Gotorleku izateari utzi, eta pasabide bilakatu da Miarritzeko (Lapurdi) Atalaiako tunela, 1864tik gaurdaino ukan duen historia oparoan. Bertan sartu aitzin, Miarritzeko arrantzaleen portu ohia du eskuinetara, eta, bertzetik, parez pare, Andredena Mariaren arrokara joateko Gustave Eiffelek eraikiriko pasabidea. Leku hagitz ezaguna da Atalaiako tunela, baina haren historia denentzako ezezaguna da; alta, 160. urteko historia misteriotsua dauka gibeletik: eraikuntzaren zergatia, berezko erabileraren aldaketa, nazien bunkerra, eta abar.
Gauza oso guti atzeman daitezke Atalaiaren tunelari buruz, zenbait liburutan, aldizkari zaharretan, edo webgunean ere bai, baina, oro har, guti. Historia aski sinplea duen leku bat dela pentsa daiteke; egiatan, uste baino sekretu gehiago gordetzen ditu Miarritzeko tunel horrek. Bistan da, ez da denen kasua; Jean-Loup Menochet Miarritzeko Museo Historikoaren artxibozainaren eta historialariaren kasua da, adibidez. Gai horren sutsu handia da, urteetan eta urteetan Miarritzeko eta Lapurdiko kostako arkitektura eta klima ikertu zituena. Tunelak historia «ezezaguna» baina «ederra» duela pentsatzen du. Harentzat, Atalaiak ez du sekreturik gordetzen.
Jean-Loup Menochetek kontatu duenez, tunelaren historia 1864. urtean hasi zen. Garai hartan, Frantzia Napolean III.a enperadorearen agintepean zen, Frantziako Bigarren Inperioa zen. Enperadoreak erabaki zuen Cucurlong harkaitzean —egun Ama Birjinaren Harkaitza erraten diotena— diga handi bat eraikitzea, babes portu handi bat lortzeko, tenpesta egunetan komertziorako itsasontziak babesleku bat izan zezaten. Proiektuaren erabakia hartu bezain laster, obrak hasi zituzten; obren irisgarritasuna errazteko, 75 metroko tunel bat eraiki zuten, zeinetan erreiak jarri zituzten trenbide bat sortzeko: Atalaia pasabidea. «Zementu mokor lodiak prestatzen zituzten arrantzaleen portuan, eta, trenbidearen bidez, mokorrak Cuculong harkaitzera bidaltzen zituzten, eta uretara bota, dikearen oinarria egiteko», kontatu du historialariak.
340 metrokoa izan behar zuen dikea ez zen nehoiz ehun metrotik gorakoa izan, 1868an izan zen tenpesta bortitz baten ondorio. 1870. urtean, ofizialki dikearen eta babes portuaren proiektua bertan behera utzi zuten. Biztanleak, «porrotaz» baliatu ziren, eta lekua ibilaldi leku bat bilakarazi zuten. «Erabilera funtzioa zuen leku hark funtzio atsegingarria hartu zuen azkenean», esplikatu du Menochetek. Jendea bertara joaten zen bistaz baliatzeko, baina beste zenbaitzuentzat, «deboziozko» lekua ere bilakatu zen, tunelak 1865ean instalatua zen Ama Birjina jarri zutelako.
«Erabilera funtzioa zuen leku hark funtzio atsegingarria hartu zuen azkenean»
JEAN-LOUP MENOCHETArtxibozaina
Gerlarako tunela
Bi gerraren arteko garaian, bideak Tamaris bulebarra izena hartu zuen, eta lehen autoak bertatik pasatzen hasi ziren. 1933an Miarritzeko akuarioko ateak zabaldu zituzten, eta Atalaiako tunelak akuarioari balio handia eman zion.
Bigarren Mundu Gerraren garaian, Alemaniaren okupazioan, tunelak arrunt beste erabilera bat ukan zuen «lasaitasunetik bortizkeriara» pasatu zela dio Menochetek. Alemaniarrek lur azpiko base militar gisa erabili zuten, askapena arte. «1942 eta 1943 bitartean, alemaniarrek Atalaiako harriak baliatu dituzte bunker bat eraikitzeko, BA 39/40 kodea eman zioten», argitu du historialariak. Tunelaren barneko bi aldeetan bi ate atzeman zitezkeen, lurperako pasabidera eramaten zutenak; hots, lurpeko babeslekura. Eremua erabat debekatua zen publikoari. Gaur egun, hetsiak izan diren bi ateetatik bat ikusgai da, eta bunkerrak oraindik existitzen dira.
«1942 eta 1943 bitartean, alemaniarrek Atalaiako harriak baliatu dituzte bunker bat eraikitzeko, 'BA 39/40' kodea eman zioten»
JEAN-LOUP MENOCHETArtxibozaina
Gerra finitu eta gero, hasieran bezala, bide publiko bat bilakatu zen tunela. Tamaris bulebarra, Marechal Leclerc bulebarra bilakatu zen, Bellevue Casinotik Ama Birjinaren Harkaitzera. Bulebar berriaren inaugurazioa 1948ko abuztuaren 27an eta 28an egin zen, Montsabert jeneralaren eta Baionako Terrier jaun apezpikuaren aitzinean.
Historia bera behin eta berriz
Geroztik, tunelak erabilera arrunta berreskuratu du, ibilgailu motordunentzat zein oinezkoentzat. Baina gaur ere historia bera berritzen da, hamaikagarrenez: erabilera aldatu diote. Hain zuzen ere, joan den urtera arte, autoek, autobusek, motoek, kamioiek, eskuterrek... erabil zezaketen tunela. Horrez gain, oinezkoek ere tunela zeharka zezaketen, bazterrean egina izan zen espaloiari esker. Baina, justuki, espaloi horrek du «polemika» sortu, espaloiak 75 bat zentimetro baizik ez du neurtzen, hots, zabalera oso ttipia. Noranzko bietatik dabiltzan bi pertsona ezin dira gurutzatu, bata ez bada errepidera jausten. Horrek autoen zein oinezkoen beldurra sortzen du.
Miarritzeko Herriko Etxeak hainbat haserre errezibitu ditu azken urteetan. Beraz, arazoa konpontzeko, iragan azken hiru urteetan, herriko etxeak erabaki zuen esperimentazio fase bat egitea zirkulazioa «erregulatzeko» eta tunel horren erabiltzaile guztiak «segurtasunez» bizi ahal izateko. Hortaz, udan bereziki, tunelaren pasabidea ibilgailu motordunei itxi zieten.
Hiru urteko entseguaren ondotik, aurtengo urtarrilean, herriko etxeko teknikarien zerbitzuak behin betiko erabakia hartu zuen: ibilgailu motordun guziei pasabidea debekatua izanen zaie. «Azken urteetan egindako esperientzia trenkatzailearen ondotik, erabaki dugu Atalaia tunelean oinezkoen erabilera lehenestea», iragarri zuten herriko etxeko teknikariek urtarrilean ateratako agirian. Halere, debekuari malgutasun amiñi bat eman diote: elbarriek tunela nahi duten gisara zeharka dezakete. Prefosta, erabakiak miarriztar batzuk haserre gorrian jarri zituen. Baina beste batzuek, ordea, erabakia ontzat hartu dute, oinezkoen egoeraren hobetzea goraipatuz.
Egun arte, tunelaren historia idazten segitzen da.