ATZEKOZ AURRERA. Xabier Alberdi. Euskal Itsas ondarean doktorea

«Itsasoari bizkarra emanda bizi gara»

Itsasoak Euskal Herriko historian, izaeran, kulturan eta politikan izandako eragina oroitu behar dela uste du Xabier Alberdik. Hori dela eta, azaltzeko asmoz, hitzaldiak emango ditu Urola-Kostan.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2014ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Aitona-amonek txalupa zuten, bai eta gurasoek ere. Horregatik, «itsas kontuetan» ibili izan da betidanik Xabier Alberdi (Zarautz, 1969). «Beti itsasoa buruan, eta beti itsasoaz hizketan: 'Bare zegok', 'Arrantzarako giro zegok', 'Halakoak harrapatu omen dik atuna'...». Gazte garaian afizio baino ez zen hori ogibide ere bilakatu zaio urteekin. Historia ikasi, eta aro berriko itsas historian doktore egin zen. Orain, Urola-Kostako itsas ondarea ezagutzeko jardunaldietan hartuko du parte. Itsas ekonomia ardatz, lau hitzaldi emango ditu azaroan; lehena, igande honetan bertan. Ez da, ordea, parte hartzaile bakarra izango: Jon Maia bertsolariak ere hitza hartuko du, itsas ondareari balioaemateko beharraz ohartarazteko.

Nondik datorkizu itsasoarekiko obsesio hori?

Familia itsas girokoa da. Etxean bizi ginen amonaren etxean, amonaren ahizpa zahar guztiekin, eta beti lehengo kontuekin ari ziren, egun guztia jarduten ziren lehengo istorioak kontatzen. Eta nik, esan beharrean: 'Laga txorakeriak!', esaten nien: 'Konta, konta!'. Historiaz gehiago jakin nahi nuen beti, eta itsasoaz.

Baina zer dela-eta iruditzen zaizu itsasoa horren garrantzitsua?

Ez gara konturatzen erabat itsasoak egindako herrialde batean bizi garela. Euskal Herri osoan du eragina,gainera. Itsasoa da harreman bide bat. Nolabait da gure izaeraren zati funtsezko bat: gu nola garen itsasoak moldatu gaitu, eta inork ez daki.

Baina toki guztietan izan al du eragina? Barnealdean ere bai?

Egun, iraganera begiratzen dugunean, zer ikusten dugu? Fabrikak, hiriak, langileak... Baina horiek baino lehenago zer zegoen? Larreak, soroak, baserriak... Horregatik, badaukagu gure herriaren irudikapena nekazaritza herri bat izan garela,eta abeltzain herri bat. Ez gara konturatzen nekazaritza eta abeltzain inguru hori erabat baldintzatuta zegoela itsasoarengatik. Itsas ekonomiarekin lotura duten jardueren beharrak asetzeko erabiltzen zituzten landa eremuko baliabideak.

Zein baliabide, adibidez?

Pentsa, penintsula eta Amerika artean hiru mendetan nabigatu zuten itsasontzien %80 Euskal Herrian eraikitakoak ziren. Basoak kudeatu behar ziren ontziolen eskari hori asetzeko. Baina bazen beste eskari bat ere: burdinolena. Eta burdina ekoizteko egur ikatza behar zen; gainera, ekoitzitako burdinaren %90 esportatzen zen. Beraz, itsasoak eragina zuen barnealde osoan; toki guztietan. Ekonomia osoa itsas ekonomiaren baitan antolaturik zegoen.

Gure izaera ere moldatu omen du, nola?

Gure herriak zergatik gorde du hizkuntza hau? Hizkuntza gutxitu bat, hizkuntza txiki bat, inork ulertzen ez duena... Bada, beharra izan dugulako. Ez gara konturatzen hizkuntza gutxitu baten jabe izatea zein botere den. Lehen, salerosketan, beste inork ez zuen ulertzen. Gerran, guk etsaiaren hizkuntza ulertzen genuen, eta berak ez... Gure kulturaren oinarri den hizkuntzaren iraupenean eta garapenean sekulako garrantzia izan du itsasoak.

Garai batean, herritarrek presenteago zuten itsasoaren garrantzia?

Bai, orain, gure gizartea itsasoari bizkarra emanda bizi da, naturari oro har, baina, itsasoari batez ere. Normala ere bada, arrantzak itsas garraioak eta ontzigintzak pisu txikiagoa dute.

Lan egiteko tokia izatetik aisialdirako gunea izatera igaro da, ezta?

Itsasoa ikusten dugu surfa egiteko leku gisa, paseatzeko... Garai batean, inor ez zen joaten hondartzara egun bezala; ez zen existitzen eguzkia hartzen egoteko ohitura. Ez dugu ikusten itsasoak gure kultur izaeran izan duen eta duen pisua.

Jendeak nolatan ahantzi du itsasoak daukan garrantzia?

XIX. mendean, kolpean sartu zen industria eta baliabide zaharrak bazterrean laga ziren. Eta, horrez gain, badaude interesak ahazteko...

Zein interes egon daiteke, bada, itsas historia ahazteko?

Interes politikoak. XIX. mendea oso gatazkatsua izan zen: foruen galera, istiluak, triskantzak... Indar batzuk egon ziren Espainiaren uniformetasuna eta batasun estatu bihurtzeko. Horiek sortu zuten Espainiako historia ofizial bat. Eta, historia horretan, leku gutxi edukiko dute euskaldunok egindako ekarpenek. Komunitate bat gailendu nahi baduzu, zure mendean hartu nahi baduzu, aurreneko gauza egiten duzuna da bere historia manipulatu; pertsonalitatea kendu. Eta hori egin zuten. Baina euskal itsas ekonomia oso garrantzitsua zen, ari gara hitz egiten munduko ekonomian benetan eragina izan duen jarduera batez.

Eta euskal erakundeek lana egiten al dute memoria berreskuratzeko?

Lan asko egiten da. Dena den, aurretik egindako lanen oinarria ez da neutroa, eta, beraz, zaila da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.