Bilboko portuak meandro eta kurba asko zituen duela mende bat baino gehiago, eta itsasontzi gehienek ezin izaten zuten aurrera egin, oso sakonak zirelako. Hori horrela, ontziak itsasadarraren kanpoko aldean uzten zituzten, eta merkantziak gabarren bidez sartzen ziren hirira. Gabarra horiek zirga deituriko soka mota batekin arrastatzen zituzten hainbat kilometroz, itsasadarraren barruko aldean zeuden kaietaraino. Hain zuzen, zirgariak deitzen zitzaien lan hori egiteaz arduratzen zirenei. Haiek omentzeko asmoz, datozen asteetan Dora Salazar artistaren hiru eskultura jarriko dituzte Bilbon, itsasadarraren abaroan.
Salazarrek adierazi duenez, proposatu ziotenean istorio interesgarria eta kontatu beharrekoa iruditu zitzaion, baina esan du sortu dituen eskulturekin bere helburua ogibidearen guztiz kontrako interpretazioa nabarmentzea izan dela: «Tratamendu heroiko eta duina eman nahi izan diet, hala merezi dutelako». Horrez gain, Salazarrek adierazi dugarrantzitsua dela emakumeen artean elkartu, lagundu eta sareak ezartzeari buruz hitz egitea: «Ahaztu gabe gure aurrekoek pasatu duten guztiaren mende gaudela». Aitortu du proiektu horrekin aukera badu ahaztuta eta isilpean egondako langileei ikusgaitasuna emateko, berarentzat ohore bat izango dela.
Emakumeak izaten ziren zirgariak, gehienbat, eta betidanik azpimarratu izan da ofizio ankerra eta eskergaitza zela. Ez zen ondo ordaindutako lana, eta, ikerlarien arabera, nolabait langile klasearen azpitik zeudenek egiten zuten. Horren erakusle, denbora igaro ahala ofizioaren arrastorik ia ezin aurkitu izana. Hain zuzen, isilean gordetako istorioa da zirgariena. Ia ez dago haiei buruzko dokumentaziorik; are gutxiago, irudirik.
XIX. mendearen amaiera aldean izan zuen indar handiena ofizioak, baina ez zuen luze iraun. «Aurrez idien lana zen; idiak, baina, meatzeetara eraman zituzten 1870eko hamarkadan, mineralak garraiatzeko behar zituztelako, eta orduan jarri ziren pertsonak lanean. Hala ere, baporezko itsasontziak azaldu zirenean, 1890. urte inguruan, zirgarien lana desagertu egin zen», azaldu du Jaio de la Puerta ekonomiaren historian doktoreak. Hots, baporezko ontziak haien kabuz sartzen ziren itsasadarrean gora.
Makurraraziak
Olga Macias historialaria zirgarien inguruan ikertzen aritu da; hainbat lan egin ditu, eta behin eta berriz ideia bat nabarmendu du: informaziorik eza. «Itsasoari lotutako bestelako ogibideei buruzko informazioa egon, badago, baina zirgarien kasuan ez dago dokumentaziorik, eta familietan ere ez da ezagutzen lan horretan aritu zen aurrekaririk». Maciasek azaldu duenez, garai hartako egunkarietan agertzen denaren arabera, jateko eta sos batzuk ateratzeko beharra zutelako egiten zuten emakumeek lan hori. «Alta, zegoen lanik gogorrena zen, eta benetako beharra zutenek egiten zuten soilik».
Horrez gain, indartsua izatea garrantzitsua zen itsasontzia tiratu ahal izateko, baina gehienek ez zituzten baldintzak betetzen, eta irizpideak esangura galdu zuen denborarekin. Are gehiago, lanean ziharduten emakume askok desgaitasun fisikoak izaten zituzten. «Beste irtenbiderik ez zutelako egiten zuten, beraien baldintzengatik ez zutelako bestelako aukerarik: azken karta zuten bizirik irauteko». Maciasek penatuta dio zirgariengandik gelditu den irudia nahiko kaxkarra dela: «Egindako lan eta esfortzuagatik ez zuten halakorik merezi». Lauzpabost emakumeko taldeetan aritzen ziren, eta ibilbidean erreleboka jarduten zuten.
Susanna Martin historialari eta komikigileak, bestalde, Atzo, atzo, atzo zirgariei buruzko komikia argitaratu zuen duela bi urte. «Asko harritu eta kezkatu ninduen zirgarien inguruan inolako informaziorik inon ez aurkitzeak, eta haien aldeko aldarrikapen bat egin nahi izan nuen», adierazi du Martinek. Halaber, azpimarratu du bapore makinak iritsi arte hainbat emakume egoera eta baldintza ankerretan bizi izan zirela, inolako eskubiderik gabe. «Tratu txarrak jasaten zituzten; esklabismoaz hitz egin daiteke, eta garai hartan inor ez zen eskandalizatzen», gaineratu du. Dioenez, kazetari atzerritar batzuen kritika txikiren bat soilik egin zen.
«Istorio ikaragarria dute atzetik, eta gehien harritu ninduena zera izan zen, zer merkea zen haiek kontratatzea», adierazi du Martinek. «Merkeago ateratzen zen emakumeak kontratatzea itsasontziak tiratzeko, idiak baino; ikaragarria zen», gaineratu du. Halaber, nabarmendu du bizi zituzten muturreko baldintzak oso prekarioak zirela. Emakume horiek nolabaiteko diru-sarrera izateko modu bakarra gabarrak itsasadarraren kilometro guztietan arrastaka eramatea zen, itsasontziak zeukan pisua kontuan hartuz. Hala, edonor jartzen zuten beharrean, ez baitzen gutxieneko prestakuntzarik behar. Maciasek dio bazeudela zirgariak defendatzen zituzten herritarrak: «Baina hipokritak ziren». Denborarekin, egunkarietan irakur zitekeen itsasadarreko langile horien lan egoera gero eta kaskarragoa zela, Maciasek dioenez, baina nabarmendu du agintariek ez zutela aztertu ere egiten. «Ez zegoen sindikaturik; ez zuten inolako babesik».
Egun bakarrean lan egiteagatik jasotzen zuten diru kantitatea oso urria zen. Hori gutxi balitz bezala, Martinek aipatu du lanabesak haiek ordaindu behar izaten zituztela. «Animaliei baino begirune gutxiago zitzaien emakumeei. Idien lana baloratuagoa zegoen», salatu du. Hots, gizartean idi bat baino askoz beherago zeudela adierazi du. «Emakumetzat hartzen ez zituzten andreak ziren, inolako titulu eta langile klaserik gabeak», azaldu du Martinek. Maciasek, bestalde, azpimarratu du portuko lanetan ezinbesteko lana izanik ere ez zeudela errekonozituak: «Norbaitek egin behar zuen lana, halabeharrez, baina ez zitzaien eskertzen». Halaber, zirgariak ez ziren soilik Bilboko Itsasadarrean aritzen: Europa osoan zabaldutako ogibidea zen. Bilboko itsasadarrera, esaterako, atzerritik ere etortzen ziren. «Garai hartan, ibai nabigagarri guztietan egoten ziren», zehaztu du De la Puertak. Are gehiago, belaz nabigatzean, haizerik ez zegoen egunetan, itsasontziak porturatzeko ere behar izaten zituzten zirgariak.
Itsasadarrari begira
Bizpahiru kasu berezi salbu, zirgarien oroimenak ez du hiriaren historian iraun. Kasu horietako bat Indautxu auzoko talde feministarena da. Hain zuzen, Zirgariak du izena taldeak. Emakume horien istorioa jakin zutenean, proposamena gustatu, eta hala erabaki zuten taldeari izen hori jartzea. Hala ere, gero eta gehiago dira zirgariak oroitzeko sorkuntza lanak. 1879. urtean, adibidez, zirgariak protagonista zituen antzezlan bat sortu zuten Getxoko (Bizkaia) herritarrek. Bizkaiko Foru Aldundiak urtero banatzen ditu Zirgari sariak ere. Aurten, osasun langileek jaso dituzte.
Isildutako oroimenetik tiraka
XIX. mendearen amaieran, ontziak itsasadarrean gora mugitzen zituzten 'zirga' izeneko soka luze batetik tiraka. Zirgariak ziren horretan ziharduten andreak. Lan nekez hura gutxietsia eta ahaztua da: historialariek diote informazio gutxi dagoela. Haien omenezko eskulturak jarriko dituzte Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu