Unicef erakundeak urtarrilean eman zituen datuen arabera, Palestinako 3.000-4.000 haur gelditu dira gorputz adarrik gabe 2023ko urritik hona Israelgo armadak egindako erasoen eraginez. Horietako bat da Mahmud Ajjur. Iazko martxoan, israeldarren eraso batek zauritu zuen. Altxatu, eta senideak korrika jarraitzeko animatu zituen. Baina lehergailu batek besoak erauzi zizkion. Samar Abu Eluf argazkilari palestinarra eta mutikoa Dohako apartamentu batzuetara eraman zituzten, beste hainbat palestinarrekin batera, eta han atera zuen argazkia Abu Elufek. Hain zuen ere, World Press Photo lehiaketa prestigiotsuak urteko argazkirik onena izendatu du.

«Sariaren parterik garrantzitsuena da munduak istorio honen berri izatea, entzun dezala, eta jakin dezala adibide bat baino ez dela Gazan zauritu dituzten haur guztien artetik. Gorputz adarrak galdu dituzten neska-mutikoen artetik», azaldu du sariaren irabazleak. «Haur horiek ezin dira Gazan bertan artatu, ospitaleak bonbardatu egin dituztelako, baina gehienak ezin dira Gazatik irten, bideak itxita daudelako».
Ajjur mutikoaren familiak aukera izan zuen Qatarrera ebakuatua izateko. Han tratamendua jaso ahal izan zuen mutilak. Ikasi du oinekin idazten, sakelako telefonoa erabiltzen eta ateak irekitzen. Baina Israelek egin zuen erasoaren ondorioak bizitza guztirako pairatuko ditu: fisikoak zein psikologikoak.
Abu Eluf argazkilariak palestinar zauritu askoren argazkiak atera ditu azkeneko hilabeteetan, eta horietako batzuk The New York Times egunkarian argitaratu dituzte. 2023ko abendutik dago Dohan Abu Eluf, eta bonbardaketak jasan zituzten hainbat palestinar daude eremu berean bizitzen.
Amsterdamen jaso du argazkilari palestinarrak saria, gaur goizean. «Zoritxarrez, Gazako egoera oso gogorra den une honetan iritsi da sari hau. Eta saritu duten argazkia ez da alaia. Garai gogorregiak dira nik zoriontasuna sentitu ahal izateko», adierazi du Abu Elufek. «Zalantza izan dut saria jasotzera etorri ala ez, baina pentsatu dut aukera bat dela galdu ditudan herrikideei eta zauritu dituzten lagunei buruz hitz egiteko. Hortaz, hemen Amsterdamen banago, nire ahotsa entzun dadin nago, ez ospatzeko ezer dagoelako».
Bi finalista
World Press Photoko lan irabazlea 141 herrialdetako 3.778 argazkilariren 60.000 argazkiren artean aukeratu dute.
Joumana El Zein Khoury lehiaketako zuzendariak zera adierazi du mutiko palestinarraren argazkiaren inguruan: «Argazki isila da, oso ozen hitz egiten duena. Haur baten istorioa kontatzen du, baina baita belaunaldi askorengan eragina izango duen gerra handi baten istorioa ere». World Press Photoko arduradunen arabera, argazkiko mutiko protagonista tratamendua jasotzeko Palestinatik atera ahal izan den zauritu larri bakanetakoa da. Lucy Conticello epaimahaiko presidenteak zera adierazi du irudiaz: «Fotokazetaritzak egin dezakeena egiten du argazkiak: sarbidea ematen dio istorio konplexu bati».
Bestalde, World Press Photok bi finalista hautatu ditu. Biak Amerikako argazkiak dira, eta kontinente bereko bi argazkilarik atera dituzte. Elkarren oso desberdinak dira, hala ere.

Musuk Nolte Mexikoko argazkilariak Amazonas ibaiak eremu batzuetan duen lehortea erretratatu du Lehortea Amazonasen argazkian. Gazte bat ageri da, amari janaria ematekotan dena, eta duela gutxi arte txalupaz joaten zena harengana. Baina, orain, bi kilometro egin behar ditu oinez, Amazonasen eremu lehorrean. Brasilgo herri txiki batekoa da irudia: Manacapuru herrikoa. Klima larrialdiaren gaia mahai gainean jartzen du argazki horrek.
Beste argazki finalista John Moore Ameriketako Estatu Batuetako argazkilariarena da: Gaueko zeharkaldia. Txinako migrante talde bat ageri da argazkian, Mexikoren eta AEBen arteko muga pasatu berritan. Argazkia gauez aterata dago, eta euripean daude protagonistak.

Lucy Conticello epaimahaiko presidentearen arabera, Mahmud Gazako mutikoak, lehortearen ondorioek eta migrante txinatarrek «erresilientzia, familia eta komunitatea» islatzen dute. «Aurtengo World Press Photoren irabazleek hiru gai beste modu batean ikusteko aukera eskaintzen dute: gatazka, klima aldaketa eta migrazioa».
Era berean, World Press Photo-ren webgunean kontinente bakoitzeko argazki finalista batzuk argitaratu dituzte. Samuel Nacar argazkilari kataluniarrak sari bat jaso du Siriako espetxeetako torturetatik bizirik atera direnekin egindako lan bategatik.
World Press Photok erakusketa bat antolatzen du hautatutako hirurogei argazki onenekin. Munduko hainbat herrialdetara eramaten dute erakusketa hori, eta Euskal Herrian Gasteizen ikusteko aukera izaten da.