Pasaiako Itsas Festibala

Itsas ondareaz ari dira bustitzen

Pasaiako Itsas Festibala egiten ari dira Gipuzkoako herrian. Igandera arte, 110 ontzi inguru izango dira badian. Askotariko kultur ekitaldiak ere egiten ari dira.

Pasaiako Itsas Festibala, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Pasaiako Itsas Festibala, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
Pasaia
2024ko maiatzaren 10a
17:00
Entzun

«Zia eta boga, zer lortuko dugu? Ziaboga». Neska-mutiko txikiei azalpenak ematen ari da Mutiozabal ontziolako (Orio, Gipuzkoa) gazte bat. Handik metro gutxira, Porrotx pailazoa beste haur batzuekin ari da atunaren arrantzaz hitz egiten. Kornuallesko (Erresuma Batua) Grayhound itsas ontzi ederrari begira ari dira bisitari batzuk, eta noiz bisitatu ahalko duten hasi dira galdezka.

Pasaiako Itsas Festibala.
Geryhound ontzia, Pasaiako Itsas Festibalean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Adin guztientzako eta gustu guztietarako eskaintza bada egunotan Pasaian (Gipuzkoa), Itsas Festibalaren hirugarren aldian. Itsasontzi batzuen erreplikak barnetik ezagutzeko aukera bada, sarrera aurretik hartuz gero. Txileko musika entzun daiteke —baita bertako jakiak dastatu ere—. Eta, iluntzetan, kontzertu eskaintza ere bada. Herritar ugari dabil hara eta hona Pasai San Pedroko kaian. Hala espero da biharko eta iganderako ere.

Itsasontziak Pasaiako badiara iristen, atzo arratsaldean. FOKU / BERRIA

Ostegun arratsaldean hasi zen Pasaiako Itsas Festibala. 110 ontzi inguru iritsi ziren badiara. Handienak San Pedroko kaian daude; esaterako, Danimarkako Phoenix bi mastako goletari begira jende asko dabil. 34 metro luze da, eta Ridley Scott zinemagilearen 1492: The Conquest of Paradise filmaren (1992) grabaketetan erabili zuten. Gaur, beste grabaketa batzuk ari dira bertan egiten: EITB taldeko irratsaio batzuk. Danimarkan egindako goleta horri ikurrin bat jarri diote masta batean.

Hiru mastakoa da, berriz, Kornuallesko Grayhound. Luzea hori ere, 33 metrokoa. Bertan sartzeko gonbita egin du Wille Christiani ontziko jabeak. Suediakoa da bera, itsas pirata baten itxura du, eta herrialde ugaritako tripulazioa du alboan: Liechtenstein, Brasil, Eskozia, Italia... «Jendea ontzira etor daiteke. Itsasontziaren inguruko informazioa ematen diegu bisitariei, eta, horretaz gain, hezkuntza ikuskizunak egiten ditugu», azaldu du Christianik. «Familientzat egokia da, eta entretenigarria da denentzat». Ontzia Erresuma Batuan erregistratua dagoen arren —1776ko aduana katxemarin baten errepika da—, Douarnenez-eko kaian (Bretainia) du etxeko portu. Ontziko jabeak azaldu duenez, urtean hainbat hilabetez izaten dira itsasoan. «Tripulazioko kideen artean harreman oso estua sortzen da, eta pozik nago haiekin». Lehen aldia du Pasaiako Itsas Festibalean.

Pasaiako Itsas Festibala. Wille Christian Suediako itsas gizona, 'Greyhound' ontziaren jabea.
Wille Christian Suediako itsasgizona eta 'Greyhound' ontziaren jabea, gaur, Pasaian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Galiziakoak eta Txilekoak

San Pedron ez ezik, Pasai Donibanen ere bada jaialdiaz gozatzeko aukera; Akromasta jarri dute, zortzi metroko masta, Bizkaia plazan. Belaontzi handietako marinelak edo piratak bezala igo daitezke gazteak bertara.

Hainbat hizkuntza entzuten dira badian. Eta, aurten, «ohorezko itsas kultura gonbidatua» Txile da. Xabier Agote Albaola Itsas Kultur Faktoriako presidentearen arabera, aurten berrikuntzarik nabarmenena Txileri egindako gonbita izan da: «Oso urrutitik etorri dira. Haien parte hartzea aldez aurretik hasi zen: duela hilabete eta erdi, Txileko bi ontzigile etorri ziren txalupa bat egitera». Gaur 19:00etan itsasoratuko dute txalupa hori, badian. Felipe Leon Gabrielli Txileko kultur ondareko departamentuaren ordezkaria «pozik» da, irribarre batekin hizketan. «Erakusmahai bat dugu hemen ere: ondare immateriala eta materiala ari gara erakusten. Egun oso berezia da guretzat, eta kultur ondarea Albaolarekin partekatzea ederra da». Musika doinuak hasi direnean, Leon Gabrielli ere dantzan hasi da. «Ahal duguna egiten dugu».

Pasaiako Itsas Festibala
Pasaiako Itsas Festibalean askotariko ontziak ikus daitezke. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Galiziako bisitariak ohiko gonbidatuak dira festibalean —lehen urtean haiek izan ziren ohorezko gonbidatu—. Culturmar federazioak Galiziako ontzi tradizionalen topaketa antolatzen du bi urtean behin, eta Pasaian datorren urtekoa aurkeztu dute. Ribeira herrian egingo dute 17. aldia. Hain zuzen ere, Luis Perez Barral Ribeirako alkateak hainbat opari eman dizkio Pasaiako alkate Teo Alberrori. Ekitaldi txiki bat egin dute elkarrekin. Alberroren arabera, «eskertzekoa» da galiziarren jarrera. Agotek azaldu duenez, Culturmar federaziokoak adiskide dituzte aspalditik. Maruxa Nuñez Culturmar federazioko ordezkarietako batek esan du Trintxerpeko (Gipuzkoa) lehengusuak ikusteko itxaropenez etorri dela: «Giro oso ona dago hemen. Ontzi tradizionalen bueltan gabiltzanon artean harreman bikaina dugu, eta beti ikasten da zerbait beste herrialde batzuetakoei esker». Dena den, ohartarazi du erakunde publikoen laguntza gehiago beharko litzatekeela ontzi tradizionalak mantendu ahal izateko. Alberrok, beste alde batetik, gogorarazi du jaialdia ez dela ikuskizun hutsa: «Kultur ondarea, elkartasuna eta jasangarritasuna aintzat hartu behar dira».

Pasaiako Itsas Festibala
Pasai Donibanetik eta San Pedrotik ikus daitezke ontziak. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Haurrak 'Aita Mari'-n gora eta behera

Ontzi tradizionalen erreplikek ez ezik, San Pedroko kaian ikusmin handia sortu du Aita Mari ontziak ere. Alpha Diallo Senegalgoa da, eta bi urte daramatza Aita Mari-ko tripulazioan. Neska txiki batek besarkada eman dio ontzia bisitatu ostean. Desgaitasuna duten gaztetxo batzuk, berriz, ontzira sartzeko irrikan daude. «Askok uste dute ontzi hau arrantzarako dela, eta ez dakite salbamendurako ontzi bat dela gurea. Itsas jaialdi hauek ondo daude, giro ona dago. Ea hurrengo batean gonbidatzen gaituzten», aipatu du Diallok.

Pasaiako Itsas Festibala
Neska-mutiko ugarik Aita Mari itsasontzia bisitatu dute gaur, Pasai San Pedron. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Lapurdiko bisitari asko daude badian. Haien artean, Marie Christine Sanzberro. Baionako talde batekin joan da: Euskal Arrauak. «Lehen aldikoz etorri gara Pasaiara, txalupa ttipi batekin». Hendaiako (Lapurdi) Peio Urriza, berriz, lehorretik iritsi da, eta kexu da. Izan ere, jaialdiaren egitaraua kontsultatzeko QR kode bat eskaintzen dute informazio etxolan. «Paperekoaren aldekoa naiz. Pantaila kaskar hauekin, niretzat gaizki».

Pasaitarrak eta Oiartzualdeko herritarrak ere hara eta hona dabiltza kaian, baita Donostialdekoak ere. Iñigo Ortega pasaitarrak aldarrikapen bat egin nahi izan du: «Badia elkartzen gaituen plaza bat da. Denontzako plaza bat izan beharko luke, eta ez banatzen gaituen azpiegitura bat».

Aldarrikapenerako tarte gehiago ere bada kaian. Pasaiako hainbat herri elkarteren ekimenez, Zaintzaren aldeko martxa egin dute gaur, 16:00etan, kalez kale, Trintxerpetik abiatuta. Bi erraldoi sortu dituzte martxa horretarako: Zabor hondakinen munstroa — itsasotik bildutako plastikoekin sortua— eta Bio bizitzaren sarea —elkarlanean kakorratzez ehundua, itsas alga eta koralekin—. Markel Elizalde da martxa horren antolatzaileetako bat; Mater Ontzi-Museo Ekoaktiboaren komunikazio arduraduna da, eta azaldu du bi erraldoi horiek itsas kutsaduraren eta kontsumismoaren isla grafikoak direla. «Hondakinik hoberena sortzen ez dena da. Bestetik, zaintza eta komunitatea eraikitzeko beharra aldarrikatu nahi dugu».

Pasaiako Itsas Festibala.
Pasaiako Itsas Festibala. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Hurrengo egunetan ere izango da zer ikusi, zer dastatu eta zer ezagutu Pasaiako badian. Egitaraua jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.