ATZEKOZ AURRERA. Daniel Burgi. Kazetaria

«Istorio pertsonalek harilkatzen dute hain zabala den liburu hau»

Hamabost lagun Europan bizikletan ibili ziren, iaz, D2016ren Biziz proiektuaren barruan; tartean, Burgi. 'Europa Biziz! Aniztasunaren bitakora' liburuan jaso ditu proiektuak emandakoak.

UNAI BEROIZ.
Julen Aperribai.
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
«Europako bizi estiloaren» bost arlo desberdinekin lotutako ibilbide bana; eta, guztira, 15.000 kilometro. Europako hainbat hiritatik etxerako bidea hasi zuten iazko ekainean, bizikletaz, hamabost lagunek. Daniel Burgi (Iruñea, 1985) horietako bat izan zen, eta, bidaiatzeaz gain, horren berri ematea ere egokitu zitzaion, beste lau laguni bezala. Bidean elkarrizketatutako lagunen esperientzietan oinarrituz, Europa Biziz! Aniztasunaren bitakora liburua kaleratu du.

Argi zenuten hasieratik proiektua liburu batera eramango zenutela?

Ez zen hori hasierako asmoa. Baina pentsatu genuen material oso interesgarria bildu genuela, Europako aniztasuna erakusten zuena, eta gorrotoaren diskurtsoaren eta klixeen kontra egiten zuena. Proiektuan hori guztia islatu nahi genuen, eta urte amaieran sortu zen liburu forma emateko aukera. Bidaian ezagututako lagunen istorioak erakutsi nahi genituen; ez genuen nahi bidaia liburu soil bat izatea.

Liburuak zein erabilera izatea nahi zenuke?

Liburu berezia da. Gai ugari ukitzen ditu, eta, aldi berean, dibertigarria eta motibagarria da. Horrez gain, eta, batez ere, bizi dugun atsekabe globalaren aurrean eta instituzioen, gobernuen eta estatuen gainetik, jende arruntaren esperientziak gailentzen dira, goizean goiz esnatzen direnena eta euren komunitatearen alde lanean ari direnena. Liburuak zabalpena izatea nahi nuke: eskola eta institutuetan presente egon dadila, eta jendeak Internet bidez deskargatu dezala.

Pertsona arrunten istorioetan zentratu nahi izan duzue?

Bost ibilbidetan banatuta egon da proiektua, eta ibilbide bakoitzetik onena erreskatatzea egokitu zait. Konturatu nintzen ibilbide guztiak batzen zituena horietan ateratzen ziren pertsonak zirela. Istorio pertsonalek harilkatzen dute hain zabala den liburu hau.

Bidaian, zenbateraino zenuten egin beharrekoa aurrez lotuta eta zenbateraino izan duzue inprobisatu beharra?

Proiektuak hiru fase izan ditu. Bidaiari dagokionez, batzuetan ez zen erraza gure eginbeharra. Denbora mugatua genuen, eta jendearekin harremanetan jarri behar genuen, haiekin gelditu eta hurrengo egunean berriz bidaiarekin jarraitzeko. Batzuekin bigarren aldiz jarri gara harremanetan liburua idazteko orduan. Inprobisazio puntu bat ere egon da. Errumanian, adibidez, Adrian izeneko artzain batekin topo egin, eta elkarrizketatu egin genuen. Arbizun [Nafarroa] lan egindakoa zen, eta euskara apur bat ere hitz egiten zuen.

Bizitzaren arlo desberdinei loturiko ibilbideak osatu dituzue. Zuek hala erabakita?

Bidaia Donostia 2016 hiriburutzak berak proposatu zuen. Europako bizitza nolakoa den ikusarazi nahi zuten, bizitzaren bost arlo garrantzitsu kontuan hartuta: arkitektura, gastronomia, sexualitatea, komunitateak eta biodibertsitatea. Planteamendu hori bere horretan jaso genuen. Liburuan ere mantendu egin dugu, kapituluak antolatzeko modu erraza delako.

Arlo horien bidez, Europako bizi estiloa irudikatzea zen proiektuaren helburuetako bat. Hitz egin al daiteke, egun, Europako bizi estiloaz?

Ez, noski. Aniztasunaren eguneroko moduko bat irudikatu nahi izan dugu, eta ideia horixe azpimarratu nahi dugu. Europak dituen 10.000 kilometro koadroetan baino aniztasun handiagoa ez da munduko beste edozein lekutan. Europa zerbaitek batzekotan, bertan bizi den jende pluralak egiten du. Zorionez, munduari irekia dago. Europako bizi estiloa noizbait existituko bada, gure mezua da mestizajean oinarritua egon behar duela. Desberdintasunak elkartzen gaitu, azken batean.

Diozun aniztasun hori ez da leku guztietan berdin islatuko, ezta?

Asko aldatzen da leku batetik bestera. Hala ere, badira espero ez dituzun gauzak. Askotan, ekologiaren kasuan bezala, iparraldeko herrialdeak hartzen dira eredutzat. Danimarka, Herbehereak, Alemania... oso kontzientziatuta daude arlo askotan. Hala ere, Herbehereetan, esaterako, gizakiak guztiz eraldatu du paisaia naturala, XVI. mendetik hona. Gizakiaren esku hartzea ikaragarria izan da, baina ez dugu irudi hori herrialde hartaz.

Eta bidaian ukitu dituzuen arlo horiek guztiek zer-nolako lekua dute Euskal Herrian?

Azken batean, guk testigantza batzuk eraman ditugu liburura. Baina begiak zabaltzeko modu bat ere bada, eta konturatzekoa euskal herritar batek eta beste edozein txokotako pertsona batek elkarrekin gauza asko izan ditzaketela. Buruan ditugun muga horiek eraistea asko gustatzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.