Broken eye komikia argitaratu berri dute Xabier eta Martin Etxeberria anaiek (Zarautz, Gipuzkoa, 1974). Errealitate historikoa eta fikzioa uztartzen ditu istorioak. Etxeberria anaiek egin dute gidoia, baina Iñaki Arenas hernaniarrak jarri dizkio istorioari marrazkiak, «azkar eta ondo». Ameriketako Scout Comics argitaletxearekin publikatu dute komikia, baina ez dute baztertzen euskaraz ere argitaratzea.
Jendeari spoiler-ik egin gabe, zer kontatzen du komikiak?
XABIER ETXEBERRIA: Liverpoolen dago girotuta komikia, 1970eko hamarkadan; IRA indarrean zegoenean. Bi elementurekin osatu dugu istorioa. Alde batetik, trama beltz bat dauka, krimenezko trama bat. Hilketa bat dago eta istorioko protagonista hori ikertzen hasten da. Beste alde batetik, gazte horrek dauka ahalmen bat. Begi bat hautsita dauka, baina, horri esker, ukitzen dituen gauzen iragana ikus dezake. Beraz, oso trama britaniarra da, baina elementu fantastikoekin.
Nolatan joan zarete istorioan Liverpooleraino?
MARTIN ETXEBERRIA: Badugu lotura txiki bat Liverpoolekin. Bertakoa den lagun bat dugu, Euskal Herrian bizi izan zena, eta Xabi bera ere Irlandan egon zen urtebetez. Orduan, nahasketa bat da, errealitate historikoa eta fikzioa uztartzen dituena.
Scout Comics argitaletxearekin argitaratu duzue. Zergatik salto hori merkatu anglosaxoiera?
M.E.: Xabiren erruz, lo dagoenean ere ez baitaki lasai egoten [barrez]. Aurretik ere emana genuen pausoa Buyan komikiarekin. Xabik galdetu zidan: «Eta beste hizkuntza batean kaleratuko bagenu?», eta argitaletxe frantses eta amerikarrekin kontaktuan jarri eta baiezkoa eman ziguten. Brokeneye-rekin, beraz, zabalik genuen bidea, eta pentsatu genuen, primeran irits ziezaiokeela kontatzen dugun istorioa publiko amerikarrari.
Nolakoa da, bada, publiko amerikarra?
X.E.: Asko ari da aldatzen; literatura formatu desberdinak sortzen ari baitira.
M.E.: Hemengoa ere aldatzen ari da. Formatua aldatzen denez, publikoa ere aldatu egiten da. Hala ere, ez da gauza bera hemengo publikoa edo amerikarra; oso desberdinak dira gustuak.
Non dago desberdintasuna?
X.E: Gogoan dut, esaterako, Buyan argitaratu genuenean, Ameriketatik jaso genuen mezua izan zela istorioak akzio gutxi zuela. Eta, guk, gure artean esaten genuen: «Nola? Odol pila bat agertzen da eta!». Hemengo publikoak, ordea, odol gehiegi zegoela komentatzen zuen.
Zergatik komikia?
M.E.: Xabiren kulpa hori ere!
X.E.: Nik uste dut istorioaren araberakoa izaten dela. Istorio guztiek ez dute berdin funtzionatzen genero guztietan. Broken eye-ren istorioa ezin hobeto geratzen da komiki formatuan, baina podcast gisa edo telebista saio gisa ere balioko luke, ziurrenik.
M.E.: Guri istorioak kontatzea gustatzen zaigu, edozein formatutan. Komikiarekin espektro zabalago bat ireki zaigu, eta esango nuke, genero bakoitzarekin gozatzen ari garela. Pozik gaude.
Gidoia zuek egin duzue eta marrazkiak Iñaki Arenasek. Nola bihurtzen dira zuen ideiak marrazki?
X.E.: Normalean, oso itxita utzi ohi dugu gidoia, irudi bakoitza zein planotan izan beharko litzatekeen ere pentsatzen dugu, eta hala bidaltzen dizkiogu marrazkilariari. Esan behar dugu elkar oso erraz ulertu dugula hirurok. Zorte handia izan dugu. Iñaki artista bat da. Bere lehendabiziko komikia du, eta usoek hegan bezala egin du: azkar eta ondo.
Ez da elkarrekin idazten duzuen lehendabiziko aldia. Nola idazten da liburu bat bi eskutara?
X.E.: Musikariek abesti bera elkarrekin jotzen dutenean bezala. Guk ez dugu instrumenturik jotzen, baina tonua hartua dugu dagoeneko, eta erritmo berean aritzen gara. Hala ere, eskertzen dugu tarteka bakoitzak bere aldetik idaztea.
M.E.: Uste dut adibide ona dela musikariena. Inork ez du pentsatzen nola jotzen ote duten musikariek abesti bera elkarrekin. Aurretik entseguak egiten dituzte erritmo berean jotzeko; bada, guk berdin.
Nolanahi ere, ez zarete bi. Arreba bat ere baduzue, eta idazlea da hura ere.
X.E.: Bai, Aitziber. Ez pentsa gure etxean XVII. mendeko poesiaren inguruan aritzen garenik, gauza arruntei buruz hitz egiten dugu! Baina, bai, irakurtzeko eta idazteko zaletasun handia izan dugu beti hirurok.
M.E.: Atera ez zen proiektu bat ere izan genuen hiruron artean. Gordeta daukagu, baina, batek daki, noizbait aterako dugu agian.
ATZEKOZ AURRERA. Xabier eta Martin Etxeberria. Idazleak
«Istorioak kontatzea gustatzen zaigu guri, edozein formatutan»
Xabier eta Martin Etxeberria anaiek 'Broken eye' komikia argitaratu dute AEBetako Scout Comics argitaletxearekin. 1970eko Liverpoolen dago girotuta, eta errealitate historikoa eta fikzioa nahasten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu