegazti populazioak ondo egituratuta daudenean, eta denboran aldaketarik izaten ez dutenean, bizi diren habitatak ondo daudela jakin dezakegu». Aldiz, egoera ona dela pentsatzeko arrazoirik ez dute topatzen ikertzaileek. «Ekosistemak hondatzen ari direla erakusten digu itsas hegaztien beherakadak. Kezkagarria da». Juan Arizaga Aranzadi zientzia elkarteko ornitologia saileko zuzendari eta biologian doktoreak dioenez, espezie guztiek funtzio batdute ekosisteman: «Elikadura katean parte hartzen duten espezie asko daude, planktonetik hasi eta harrapari handietaraino. Batek huts egitean, desorekak sortu, eta, adibidez, marmoken populazioa hazi egiten da, haien harrapariak desagertzen direlako».
Elosegiren ustetan, ekosistemak hondatzearen arrazoiak gehiegizko arrantza, kutsadura, kostaldearen degradazioa eta arrantzagatik hegaztiek jasaten dituzten istripuak dira; giza jardunak eragindakoak horiek guztiak. «Antxoak asko irakatsi digu guri, eta asko irakatsi die gure arrantzaleei», esan du Birdlifeko ordezkariak: «Lehen, topatzen zuten antxoa guztia hartzen zuten arrantzaleek. Antxoarik topatzen ez zutela ikusi zutenean, zientzialariei jaramon egin eta debekualdi urte batzuk errespetatu zituzten. Orain, kopuru jakin bat arrantzatuta, merkatuko prezioa mantentzen da eta beti egongo da antxoa itsasoan; arrantza iraunkorra da, horrela». Hain zuzen, antxoarekin bezala gertatu beharko luke gainerako arrain guztiekin ere, haren ustez. Izan ere, gehiegizko arrantzak berekin dakar hegaztiek bizitzeko behar duten janaria ez topatzea.
Istripuak ere izaten dituzte txoriek arrantzontzietara janari bila joaterakoan, «arrantzaleek jartzen dituzten amu edo sareetan geratzen dira harrapatuta. Askotan, amuak irensten dituzte, eta hil egiten dira. Gure kostaldean, ubarroi mottodunarentzat da oso arriskutsua hori, galtzeko arriskuan baitago», azaldu du Aranzadiko kideak.
Kutsadurari dagokionez, plastikoa da itsasoan nagusi den hondakinetako bat. Science zientzia aldizkariak argitaratutako artikulu baten arabera, batez beste zortzi tona zabor botatzen ditu gizakiak urtero itsasora. Kopuru handi bat itsasoko animaliek jaten dute. «Plastiko bat lurrera botatzen dugun aldiro, oso litekeena da plastikoak itsasoan amaitzea», Arizagaren arabera. «Plastikoen erabilera murriztu behar dugu, eta plastikoak non botatzen ditugun hobe begiratu», gehitu du. Bestalde, petrolio isuriak aipatu dituzte Elosegik eta Arizagak, horiek ere kalte egiten baitiete ekosistemei. Elosegik aipatutako euskal kostaldearen degradazioa Greenpeacek ere azaldu izan du behin baino gehiagotan. Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeko aurreneko 500 metroen %15ek ditu azpiegitura artifizialak, gobernuz kanpoko erakunde ekologistaren arabera. «Hegazti pelagikoak urtearen zati handienean itsasoan bizi badira ere, itsasertzean ugaltzen dira. Itsasertza eta itsaslabarrak urbanismo azkarragatik hondatzen badira, ugalketarako euskarriak ere galtzen dituzte hegaztiek», SEO Birdlifeko Elosegiren hitzetan.
Hala, itsas hegaztiek irauteko oztopo horiekin egiten dute topo. Urte askoan bizi diren animalia horiek txita gutxi izaten dituzte, eta, beraz, euren ugalketa ez da nahikoa izaten heriotza tasari aurre egiteko: «Ez dituzte txitak sortzen hegazti helduak hiltzen ari diren abiadura berean. Arazo larria da», Arizagaren hitzetan. Biologian doktorearen arabera, bost dira euskal kostaldetik igarotzen diren hegaztiak: kaio hankahoria «erlatiboki ugaria da»; kaio iluna «oso urria da, hamar bikote baino ez baitaude gure kostan»; kaio beltza «oso urria da»; gaueko hegaztia den ekaitz txori txikia; eta ubarroi mottoduna «ez daude egoera onenean».
Antxetek, aldiz, enbarazu
Itsas hegaztien populazioa oro har jaitsi egin bada ere, espezie jakin batzuek «gainezka» egin dute, SEO Birdlifeko ordezkariaren hitzetan: «Gure antxetaren populazioa handitu egin da; batez ere, kaio hankahoriarena. Zabortegiak ondo kudeatzen ez direnean, elikagai asko topatzen dute, eta haien populazioa hazi egiten da, pertsonei enbarazu egiteraino». Hala ere, zabortegiak estali ahala kaio hankahorien populazioa atzera jaisten ari dela argitu du Arizagak: «Bizkaiko kolonia batzuetan, esaterako, jaitsiera handia izan du populazioak».
Itsasoko hegaztien gainbehera
Itsas hegaztien populazioa %70 jaitsi da azken 65 urteetan. Euskal kostaldetik igarotzen diren itsas hegaztiek ere gainbehera izan dute, adituen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu