Ezarian. Zientzia. Adolfo Eraso. Geologoa eta glaziarretan aditua

«Itsasoa betetzen ari gara»

Glaziarretako izotza termometro naturala da Lurraren berotzea ikertzeko, Adolfo Eraso geologoaren hitzetan; horregatik, haiek ikertzen pasa ditu azken urteak. Urtze prozesua azkartzen doala dio.

GLACKMA.
Inigo Astiz
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Ipar polotik, hego polora; izotzetik izotzera doa Adolfo Erasoren bizitza (Lizarra, 1934). Geologoa da, eta glaziarrak ikertzen ditu. Lurraren berotzea ikertzeko termometro naturalak dira, dioenez, eta garden mintzo da haien izotza: gizakiak eragin zuzena du planetaren tenperatura igoeran. Datuak biltzen ditu berak beste zenbait zientzialarirekin sortutako Glackma elkartearen barnean. Zortzi neurketa gune dituzte munduaren bi muturretako glaziarretan. Etengabe biltzen dute informazioa, eta jasotako horren arabera, argia da ondorioa Erasoren hitzetan: «Azkartuz doa berotze prozesua». Antartikatik bueltatu berri da orain egun batzuk, eta Artikora joatekotan da jadanik. Apirilaren 6an, Islandian izango da berriz ikerketan.

Zer neurtu duzue, zehazki, Antartikako eta Patagoniako glaziarretan egindako azken ikerketan?

Tyndall eta Collins glaziarretan egon gara. Deskarga likidoa neurtzen dugu; hau da, glaziarren barruan urtu den izotza. Tenperaturarekin estuki lotuta dago hori. Giroa berotuz gero, handitu egiten da deskarga ere; hori ondorioztatu dugu, behintzat, urteetan egindako ikerketetan. Beste glaziarretan lortutako datuekin alderatu, eta, horren arabera, lurra nola doan berotzen azter dezakegu, denboraren, latitudearen eta poloaren arabera.

Eta nolakoa da eboluzio hori?

Azkartzen doa. 1987an, Antartikako Juan Carlos I.a zentroak udan zenbait egunez deskarga datuak bildu zituen. 2000n antzeko latitudean zen beste zentro batean egun beretako datuak bildu genituen, eta hau izan zen ondorioa: hamahiru urtean bikoiztu egin zen urtutako izotz kopurua. 2001ean Glackma proiektua hasi genuen, eta urte guztian hasi ginen datuak biltzen orduan, orduro. 2003-2004tik 2005-2006ra, bikoiztu egin da berriz deskarga kopurua. Eguzkiaren zikloek, Lurraren ardatzak, haren ibilbide eliptikoak... guztiek dute eragina datu horietan, baina, nagusiki, CO2aren ondorio da.

CO2ak nabarmendu du, beraz, joera hori.

Bai. Groenlandiako eta Antartikako izotzetan idatzita dagoen egutegi glaziarra kontuan hartuta, hori da ondorioa. Urtez urteko klima ikus daiteke izotzetan. Elurra sortzen du izotz kontinental hori. Elurtez elurte, gainean metatzen joaten zaion pisuagatik aurreneko elurte hori trinkotuz joaten da. Airea galtzen du, eta dentsoago egiten da. Izotz. Aire guztia, baina, ez da galtzen, eta burbuilak sortzen dira. Horiek aztertuta jakin daiteke elurtea zer garaikoa den, baita garai hartan atmosferaren konposizioa nolakoa zen ere. Ezagutzen diren hamar glaziazioetan, Antartika eta Groenlandian garai hotzetan milioiko 180koa zen CO2aren balio minimoa atmosferan, eta garai beroetan, 280koa balio maximoa. Sekula ez da izan hamar glaziazioetan hori baino kopuru handiagorik, ez eta txikiagorik ere. Egun, milioiko 390ekoa da kasik CO2aren balioa. Azelerazio azkar hori bi mendetan gertatu da soilik, eta aurreko glaziazioetako datuekin alderatuta, ikus daiteke abiadura hori ez dela arrazoi naturalengatik gertatzen ari. Industrializazioarekin batera doa. Gu gara.

Urteak daramatzazu Artikoa eta Antartika ikertzen. Egindako azken espedizioan Tyndall glaziarraren gingil baten desagerpena ikusi duzuela aipatua duzu. Begiz ere ikusteko modukoa da, beraz, berotzearen ondoriozko urtze prozesu hori?

