«Zarata konstante bat da, burutik datorrena eta beti entzuten dudana. Ez dakit oso ondo nola deskribatu, ordea. 20 urte daramatzat, eta dagoeneko ohitu naiz, zorionez». Badaki soinu deseroso hori ez dela sekula desagertuko. Miren Galindezek zarata horrekin bizi beharko du beti. Horregatik, naturaltasunez bizi du egoera, zaratari jaramonik egin gabe.
Burrunbak. Klaskak. Marmarrak. Imajinatu ez dela desagertzen, beti dagoela. Imajinatu etengabeko soinu bat izatea buruan. Imajinatu liburua mesanotxean utzi, eta ezin lorik hartzea. Ez da kanpoko soinu bat, buru barruan dago, gainera. Gogaikarria izan daiteke, areagotu ala gutxitu daiteke, betikotu daiteke ala ez... Ez da pertsona guztientzat berdina, eta gehienetan normaltasunez bizi daiteke zaratarekin. Baliteke irakurle asko aipatutakoarekin oso identifikatuta sentitzea.
Akufenoak edo tinnitusak belarrietan edo buruan norberak bakarrik entzuten dituen zaratak dira, ez dira kanpoko soinu iturri batek sortutakoak. Ohikoak dira mundu osoko herritarren artean: %10-17k dituzte; ehunekoa alda daiteke herrialdearen arabera. Arazo iragankorra izaten da gehienetan, pairatzen duenari enbarazu askorik eragiten ez diona. Beraz, kasu gehienetan ez dago tratamendu espezifikorik egiteko beharrik. Akufenoak, gainera, ohikoagoak dira adinduetan, baina ez dago sexuen arteko desberdintasunik. Oraindik, ordea, asko dago jakiteko eta ikertzeko soinu nahasmendu horri buruz.
Txistuaren, burrunbaren, sare elektrikoaren zarataren eta abarren antzeko soinua izan ohi da. Xavier Pujolas Gasteizko otorrinolaringologo sonatuaren hitzetan, batez ere loa aztora dezakete enbarazu egiten duen kasuetan, eta pairatzen duenaren kontzentrazio gaitasuna eta eguneroko jarduerak oztopa ditzake: «Akufenoek eguneroko bizitzari eragiten dioten heinean eta atseden egokia lortzen ez den heinean, pazienteak gehiago sufrituko du. Horrek gero eta eragin handiagoa izango du haren bizi kalitatean».
Egunerokoan dagoen zarata desagertzean eta oheratzen direnean sufri dezakete gehien akufenoak dituztenek. Galindezen kasuan, eta aspaldian gertatu ez zaion arren, ezin lorik hartu eta ohetik jaiki behar izan du gau batzuetan: «Zaratari kasu eginez gero, ezin dut lorik hartu, eta etsi egiten dut». Hala ere, badaude gehiago sufritzen dutenak. Haren anaiak akufenoak ditu, eta askoz gehiago sufritzen du. «Oso gaizki pasatzen du batzuetan. Esaten dit gau batzuetan gogoa izaten duela balkoitik salto egiteko», esan du Galindezek, ironiaz.
Zehazki, ezin daiteke esan akufenoak izateko arrazoiak zeintzuk izan ahal diren. Pujolasek aurreratu duenez, gaur egun oraindik ez baitira segurtasun osoz ezagutzen. Jakina da, ordea,«entzumenaren disfuntzio bat» dela, eta hainbat izan daitezkeela arrazoiak: gortasuna edo entzumen galera, belarriko infekzioak, zarata handien eraginpean egotea, hainbat farmako —azido azetilsalizilikoa, kinina, antibiotiko batzuk...—, belarriko argizariak eragindako tapoiak, nerbio akustikoaren tumoreak, bizkarrezurreko arazoak, disfuntzio tenporomandibularra eta hipertentsio arteriala, besteak beste.
Ohikoena ez izan arren, zaratak eta estres egoerek belarriko akufenoak «larriagotu» ditzakete. Hala ere, jendearen kezkak baretze aldera, Pujolasek gaineratu du normalean ez direla gaixotasun larri baten sintoma izaten, baina komeni dela otorrinolaringologoarengana joatea: «Espezialista batengana jotzea gomendatzen da, lehenik eta behin entzumen arazo bat baztertzeko. Gainera, paziente asko etorri zaizkit kontsultara akufenoekin hasi eta bost urtera. Hori ez da batere ona. Akufenoak kronikoak izateko eta ez desagertzeko aukerak areagotzen dira kasu horietan».
Detekzioa
Orain dela 20 urte otorrinolaringologora lehen aldiz joan zenekoa oroitu du Galindezek. Belarriak buxatuak zituela igartzen zuen, eta buru barrutik zetozen zaratak entzuten zituen: «Belarrietan argizarizko tapoi oso handiak nituela esan zidaten. Kendu zizkidaten, baina zarata entzuten nuen oraindik, eta proba batzuk egin zizkidaten, badaezpada ere. Horri esker, tumore bat aurkitu zidaten buruan, eta garaiz kendu zidaten. Halere, ez zeukan zerikusirik akufenoekin». Bost urte eman zituen otorrinolaringologoarengana joaten, horrekin bizitzen ikasi behar zuela onartu zuen arte. Gaur egun, ikasi du akufenoekin bizitzen, eta askoz gutxiago eragiten diote.
