2018. urtean, Zuzenbide islamiarreko doktore izendapena lortu zuenAminata Diallok (Mamou, Ginea, 1986). Ginean doktore izendatu zuten lehenengo emakumea bihurtu zen horrela. Marokon, Rabateko unibertsitatean lortu zuen lizentzia, eta bi masterrekin bueltatu zen Gineara. Han lortu zuen doktoretza bukatzea. Hala ere, ez da bide erraza izan ginearrarentzat: emakume izanda, hainbat traba aurkitu ditu ibilbide osoan. Beste neskato batzuei bidea errazteko asmoz, lanean dabil orain, eta Gineako emakumeen egoerari buruzko hitzaldia emango du gaur, Nazioarteko Elkartasunak online antolatu duen Diarama Afrika zikloaren barruan.
Nolako eragina dauka islamak Gineako emakumeengan?
Daukan eragina egiten den interpretazioaren araberakoa da. Ablazioaren gaiari dagokionez, esaterako, islamiar aditu batzuek diote erlijioak debekatu egiten duela, eta beste askok, berriz, islamean derrigorrezkoa dela. Aditu horiek esaten dutenak tradizioari jarraitzen badio, jendeak onartu egiten du, baina orain arte egin denaren kontrakoa badiote, ez diete entzuten.
Beraz, islamaren interpretazioan dago gakoa?
Bai. Batzuek, adibidez, esaten dute islamak agintzen duela neskatoak ezin direla eskolara bidali, eta horregatik ez dituztela bidaltzen. Berdin gertatzen da ezkontza behartuekin eta adin txikikoen ezkontzekin; baina islamak ez zaitu inondik inora behartzen nahi ez duzun batekin ezkontzera.
Ablazioari buruz aritu zara. Nolakoa da egoera?
Ginean, 2000. urtetik debekatuta dago ablazioa, baina jendeak ez du errespetatzen. Pentsatzen dute islamak hori egitera behartzen dituela. Gobernuz Kanpoko Erakunde asko daude horren aurka borrokan, baina familia askok beste senide batzuk dituzte herri txikietan, eta hara eramaten dituzte neskatoak erauzketa egiteko. Herri txiki horiek ez daude GKEen esku, ez dira herri horietara heltzen, eta legea betearazteko ere zaila da.
Zer traba izan dituzu zuk doktore izatera iristeko?
Emakume izanda, eskolara joate hutsa zaila da, eta atzerrian ikastea, are gehiago. Baina, hala ere, niretzat, zailena jendeari aurre egitea izan zen. Beti eduki dut familiaren babesa, baina gainerakoek etengabe deitzen ninduten Rabatera ikastera joan nintzenean: «Zertan zabiltza hor? Noiz itzuliko zara? Etxean egon beharko zenuke!».
Nolakoa da egoera neskatoen eskolatzeari dagokionez?
Herrian eskolarik ez badago, edo kilometro batzuk ibili behar badira eskolara heltzeko, gurasoak beldur izaten dira neskatoak eskolara bakarrik bidaltzeko, eta nahiago izaten dute mutikoak bidali. Baliabide ekonomiko faltagatik ere ez dituzte bidaltzen askok. Ezin dutelako eskola ordaindu, edo eskolara joan beharrean nahiago dutelako neskatoa errepidera bidali, ura saltzera, etxera dirua ekarri eta jan ahal izateko. Beste askok badakite neskatoek eskola utzi beharko dutela ezkontzen direnean, eta, beraz, nahiago dute zuzenean eskolara joan ez daitezen.
Nondik hasi behar da egoera aldatzeko?
Hezkuntzan dago gakoa. Neskatoak, ikasketak badituzte, beraien eskubideen alde borrokatu ahal izango dira. Ezkontzera behartzen badituzte, esaterako, jakingo dute islamak ez duela hori agintzen, erlijioa eta kultura bereiziko dituzte, eta ez dute men egingo.
Eta eskolatzeko?
Islamean adituak direnei sinetsarazi behar zaie beharrezkoa dela eskolara joatea, jendeak haiei entzuten baitie. Eta laguntza ekonomikoak eman behar zaizkie ikasi nahi duten neskatoei, atzerrira ikastera joan daitezen, eta, gero, bueltatu, eta ondorengoei lagundu diezaieten.
ATZEKOZ AURRERA. Aminata Diallo. Zuzenbide islamiarrean doktorea
«Islama eta kultura desberdintzea beharrezkoa da»
Gineako emakumeen eskubideei buruz eta islamak daukan eraginaz hitz egingo du gaur Aminata Diallok, 'Emakumeen egoera Ginean: kultura eta erlijioaren artean' hitzaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu