Duela milaka urtetako istorioa kontatuko du Javier Barandiaran aktoreak (Donostia, 1969), egungo gizakiak ezabatu ezin izan duen ezaugarri bati buruz aritzeko: hanka sartzea. Gasteizko El Parral tabernan izango da, 20:30ean.
Nola aurkeztuko zenuke Errare humanum est antzezlana?
Izenburuak dena dio. Duela zazpi bat urte bururatu zitzaidan antzezlana, Bilbon. Erromatarren garaiko gizon baten istorioa kontatzen du, eta hanka sartzeko duen gaitasuna azaleratzea du helburu.
Hanka sartzeari eginiko omenaldi bat al da, hortaz?
Bai. Hanka sartzea gizakiaren ezaugarri nagusietako bat da, eta halako goraipamen bat egiteko gogoz nenbilen. .
Istorioa baino gehiago, pertsonaia da obrako zutabe nagusia, ezta?
Bai. Istorioak idazten ditudan bitartean ez naiz ohartzen, baina gerora argi ikusten dut: istorioak baino gehiago, pertsonaiek dute garrantzia. Antzezten dugun istorioa izugarria izan daiteke, baina pertsonaiak oso gizatarrak izan ohi dira beti. Aldarrikapen hori egin nahi izan dut lan honetan, istorio perfektuak dauden arren, ez dagoelako gizaki perfekturik. Hala onartu beharko genuke denek!
Zuk zeuk asmatutako eta landutako obra da. Zaila izan al da bidea?
Oso antzezlan xumea da. Komedia txiki bat da, eta ikusle gutxiren aurrean egiteko asmoz idatzi nuen bere garaian. Ikusleen barrea eragin nahi izan dut, eta oso polita izan da prozesu osoa.
Baina nahiz eta txikia izan, seigarren urtea du antzezlanak Euskal Herriko oholtzen gainean.
Egia da. Asko harritu nintzen hasieran, ez nuelako epe luzean antzezteko asmoz idatzi. Orduz geroztik, istorioak izan duen ibilbidea ezberdina izan da, ordea. Uste baino gehiago gustatu zaie ikusleei, eta nik ere oso ongi pasatzen dut emanaldi bakoitzean.
Zein izan da obrak harrera ona izateko formula?
Istorioa bitxia izateaz gain, entretenigarria zaio bertaratzen den horri. Gainera, antzezlanak ikusleen parte hartzea eskatzen du une batzuetan. Hala, ikusleek bere antzerkirako dohainak erakuts ditzakete jendaurrean!
Hortaz, bakarrizketa izan arren, ez zaude hain bakarrik, ezta?
Hori da. Baina ez dakit irakurleek hau jakiterik nahi dudan, jendea beldurtu eta agertokitik oso urruti eseriko delako, kar-kar.
Petit comité egoeran gehiago gozatzen al duzue aktoreek?
Toki guztietan gozatzen da. Lan txikiak egin izan ditut, eta oso aberasgarriak izan zaizkit. Baina beste motako antzezlanetan nabil orain, eta Trapu Zaharrak taldearekin kaleko antzerkia egiten dut, adibidez. Aktoreontzat komenigarri zaigu denetatik egitea.
Hanka sartze asko egiten al dituzue aktoreek oholtza gainean?
Aktoreak gizakiak ere bagara, eta hanka sartze asko egin ohi ditugu. Oholtza gainean egin daitekeen akatsik larriena jendearen arreta galtzea da, eta egoera horri aurre egin ahal ez izatea.
Baina badira ikusleak barkatzen dituen bestelako hanka sartzeak...
Hanka sartze arruntena oholtza gainean zuriz geratzea da. Aktore gehienoi gertatu zaigu noizbait, eta aurre egiten ikasi behar izan dugu. Oso egoera desatsegina da, baina ikusleak ulertu egin ohi du normalean. Askotan ezin dugu akats hori onartu, eta ez dugu ulertzen zer gertatu zaigun.
Hortaz, hanka sartzea bezain gizatiarra da akatsa ez onartzea?
Nork bere akatsak ez onartzea ezin gizatiarragoa da, zalantzarik gabe.
Javier Barandiaran. Aktorea
«Istorio perfektuak dauden arren, ez dago akatsik gabeko pertsonaiarik»
Erromatar trakets baten inguruko bakarrizketa egingo du Javier Barandiaran aktoreak Gasteizko El Parral tabernan. 'Errare humanum est' antzezlana 20:30etik aurrera izango da gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu