Margolaria

Maitane Azurmendi: «Istorioak irudien bidez kontatzen ditut; oso hizkuntza unibertsala da»

Marrazketa ikusten eta sentitzen duena adierazteko erabiltzen du Azurmendik. Erakusketaren bidez, historia liburuetan agertzen ez diren Durangaldeko emakumeen istorioak ezagutarazi nahi dituzte.

MAITANE AZURMENDI
Maitane Azurmendi, Durangoko Arte eta Historia museoko erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
ane insausti barandiaran
2024ko martxoaren 5a
05:00
Entzun

Gurutzi Arregi, Begoña Ereñaga, Gloria Zubia, Elbira Inurrieta... Durangaldeko hamabost emakumeren erretratuak egin ditu Maitane Azurmendi margolariak (Mungia, Bizkaia, 1978), WikiEmakumeok proiektuko kideek proposatuta. Historiako izen handien ondoan ageri ez diren emakumeei aurpegia jarri die, zuri-beltzeko marrazkien bidez. Ostiraletik ikusgai dago erakusketa, Durangoko Arte eta Historia Museoan (Bizkaia).

Nortzuk dira irudietako emakumeak?

Lorpen handiak egin arren inon agertzen ez diren emakumeak dira. Ez dago haien erretraturik, asko jota argazki zaharren bat, eta horretan kolaboratu dut nik, haiei aurpegia jartzen.

Nondik heldu zitzaizun proposamena?

Euskal Herriko emakume aitzindariak ezagutarazteko lan egiten dute WikiEmakumeok proiektuan, eta haien enkargua izan zen. Gehiago egin ditut, baina, Durangaldekoak direnez, haiei aipagarrienak iruditu zaizkienak aukeratu dituzte.

Zer garrantzi du haiei aurpegia jartzeak?

Azkenean, oso bisualak gara. Jendeari aurpegia jartzea gustatzen zaigu, eta gure herriko istorioetan arreta jartzen dugu horrela. Nik dena ilustratzen dut, dena dira irudiak niretzat. Aurpegia jartzea gustatzen zaigu duela ehun urte Bartzelonara joan eta txapelketak irabazten zituzten emakume erraketistei, edo Elbira Inurrieta elorriarrari [Bizkaia], zeinak XX. mende hasieran lagundu zuen 2.400 haur erditzen, ur irakinarekin eta lau trapurekin soilik.

Urrutikoak bezala, etxe ondokoak ere txalotu behar dira?

Haluzinatu egin dut haien istorioekin. Izenak ematen zizkidaten, eta ikertu egiten nuen lehenik. Duela berrehun urte bazeuden harri jasotzen ibiltzen ziren emakumeak, adibidez. Milaka gauza egin dituzte emakumeek, eta gaur egun ditugun gauza asko haiei esker ditugu, baina ez diete eman dagokien lekua.

Zergatik daude zuri-beltzean?

Nire sinadura da zuri-beltza. Badaude salbuespenak, ordea: Inurrieta emaginak begi urdin oso potenteak zituen, eta ukitu urdin bat eman diot marrazki horri. Agian Picassoren Gernika-rekiko dudan obsesioagatik izango da, baina, gainera, uste dut kolorerik gabe ere esan beharreko guztia esaten dutela irudiek, ez dadin arreta koloreetan galdu.

Noiztik egiten dituzu erretratuak?

Aspaldidanik. Norbait edo zerbait ikusten dudan aldiro aritzen naiz hura mentalki marrazten. «Horrela egingo nioke begi ninia, irribarre hori, keinu hori...», pentsatzen dut.

Beti esaten omen duzu marrazkiak egiten dituzula. Zergatik marrazkiak?

Agian hobea naizelako marrazkiekin, hitzekin baino. Hitzen bidez esatea lortzen ez dudan gauza asko esaten ditut irudien bidez. Istorioak irudien bidez kontatzen ditut; oso hizkuntza unibertsala da. Ez dauka adinik, ezta mugarik ere. Nire adierazteko eta bizitzeko modua da.

Zorrotz hedabiderako Gernikaren bihotza egin zenuen. Bihotzetik marrazten duzu beti?

Gernikaren bihotza bonbardaketaren urteurren batean jaio zen, urtero egun horretan zerbait berezia egin nahi izaten dudalako. Nire bihotza da. Beti egiten dut bihotzaren alde, tarteka bizitzak kolpeak eman arren. Leku pila batean ikusi dut; jendeak haren tatuaje bat egin duela ere entzun dut.

Salaketarako eta memoriarako erabiltzen duzu marrazketa?

Bai, gaurkotasunari lotuta: hau gertatu da, edo bestea gertatu da, gaur bezalako egun batean norbaitek hau edo bestea egin zuen... Palestinaren kontua ere barru-barruraino iristen ari zait. Baina ikusgaitasuna beste era batean emateko modua da.

Eta zeure buruaren erretratua egina duzu?

Bai! Bat baino gehiago: betaurrekoekin, gabe... Autorretratuak ez dezala hutsik egin. 

LOTSABAKO

Erakusketako erretratu bat?
Oihana Azkorbebeitiarena. 

Erreferente bat?
Amama Pantxike.
Hurrengo erretratua, nori?
Ikusiko dugu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.