Françoise Pautrizel. Itsas Museoko zuzendaria

«Itsasoa hobeto ezagututa jendea arduratsuagoa izango delakoan gaude»

Karibe eta Ozeano Bareko uretako espezieak ikusi ahal izango dira Itsas Museo eraberrituan. GAIZKA IROZ.
Adrian Garcia.
Miarritze
2011ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Itsas Museoko zuzendaria eta Ozeano eta Surfaren hiriko komite zientifikoaren partaidea da Françoise Pautrizel. 10 urtez lan egin du Itsas Museoan, eta ezin hobeki ezagutzen ditu gure kostako ezaugarriak. Ozeanografian doktorea da, eta ozeanoari eskainitako bi guneek Miarritzeko herriari ekarpen onuragarria egingo diotela uste du.

Zergatik uste duzu Miarritzeko Itsas museoak beharrezkoa zuela eraberritzea?

Museoa handitu egin dugu, mota honetako museoak eraberritu egin behar direlako sei edo zazpi urteren buruan. Itsas museoak eboluzionatzeko beharra zeukan, beste zerbait eskaintzekoa bisitariei. Itsas museoa eraikin historikoa denez, museoak Bizkaiko Golkoarekiko duen harremana gorde nahi genuen. Museoa Bizkaiko Golkoan dago espezializatua, eta mundu osoan ezaguna da horregatik. Zati hori gorde nahi genuen, eta Golkoko itsaslasterra erabili dugu aitzakia moduan Karibe eta Ozeano Bareko uretara joateko.

Ozeano eta Surfaren Hiriak itsasoari buruzko eskaintza are gehiago zabalduko du.

Ozeano eta Surfaren Hiriak beste ikuspuntu bat eskaintzen dio Miarritzeko herriari. Itsas museoaren osagarria da. Ozeanoan Itsas Museoan ikus daitezkeen animaliak daude, baina ozeanoak bere funtzionamendu propioa du, bizirik dagoen elementua baita. Funtzionamendu hori erakutsi nahi diegu bisitariei Ozeanoaren Hiriaren bitartez. Ura halabeharrez iritsi zen lurrera orain dela urte asko. Ur hori nola iritsi zen azaltzen dugu, eta zergatik geratu zen lurrean. Itsas hondoa nolakoa den, itsasoko ura zergatik den gatzatua, zergatik eta nola sortzen diren ekaitzak, zergatik dugu ozeanoen beharra… Hori guztia azaldu nahi genuen era erraz batean, baina Itsas Museoak ez du horretarako tokirik ematen. Beste eraikin bat eraiki beharra zegoen. Gainera, ez genituen kontzeptuok edozein modutara azaldu nahi. Bisitaria ozeanoekiko arduratsua bilakatzeko eran azaltzea da gure xedea. Itsasoa hobeto ezagututa jendea arduratsuagoa izango delakoan gaude. Ez diogu inori egotzi nahi kutsaduraren errua. Ozeanoak nola funtzionatzen duen azalduz kontzientziatu nahi dugu jendea. Hobeto ezagutu, gehiago errespetatzeko.

Jendeak, oro har, itsasoa ezagutzen duela esango al zenuke?

Nire ustez, jendeak ez du ondo ezagutzen itsasoa. Itsas Museoan daramatzadan hamar urteetan konturatu naiz jendeak ezagutzeko gogoa duela. Museora datozen gurasoak haurrei azalpenak emateko irrikan daude. Azalpenak emateko era ludikoa eta ulerterraza erabiliko dugu. Teknologia berrien bitartez —haurrei asko gustatzen zaizkie—, itsasoa ezagutzeko azalpenak emango dira.

Alde horretatik, eskolekin lana egiteko asmoa duzue?

Eskola askorekin elkarlanean ari gara. Programa bat jarri dugu martxan, eta, horren arabera, eskoletako irakasleek euren eskolen egitarauaren barruan Itsas Museoa eta Ozeanoaren Hiriko materialak erabil ditzakete.

Alde ludikoaz hitz egin duzu. Nola jorratuko duzue alde hori?

Itsas Museoan alde ludikoa espontaneoa da. Arrainak ikustea erakargarria egiten da, eta ez da beste ezeren beharrik. Ozeanoaren Hiriaren forma serioagoa da, nahiz eta era ludiko batean jorratzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.