Zikinduta eman diote hasiera gaur herritar askok Bilboko Aste Nagusiari. Arriaga plazan bildu direnek ezin izan diote gogoari eutsi, eta suziria piztu baino ordubete lehenago irina bota diote elkarri. Minutuak igaro ahala, gero eta jende gehiago bildu da antzokiaren beheko aldean, jaiak hasteko irrikaz. 19:00etarako hamar minutu falta zirela atera dira Itziar Ituño pregoilari, aktore eta abeslaria eta Nagore Ugarte txupinera eta Txinbotarrak konpartsako kidea. Txalo zaparradaz eta oihuekin hartu dituzte ordurako goitik behera zuriz tindatutako herritarrek, baita zikintzea saihestu dutenek ere. «Hankak dar-dar» eta «hezurretaraino hunkituta», hasiera eman dio pregoiari Ituñok: «Zu, herria, zein ederra zaren hemendik ikusita. Zenbat bider izan naizen Arriagako oholtza gainean antzezle, eta orain neu naiz ikusle, neu naiz lekuko, eta ez dakizue zelako espektakulua zareten hemendik goitik, hil artean ahaztuko ez dudana».
Hasieran mikrofonoarekin arazoak izan dituen arren, ozen eta argi esan du Ituñok esan beharrekoa, eta aldarrikapen ugari jarri ditu mahai gainean, isiltzeko asmorik ez duela erakutsiz: «Luxu handia da berbarako aukera izatea zentsuraz eta bazterkeriaz betetako mundu honetan; ohore handiz onartzen dut desafioa, eta datorrena datorrela». Jaiak eta mundua «denonak» direla esan du Ituñok, eta ez direla inoiz isilduko. «Isilduta ez gaudelako politago». Mehatxu eta irainen bidez herritarrak isilarazten saiatzen diren horiei argi utzi die: «Egingo dugu berba altu eta klaru, lau haizeetara, beldur barik, justua dena aldarrikatzeko, libre, alai, zoriontsu; sorginen moduan, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik, libre». Ituñok gogoratu du artistek ere iritzia izateko eskubidea dutela. Hori dela eta, eskertu egin du pregoilari izateko aukera eman izana, eta Bilboko Konpartsek urte osoan egiten duten lana goraipatu du.
Beti Itziar Ituñoren taldean, GORA HERRIA!!
— Malcolm iXa 🔻 (@ideiazabaldub) August 17, 2024
Lehertu da Bilboko Aste Nagusia!
Sentitzen dut MARIJAIA baina nik oraindik Gernikako jaiak bukatu behar ditut, itxon nazazu maitia. pic.twitter.com/23GVs1H1ax
Euskaraz sortu eta irakurri du pregoia; bizkaieraz, hain zuzen. Izan ere, gogoratu du «euskaldun berri harroa» dela, «AEKri esker». Bilbori eskatu dio bere euskara «anitza, marabilloso eta koloretsua plazara» ateratzeko. «Euskarak ematen digulako munduan leku bat», erantsi du, Jon Maiak esandako hitzak gogora ekarriz. «Langilea, eta feminista hutsa» ere badela esan du aktoreak. Bere auzokoak ziren Basauriko 11 emakumeen bideari jarraikiz, jakinarazpen garrantzitsua egin du: «Ez dugu inolako eraso sexistarik onartuko».
Plaza aldarri ugariz bete den arren, Palestinaren aldeko elkartasuna izan da nagusietako bat. Eta Gazan gertatzen ari den genozidioa ere hizketagai izan du pregoilariak: «Bilbo, jai denboran ere ez duzu besteen sufrimendua ahazten». Eta herritarrek oihukatu dute: «Palestina askatu!».
Jaietako «onena» txosnak direla esanez, txosnei kalte egiten saiatzeari uzteko exijitu du, eta elkartasun osoa helarazi die Lizarrako (Nafarroa) txosnei. Horrez gain, Bilbo «milaka langileren alaba» gisa deskribatu du, oraindik «fabrika usaina» duela adieraziz, eta «urrunetik datozen seme-alaba berriei» besoak zabaltzeko eskatu du. Era berean, besoak «luzatzeko» eskatu du, «arrazoi diferenteengatik urrun daudenei». Herritar ugarik berriro egin dute oihu: «Euskal presoak etxera».
Pregoia amaitzeko, «sorginak» diren Bilboren «bi alabek» irrintzia bota dute batera, eta Ugartek suziria piztu du. Hasi da festa Bilbon, eta Marijaiaren abestiarekin batera atera da balkoira jaietako ordezkaria, bertaratutako guztiak dantzan jarriz. Kanta amaitzearekin batera, euri tanta lotsati batzuk erori dira, baina ez dira nahikoa izan irinez bete diren herritarrak garbitzeko.
Egun osoa Marijaiaren zain
Jai giroa nabaria izan da aurretik Areatzan, baita inguruko kaleetan ere. Marijaia Arriaga Antzokiko balkoira atera aurretik, beraren zain eman dute egun osoa Bilbon. Konpartsak azken prestaketak egiten ibili dira goizean, bertatik pasatzen ziren herritarren begiradapean. Kide batzuk azken banderak eskegitzen ibili dira; beste batzuk, berriz, zerbitzatzeko barra atontzen.
Edalontzi bakoitza txosnako toki egokian jartzen zuen bitartean, Irene Ruiz Mekaguen konpartsako kideak esan du «oso pozik» dagoela, eta «gogotsu»: «Aste osoa daramagu hau prestatzen, eta urte osoa honetan pentsatzen; azkenean, heldu da eguna». Aitortu du «urduri» ere badagoela. Jaietarako zer nahi dituen erantsi du: «Ondo pasatzea, disfrutatzea, eta jai lasai batzuk edukitzea».
Konpartsek euren kamiseta, eta herritar askok zapi urdina; Aste Nagusirako uniformea prest izan dute goizetik. Kaleko saltzaileek dozenaka zapi urdin hartu dituzte esku bakoitzean, lepoan ezer ez zuten horiei eskaintzeko. Areatzan dagoen txurreria ere prest da aste osoan mila dozena inguru saltzeko. «40 urte daramatzagu etortzen», azaldu du Lorena Pina Ortegak. «Txurroak dira gehien saltzen direnak, baita patata frijituak ere», azaldu du. Bederatzi egun hauetan, hamar lagun ibiliko dira lanean, txandak eginez, herritarren gosea edonoiz asetzeko asmoz.
Indarrak hartzeko, konpartsakide bakoitzak bere txosnan bazkaldu du. Eta bazkalosteko logura saihesteko, urtero antolatzen duten jaitsierara abiatu dira konpartsakide guztiak arratsaldean. San Anton elizaren parean jarri da lehenengo konpartsa, Txinbotarrak, eta haren atzean joan dira gainerakoak jarriz, zubia gurutzatuz, kalejira luze bat osatuz. Bakoitza bere banderak astintzen ibili da, Palestinako bandera ugari tartekatuz.
Pregoilari bat eta txupinera bat agertu dira, baina ez dira Ituño eta Ugarte, Aiora Renteria eta Izaskun Pinedo baizik. Iazkoak. 17:00etarako hiru minutu falta zirenean, Txinbotarrak konpartsako kideak oihuka, txaloka eta txistuka hasi dira: agertu dira aurtengo pregoilaria eta txupinera. Saltoka besarkatu dute elkar aurtengo eta iazko jaietako ikonoek. Eta besarkada estuak ere eman dizkiote Ugarteri konpartsakideek.
Kalejirari hasiera emateko, suziria piztu du Pinedok, eta albo batean jarri dira, begiak malkotan zituzten Ituño eta Ugarteri tokia eginez. Gaiteroen doinuari jarraikiz, konpartsakideek euren bideari ekin diote, Alde Zaharrean barrena. Ur pistolek freskotu dute ibilbidea, baita balkoietan begira zegoen jendeak bota duen urak ere. Txarangek lagunduta, Alde Zaharra zeharkatu dute, Arriaga plazaraino iritsi arte. Guztiek batera egin diote ongietorria Marijaiari bertan. Poztasuna eta ilusioa izan dira nagusi egun osoan, eta bi osagai horiek agorrezinak izango dira hurrengo zortzi egunetan Bilboko Aste Nagusian.