Itsas ondarearen topaleku

Gaurtik igandera bitartean egingo dute Pasaiako Itsas Festibala. 130 ontzi tradizionalek baino gehiagok parte hartuko dute jaialdiaren hirugarren aldian.

Ontziak Pasaiako badian sartzen, duela bi urteko Itsas Festibalean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ontziak Pasaiako badian sartzen, duela bi urteko Itsas Festibalean. ANDONI CANELLADA / FOKU
ane insausti barandiaran
2024ko maiatzaren 9a
05:00
Entzun

Korrigan, Lafayette, Lucretia, Amatto, Arcadia, Ezkata, Galaad... nazioarteko zein Euskal Herriko ontzi tradizional horiek guztiek botako dute aingura Pasaian (Gipuzkoa) egunotan. Ondare balioa duten 110 ontzi tradizional baino gehiago izango dira, gaurtik igandera bitartean egingo baitute Pasaiako Itsas Festibalaren hirugarren aldia. Helburu argi bat du jaialdiak: itsas kulturaren erreferente bihurtzea. Horretarako, lau egunez, Euskal Herriko zein kanpoko ontzien topaleku bihurtuko dute Pasaia. 

Musikak, dantzak eta kanoiek lagunduta, 18:00etan emango diote hasiera gaur itsas festibalari, jaialdiaren unerik ikusgarrienetako batekin: tamaina eta luzera askotariko ontziek hartuko dute Pasaiako bokalea, desfile bat osatuz. Oriotik (Gipuzkoa) abiatuko dira ontziak, eta guztiak ia aldi berean herriratzea da asmoa. Gainera, ekitaldiaren hasiera streaming bidez emango dute, eta itsas festibalaren Youtubeko kanalean egongo da zuzenean ikusgai.

Lau egunotan, San Pedroko kaian amarratuta egongo dira ontzirik handienak. Besteak beste, Grayhound, 33 metroko goleta, eta Phoenix, 34 metro luze den Danimarkako ontzia izango dira bisitagai. Horiek bisitatzeko sarrerak aurrez eros daitezke, Sarrerak.pasaiaitsasfestibala.org webgunean.

Aurten, gainera, lehen aldiz, ontzietara igotzeaz gain, bi itsasontzi enblematikotan nabigatzeko aukera egongo da: La Recouvrance atunontzian eta Le Biche goletan. Lehena Frantziako armadako XIX. mendeko itsasontzi baten erreplika da; bigarrena, berriz, 21 metro luze den eta bi mastadun atunontzi bat da. Irteerek ordubete iraungo dute, eta Pasai Donibaneko Bizkaia plaza izango dute abiapuntu.

Txilerekin sarea josten

Txile izango da aurtengo ohorezko itsas kultura gonbidatua. Izan ere, urteak daramatzate han itsas tradizioko ontziak berreraikitzen. Txileko ondarearen inguruko proiektuez gain, gastronomia, musika eta artisautza bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da jaialdian. Eta bezperak ere aprobetxatu dituzte horretarako, azken egunetan hitzaldiak egin baitituzte, Txileko eta Euskal Herriko itsas kulturaren arteko loturak ezagutzeko.

Txileko belaontzi tradizional bat ere uretaratuko dute itsas festibalean: bihar, 19:00etan, Albaola Itsas Kultur Faktorian botako dute uretara lehenengoz velera chilota motako ontzia. Hugo Almonacid aita-seme txiletar ontzigile tradizionalek eraiki dute, martxotik aritu baitira faktorian hura eraikitzen. Ontzigileek azaldu dutenez, belaontziak salgaiak garraiatzeko ontzi tradizional baten oinarria du oraindik, baina estutu egin dute, nabigatzeko eta egungo zuntzezko ontzien pare jartzeko.

Baina elkarlanak ez ezik, elkartasunak ere izango du lekua itsas festibalean. Izan ere, gainerako ontzi ikusgarrien artean, Aita Mari Itsas Salbamendu Humanitarioko ontzia bisitatzeko aukera ere izango da. Mediterraneoko uretan hamabigarren misioa bete ondoren, San Pedro kaian izango da Aita Mari, egiten duten lana gizarteratzeko eta Mediterraneoan gertatzen denaren berri emateko asmoz. Doan bisitatu ahal izango da, 11:00etatik 20:00etara.

Itsas kultura herritarrei erakusteko saiakeran, lanbide tradizionalen erakustaldiak izango dira lau egunetan: burdinola, sokagintza, saregileak... Eta horiek ikusteaz gain, itsasoko ontzigileen edo marinelen pare arituko dira jardueretara bertaratzen direnak: urpekaritzako bataioetan parte hartuz, edo itsasontzi baten mastara igoz, adibidez. 

Festa biribiltzeko, kultur ekitaldiek ere izango dute lekua: Denboraren tunelean izeneko bertso saioa egingo dute, ontzien gainera igota, badian hasi eta Pasai Antxoko Molinao itsasadarrean bukatuko dena. Eta, besteak beste, Haatik konpainiaren Ur ikuskizuna, eta Alargun Beltzak, Anna Tijoux eta Tapia eta Leturiaren kontzertuak izango dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.