Telesailak

Italiar faxismoaren sustraiak

Joe Wright zinemagilearen ‘M. Il figlio del secolo’ telesailak begirada sakon eta batez ere probokatzailea eskainiko dio Benito Mussolinik XX. mendearen hasierako Italian izandako gorakadari. Italiako faxismoaren sustraiak erakutsiko ditu telesailak.

'M. Il figlio del secolo' telesailaren fotograma bat. SKYSHOWTIME
'M. Il figlio del secolo' telesailaren fotograma bat. SKYSHOWTIME
gaizka izagirre
2025eko martxoaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Taberna zahar batean Benito Mussolinik pasta jaten duen bitartean, ondoko gelan ezkerreko manifestariak Bandiera Rossa kanta ezaguna abesten ari dira. Eszena horrek segundo gutxi iraungo du: Mussoliniren aginduz, lekaioek manifestariak hilko dituzte, eta berak patxadaz jarraituko du jaten. Lehen ataleko eszenetako bat da hori, eta argi geratuko da telesailak erabiliko duen tonua, eta, batez ere, narrazioak ez diola ukorik egingo erregimen faxistari lotutako basakeria gordinki erakusteari.

Telesailak Italiako mugimendu faxistaren sustraiak eta haren gorakada erakutsiko ditu, Benito Mussolinik 1919ko martxoaren 23an Fasci di Combattimento talde paramilitarra sortu zuenetik 1925ean Estatu Totalitario Faxista ezarri zuen arte. Orain dela ehun urteko pasarte bat du ardatz, baina harrigarria da nola lotzen den eskuin muturrak gaur egun duen gorakadarekin: «Begiratu zuen inguruan, hemen jarraitzen dugu», esaldia entzuten da lehen atalean.

Joe Wright britainiarra da sortzaile nagusia, Pride & Prejudice (2005) eta Atonement (2007) film ezagunen zuzendaria, eta nortasun oso berezia erantsiko dio moldaketari. Gainera, ekoizle exekutiboen artean Paolo Sorrentino eta Pablo Larrain ageri dira.

Protagonista nagusiaren rola Luca Marinelli aktoreak jokatuko du: intentsitate oso nabarmenarekin gorpuztuko du Mussolini, eta une oro laugarren horma apurtuko du ikusleari mezuak eta aldarriak jaurtitzeko. Historikoa eta modernoa uztartzen dituen atmosfera oso berezia eransten dio baliabide horrek, The Chemical Brothers taldeko Tom Rowlandsek konposatutako soinu banda garaikidearekin batera; alde horretatik, Peaky Blinders seriearen printzak ageri dira, baita aipaturiko Sorrentinoren trazu batzuk ere.

Mussolinik ikusleari zuzenean hitz egiteak zalantzak eragin ditzake hasieran, eta pertsonaia gehiegi humanizatzeko eta harekin enpatia moduko bat sortzeko arriskua gertuegi sumatuko du ikusleak. Hurbilketa horrek eztabaida sortuko du, litekeena baita pentsatzea telesaila diktadoreari gorazarre egiteko sortua izan dela. Ez da hala izango: ekintzak ez dira justifikatzen. Pertsonaiaren konplexutasuna erakustea da asmoa, eta ikus-entzuleen artean hausnarketa kritikoa eragitea.

Oso deigarriak diren beste alderdiak, eta askorentzat oztopo izan daitezkeenak, birsortze lana eta tonua dira. Esentzia teatral, eszentriko eta batzuetan histrionikoaren artean mugituko da narrazioa. Zuzendaritza artistikoa, oro har, aparta da, ikusgarria, baina duen antzerki kutsuak pisu handia izango du; zenbaitetan, nekeza izan liteke hori kontakizunaren hariari jarraitzeko orduan, eta sinesgarritasuna galtzaile atera liteke; zaila izango da aktoreak Cinecitta Italiako zinema estudioan grabatutako dekoratuen artean mugitzen ari diren sentipena gainetik kentzea.

Ideien, soinuen, irudien eta kamera mugimenduen zurrunbiloa etengabea da, eta hasieran kosta egiten da erritmo horretara ohitzea, baina, behin kode horiek onartuta, zirraragarria dela jabetuko da ikuslea. Onerako zein txarrerako, ikus-entzunezkoen errusiar mendi bat da, rara avis moduko bat, estreinaldien uholdearen barruan eskertzen den bitxikeria.

Aurten ikusmin handien sortzen zuten telesailen zerrenda guztietan ageri zen M. Il figlio del secolo, baina deigarria da jaso duen promozio kanpaina hutsala: ikustaldiak merezi du, ikuslea ez du axolagabe utziko.

Liburu ezagunaren moldaketa

Telesaila Antonio Scuratiren M. Il figlio del secolo liburuan oinarrituta dago, zeinak zortziehun orrialde baino gehiago dituen. Mussoliniren gorakada eta Italiako faxismoaren sorrera kontatzen ditu, 2018an argitaratu zuten, eta 2019ko Strega saria irabazi zuen —Italian ematen den sari literario nagusia—. «Italiarren imajinarioan Mussolini totem bat da oraindik ere, oso irudi karismatikoa da, erreprimitu dugun nazioaren aita maltzur moduko bat», azaldu zuen Scuratik duela urte batzuk egin zioten elkarrizketa batean. «Nobelaz mozorrotutako historia-lezio antifaxista» gisa aurkeztu izan du liburua. Benito Mussolini protagonista duen eta historia eta fikzioa nahasten dituen lauko seriearen lehen liburukia da.

FITXA

  • Sortzailea. Joe Wright. 
  • Herrialdea. Italia.
  • Aktoreak. Luca Marinelli, Francesco Russo, Barbara Chichiarelli eta Benedetta Cimatti.
  • Urtea. 2025.
  • Non ikusi. SkyShowtime.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 55 minutu.
  • Generoa. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.