Askotan, akufenoak dituzten pazienteei areagotu egiten zaie kanpoko zaratekiko sentsibilitatea, «eta tolerantzia txikiagoa izaten dute». Sintoma horien aurrean, entzumena aztertzea gomendatzen du otorrinolaringologoak, «arazo larririk ez dagoela ziurtatzeko». Aparteko arazo larriagorik ez balego, eta pazienteari zaratek asko molestatzen badiote, kasuaren arabera tratamendu bat edo beste aplikatu beharko da.
Desagertzen da, gehienetan
«Ematen dizkiegun jarraibideak jarraitzen dituzten pazienteen %95ek lortzen dute akufenoak kentzea». Beraz, kasu gehienetan bakarrik edo «esfortzu gutxirekin» desagertu daitezke zaratak, nabarmendu nahi izan du Pujolasek. Horregatik, lehenik eta behin, «arazoa larria ez dela jakinarazi behar zaio pazienteari», eta zaratei jaramonik ez egiten saiatu behar duela: «Erabateko isiltasuna saihestuz, ingurumen musika jarriz, behar bezala lo eginez —beharrezkoa bada, infusio erlaxatzaileen, melatoninaren, antsiolitikoen edo loa eragiten duten botiken laguntzarekin—...»
Hori nahikoa ez bada, tratamendu farmakologikora jotzen da, tratamenduaren bigarren maila izango litzatekeena. Pazienteei bitaminak hartzeko esaten diete otorrinolaringologo askok, baina Pujolasentzat horrek ez du ezertarako balio: «Frogatuta baitago ez direla eraginkorrak». Horregatik, beheraldiaren kontrako botika batzuk gomendatzen ditu —antiobsesiboak esatea gustatzen zaio Pujolasi, pazienteak ez baitu zertan deprimitua egon behar—. «Badaude gauzei buelta asko ematen dietenak. Medikamentu horri esker, pazienteak ez die akufenoei arretarik jartzen, eta horrek soinura ohitzeko prozesua errazten du, eta desagertu daiteke».
Kasurik larrienetan, Soinu terapia sekuentziala izeneko terapia bat aplikatu beharko da. Hainbat modutan aplika daiteke terapia, otorrinolaringologoak zehaztu duenez. Pazienteak gortasunik ez badu, «zarata desatsegin bat» ateratzen duten belarrietako soinu sorgailuak erabiltzea gomendatzen du. Bi belarrietan jarri behar dira, egunean sei-zortzi ordu bitartean; betiere akufenoa baino intentsitate baxuagoan. «Zarata desatsegin horren bidez, pazientea akufenoez ahaztea lortu nahi da, beste zaratan arreta jarrita. Horri esker, soinu sorgailuak kentzean, akufenoak ez lioke hainbeste molestatu behar». Pazienteak gortasuna eta akufenoak dituen kasuetan, entzumena hobetzen eta akufenoak zuzentzen laguntzen duten audifonoak gomendatzen ditu otorrinolaringologoak. Terapiaren iraupena ezberdina da pazientearen arabera.
Azkenik, pazientearen buru osasuna arriskuan dagoen «muturreko kasuetan», tratamendu psikologikoa eta psikofarmakologikoa funtsezkoa da Pujolasentzat. «Batik bat, antsietatea murrizteko, depresioa hobetzeko. Bestela, ez dira otorrinolaringologoak esandako tratamenduaren helburuak beteko».
Bizi, arazo barik
Urduri dagoen uneetan erreparatzen die Galindezek zaratei. «Zerbaitengatik kezkatuta nagoenean eta horretan pentsatzen hasten naizenean areagotzen da zarata; bestela, hain ohitua nago, ez naizela jabetzen». Hain justu, Pujolasek esplikatu du urduritasun momentuak saihesten saiatu behar dutela akufeno kronikoak dituztenek. «Pertsona horiei ondo datorkie yoga bezalako erlaxazio ariketak egitea, musika lasaia entzutea...», aipatu ditu adibideak.
Denborarekin, Galindez konturatu da haren inguruko jende askok dituela akufenoak, baina gehienek lortu dute normaltasunez bizitzea. «Uste baino jende gehiagok dauzka akufeno kronikoak, eta gehienok normaltasunez bizi gara horrekin. Zaratarekin bizitzen ikasi dugu. Gainera, niri ez dit bereziki eragiten; beraz, zortea daukadala uste dut».
Medikuntzan alor gehienetan bezala, entzumen kontuetan ere oso garrantzitsua da arazoak azkar atzematea eta arazo larriagoak prebenitzea. Otorrinolaringologoak hamaika aldiz esan duen bezala, akufenoen kasu gehienak pasatu egiten dira, eta bestela haiekin bizitzen ikas daiteke. «Beti esaten diet pazienteei arazo bat baldin badaukate azkar joan daitezela medikuarengana. Esajeratu gabe, baina garrantzitsua da entzumena zaintzea».
Isiltasunik gabeko jendea
Belarrietan edo buruan norberak bakarrik entzuten dituen zaratak dira akufenoak edo tinnitusak; ez dira kanpoko soinu iturri batek sortutakoak. Mundu osoko herritarren %10-17k dituzte, baina azkar desagertzen dira kasu gehienetan. Halere, badaude bizi osorako dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu