GATAZKETAKO BERRIEMAILEAK (I). Karlos Zurutuza. Berriemailea

«Istorioak kontatzean zintzotasuna da ardatza»

Munduan barna gatazka armatuen berri ematen ari diren freelance kazetariekin elkarrizketak argitaratuko ditu BERRIAk datozen igandeetan. Euskal Herrian eta Katalunian jaiotako berriemaileak dira.

ANDONI LUBAKI.
urtzi urkizu
Donostia
2014ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Iraken eta Afganistanen izan berria da Karlos Zurutuza (Donostia, 1971). Egun batzuk jaioterrian egin ostean, Libiara doa bihar. BERRIAn, Argia-n eta Gara-n idazten du, bai eta atzerriko Al-Jazeeran, edo IPS albiste agentzian ere. Atzeragoardia gehiago interesatzen zaio gerrako fronteak baino. Horregatik, beti saiatzen da herrialdeetara itzultzen, «istorioak amaitzen ez direlako». Pena du Iranera eta Pakistanera bueltatu ezin delako, betoa ezarria baitiote.

Esan izan duzu komunikabideetako informazioetan hutsuneak betetzen saiatzen zarela. Nola egiten duzu hori?

Hartu eta joan. Balutxistan ez badago mapa mediatikoan, zeuk joan beharko duzu, berdin Kurdistanekin. Esaterako, orain Kurdistan denon ahotan dago, baina garai batean ezkutuko gaia zen. Oso garrantzitsua da hedabide batzuen babesa izatea. Zorionez, horrekin kontatzen dut. Bidaia finantzatu eta dirua ez galtzeko.

Gerra pasatu ostean, komunikabideak ahaztu egiten dira herri batekin. Asko gelditzen al da kontatzeko gerra osteetan?

Askoz gehiago. Ni ez naiz fronteko kazetaria, joan izan naiz kuriositate hutsagatik. Idatzizko kazetari naizen aldetik informazio oso txikia dago fronte batean. Informazioa atzealdean dago: zertan den gizarte zibila, senideak zertan diren, eskolak nola dauden, gizartea nola bueltatzen den normaltasunera... Hori kontatu ahal izatea luxu bat da niretzat. Telebistak, berriz, irudi boteretsuak behar ditu. Telebistak askotan informazioa bereganatzen du, pautak markatzen ditu, eta badirudi telebistan ez badago ez dagoela kontatu beharrik. Telebistak ez dizu kontatuko istorio bat nola hasi den eta non bukatzen den, pasarte bat baino ez du hartuko. Kazetariok saiatu behar dugu hori saihesten, istorioa jarraitzen.

Herritarrek bizi duten sufrimendua kontatzerako orduan nola jokatu behar du kazetariak?

Herriarengana gerturatu behar du, entzun, jaso eta idatzi. Gerturatze horretan enpatiak garrantzi handia dauka. Ez badaukazu enpatiarik ezin duzu istorio pertsonal bat kontatu. Politikarien edo komandanteen hitzak denok irakurtzen ditugu hedabideetan. Baina jende xumearen bizimodua zertan den ez hainbeste.

Zer da kazetari batekgerra batean egin behar ez duena?

Teoriak dio ezin garela lerratu alde batean. Askotan, zaila da, gizakiak garelako; ez gara makinak. Kazetariak inguruan daukana ahalik eta zehatzen jaso behar du. Ez du emoziorik baztertu behar, baina zintzotasuna da ardatza istorioak kontatzeko garaian.

Gatazka bateko bi aldeetako batera ezin zarenean iritsi zer egiten duzu?

Libian, hori gertatu zitzaigun. Tripoli erori zenean, izan genuen aukera beste aldean gertatutakoa kontatzeko, baina kazetari gehienek ospa egin zuten. Siriako al-Asadekin ere ezin da lan egin: hiru aldiz eskatu dut bisa, eta ez dut aukerarik izan Damaskora joateko.

Nola saihesten dituzu lekuotan arrisku pertsonalak?

Arriskua hor dago beti. Tentuz eta zentzuz jokatu behar duzu. Arriskua baloratu behar duzu, eta ea merezi duen arriskua hartzea. Ikasi egiten da horrekin bizitzen. Beldur horrek lagundu egiten dizu lan egiten.

Koadernoa eta grabagailua dira zure tresna materialak. Zer garrantzi du begiak zabalik eta belarriak erne izateak?

Informazioa nonahi dago, ez bakarrik jendearen testigantzetan. Nonbait zaude, eta grafiti bat ikusten duzu, arabieraz. Ez baduzu alboan hori itzuliko dizun norbait, ez dakizu zer esanahi duen. Eta hor, agian, funtsezko informazio bat dago. Tokiko atmosfera eta garai bateko kronika koloretsuak galtzen ari dira. Eta garrantzitsuena kontaktuak izatea da, hori gabe ezingo genuke lan egin.

2012an Rikardo Arregi eta Argia sariak jaso zenituen. Zer esan nahi izan zuten sariok zuretzat?

Honetan gabiltzanok ez dugu lan egiten sariak jasotzeko. Baina etortzen direnean aitorpen politak dira.

Euskal Herrian ere badira injustiziak. Kontatu izan dituzu. Nola?

Berdin-berdin kontatu behar dira hemengoak. Langabezia edo etxe kaleratzeak direla, istorio dramatikoak daude. Zizurkilen edo Kabulen, berdin lan egingo nuke: kalera jo eta istorioa jaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.