Bai noski. Argazkiak ere baditugu. 2005ean aurrez zenaren erdia soilik zen Tyndall glaziarraren gingil hura, eta jadanik ez dago. Ez da fenomeno lokala, noski. Ipar poloaren bueltan, 79 latitudean, Svalbard izeneko uhartedian ere antzera gertatzen da. Tundra bat zen lehen. Elurra egiten zuen, baina 90eko hamarkada inguruan euria ikusi nuen lehenengoz. Orain gehiagotan egiten du euria elurra baino, tenperaturek gora egin dutelako. Belarra hasia da orain lehen tundra zen hartan.

Turismoaren gorakada ere aipatzen duzue azken espedizio horretan.

Ai, ama. 1985 inguruan hasi zen turismoa Artikoan. Ontzi bat zegoen. Gaur egun, ontziz beteta dago. 1.000 pertsona ere eramaten dituzte inoiz ontzi horietan. Base bat ikusten dute, eta ontzira itzultzen dira. Ikusi dituzu inoiz kalean egiten diren festa horietako baten hondakinak? Bada, antzerako zerbait. Glaziarretan eragina du horrek. Trenari ere kosk egiten dion zomorroaren modukoak gara. Ez dugu ezer errespetatzen. Halakoa da gure espeziea. Hiru maratoi ikusi ditut Antartikan.

Klima fenomenoak bortitzago bilakatuko dira, diozunez, lurraren berotzearen ondorioz.

Lurraren batez besteko tenperatura gorantz doa. Espezieei eragiten die horrek. Tenperatura batean gustura zeuden, baina berotzean, tenperatura hotzagoen bila joango dira. Eta garaieran gora joatea da hori lortzeko moduetariko bat. Gero eta beroago, orduan eta gorago. Baina mendia bukatzen denean, akabo espeziea ere. Latitudean gora joatea da beste aukera bat, eta poloetara hurbilduz joango dira, horregatik. Glaziarrak urtzean, bestalde, poloetako izotz masa gutxitu egiten da, eta itsasora joaten da. Igo egiten da haren maila. Itsasoa betetzen ari gara. Glaziar guztiak urtuko balira, 70 metro igoko litzateke maila hori. Orain arte, baina, ez da halakorik sekula gertatu.

Ipar poloan eta hego poloan ibiltzen zara; bietan. Berotze efektuak bietan du eragina, baina izango da alderik bataren eta bestearen artean, ezta?

Iparraldeko eta Hegoaldeko latitude parekoak hartuta, nabarmen handiagoa da urtzen den izotz kopurua Artikoan Antartikoan baino. Hiru eta lau aldiz handiagoa.

Zergatik da hori?

Ipar hemisferioan askoz ere populazio kopuru handiagoa dago. Badira lurraldearen zati bat zirkulu polarraren barruan daukaten herrialdeak ere. Errusia, Kanada, Alaskaren zati bat... Populazio handia dago ez zirkuluan bertan, baina bai haren inguruan. Lurraren berotzeak populazioaren hazkundearekin eta gizakiaren ekintzekin du zerikusia; beraz, ulertzekoa da glaziarretan urtzen den izotz kopurua ere handiagoa izatea. Antartikak, gainera, mikroklima propioa du; 2,2 kilometroko lodiera du batez beste izotz geruzak. Ipar poloan ez dago kontinenterik. 8 bat metroko lodiera izaten du gehienez ere izotzak.

Kritikoa zara glaziarren urtze prozesu horri buruz egiten diren zenbait estimaziorekin. Espeleologiazalea ere bazara, glaziarretako zulo eta bideetan sartzen zara, inoiz. Lekuan lekuko ikerketaren defendatzaile zara. Zergatik?

Matematikak beharrezkoak dira edozer aztertzeko, baina erosozale asko dago matematikaren alorrean. Iragarpen asko egiten da matematika modeloetan oinarrituta. Gehiegi, nire ustez. Matematikaria da nirekin batera proiektuko zuzendari kidea (Carmen Dominguez), eta behar-beharrezkoak dira matematikak, noski. Modeloak, baina, tresnak dira, eta ez helburua. Eta hori gertatzen da batzuetan. Hori da nik kritikatzen dudana. Zaila da glaziarren modelo on bat egitea. Bizirik daudelako. Arriskutsuak dira, baina esploratu egin behar dira batzuetan. Barrura sartuta. Espeleologiazalea ere banaiz, eta niri hori asko gustatzen zait, egia esan. Askok deskarga likidoa estimatu egiten dute, ez neurtu. Eta guk bildutako balioak, neurketa bidez lortutakoak, nabarmen potoloagoak dira estimatzen dituzten horiek baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.