ATZEKOZ AURRERA

Isilarazitakoen memoria

Frankismoak 47 lagun hil zituen Larragan. Hildakoei, haien senideei, eta gutxiespena eta ahanztura sufritu zuten emakumeei omenaldi hunkigarria egin diete herrian.

Maravillas Lamberto iduri duen dantzaria, Josefina Lambertori lore sorta bat ematen, atzo, Larragan. J. MANTEROLA / FOKU.
Naiara Elola.
Larraga
2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Ez dut ahaztuko, eta ez dut barkatuko ere! 82 urte igaro eta gero, ez dakit non dagoen nire aita». Josefina Lambertorenak dira hitzok. Memoria historikoaren ikur bilakatu den Maravillas Lambertoren ahizpa da. Larragan (Nafarroa) Frankismoak hildako 47 herritarrei eta haien senideei atzo egindako omenaldian parte hartu zuen. Ia 90 urte ditu, baina ez dago 1936ko abuztuaren 15ean gertatu zena ahazteko prest. Udako gau bero hartan, 14 urteko ahizpa Maravillas eta aita Vicente atxilo eraman zizkion guardia zibil, falangista eta errekete talde batek. Aita aurrean zela bortxatu zuten Maravillas. Gero, biak tiroz hil zituzten. Krudelkeria hori aski ez eta, Maravillas Lambertoren hilotza txakurrek jan zezaten utzi zuten hiltzaileek. Haren arrastoa betiko desagertu zen, herriko hainbat nekazarik gaztearen gorpuzkiak gasolinaz erre ostean. Aitaren berririk, aldiz, ez dago. Josefina Lamberto han eta hemen bila aritu den arren, aitaren berririk ez du izan hilketaz geroztik.

Larragako sarreran dagoen Memoriaren Parkean hasi zen biktimak gogora ekartzeko ekitaldia, Maravillas Lamberto elkarteak antolatuta. Jendez bete zen parkea. Aurten, aipamen berezia egin diete frankismoak errepresaliatutako emakumeei: «Bakardadean, isiltasunean, ilea larru-arras motzarazita, ondasun guztiak lapurtuak zizkietela, eta inoren babesik gabe familia aurrera atera behar izan zutelako».

Garesko joaldunek lagunduta, kalejiran joan ziren lambertotarren etxera. Maravillas Lamberto izena duen kaleko 3. zenbakian dago etxea. Utzita dago oso; ez da inor bizi egun. 1936an hil zuten gaztearen ahaide batzuena da. Han Maravillas Lamberto bizi izan zela adierazten zuen kartela jartzeari uko egin zioten. Ez dute atsegin eraikina frankismoaren jazarpenarekin lotzea. Hala ere, herrian ondo gogoan dute etxe horretan zeintzuk bizi ziren. Horregatik, eraikin aurrean, aurreskua dantzatuz, omen egin zieten giza krudelkeria sufritu zuten larragar guztiei.

1936an gertatu zenak eragin handia du herrietako bizikidetzan, oraindik ere. Izan ere, Euskal Herriko beste herri askotan bezala, frankismoak Larragan arrakala handia eragin zuen. Oraindik ere, herria bitan banatuta dagoela diote askok. Soraya Lopez Maravillas Lamberto elkarteko kideak argi du: «1936an gertatu zenaz ez dute hitz egiterik nahi; gauzak bere horretan uztea nahi dute». Ziurrenik arrazoi horregatik, Maravillas Lambertok eta haren aitak udaletxerako bidean egindako ibilbidea gogoratzeko egindako ibilaldian inor gutxi zegoen leihoetan begira. Behin baino gehiagotan, oinezkoak iristear zirela itxi zituzten zenbait bizilagunek pertsianak.

Hala ere, oztopoak oztopo, azken urteetan, memoriaren alde aurrerapauso handiak eman dituzte Larragan. Maravillas Lamberto elkarteak herrian dagoen arrakala hori arindu nahi du, baina ez ahanzturaren bidetik. Horregatik, aurten, aitorpen berezia egin diete emakume errepresaliatuei. Faxismoak burusoildu, bortxatu eta erail zituen emakumeen oroimenez testua zuen pankarta paratu zuten Foruen plazan. Izan ere, Lopezen iritziz, urte luzez urratu den eskubidea da aldarrikatzen dutena, gertatu zena kontatzeko eskubidea alegia. Josefina Lambertok berak onartu duenez, isilpean eraman behar izan zuen bere familiak sufritutakoa. Ahizpa eta aita hil ondoren, herria utzi egin behar izan zuen, ama eta Pilar ahizparekin batera. Txiro eta herritik urrun bizi izan ziren, frankistek ondasun guztiak kendu zizkietelako.

Egiaren malkoak

Foruen plazan egin zen eguneko ekitaldi nagusia. Une hunkigarriz josia egon zen, gainera. Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuk eta Fermin Balentziak Maravillas Lambertori egindako abesti bana abestu zuten. Lehen aldiz hartu zuen Urbizuk parte Larragako ekitaldian. «Berezia da hemen Maravillas abestea», esan zuen musikariak. «Haren ahizpa ezagutzeko aukera izan dut. Uste dut garrantzitsua dela ahanzturaren zingiran itotakoa gogoratzea», gaineratu zuen, Maravillas kantako leloko hitzak erabiliz.

Josefinak ezin izan zien malkoei eutsi, neska bat Maravillas ahizpa balitz bezala jantzita beste dantzari batzuekin dantzan ikustean. Frankismoaren aurreko garaia ekarri zuten gogora. Horregatik, agertokira igo zenean, 1936ko abuztuaren 15ean gertatutakoak eragin zion barne min horrekin hartu zuen hitza. «Ez dut ezer ahaztu. Nik egia predikatzen dut. Zelaiak eta soroak hankaz gora jarri ditugu, eta oraindik ez dugu lortu nire aita non dagoen jakitea. Horregatik diot ez dudala frankistek egin zutena ez ahazten ezta barkatzen ere». Larragan hildako 47 lagunen senideek, eta frankismoaren biktimek orokorrean, «egia» nahi dute, gertatu zenaren aitorpena. Urteetan isilarazita egon den «krudelkeria» ahanzturatik atera eta memoria eraikitzea da haien nahia, elkartekoek ekitaldian esan zutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.